Karrantzan sartu bezain laster, Pozalaguako kobazulora doan bidearen hasiera aurkituko dugu, errotulu batek argi adierazita. Igoera latza autoz egiteko, azken zatia batez ere, baina helmugan sari ederra dago: alde batetik, Ranero haitzen ingurune ederra, haranaren ikuspegi paregabea eta guzti; bestetik, noski, Pozalaguako leize-zulo zabalera sartzeko aukera. Hala egiten duenak munduko estalaktitarik bitxienetakoak ikusiko ditu. Estalaktita eszentrikoak, alegia. Leizearen erdian dagoen aretoko sabai osoa betetzen dute, eta esan liteke grabitate legeei aurre egin nahi diotela, jaio ostean gorantz itzultzen baitira berriro, era guztietako itxurak hartuz, elkarrekin korapilatuz eta batzuetan sabaiarekin ostera ere elkartuz. Munduan halako estalaktita gehien daukan kobazuloa da. Bisita egiteko oso ondo atonduta dago gainera.
Pozalaguatik errepide nagusira itzulita, kilometro pare bat baino ez dugu egin beharko Karpin Abentura parkera ailegatzeko. Parkeko zatirik handiena Karpin Animalia da, eta bertan hamaika piztia bizi ikus ditzakegu, batzuk nolabaiteko askatasunean: hartzak, otsoak, katamotzak, pottokak, saiak... Gainera, desagertutako animaliei eskainitako aldeak ere badaude. Terrasauron, dinosauroak dira jaun eta jabe; Gastornisland izenekoan, berriz, dinosauroen ostean planetaz jabetu ziren espezieak, gu geu barne. Umeak eramateko leku polita da Karpin, baina kontuz, txikienak kikildu egiten baitira gezurrezko tiranosaurioak orro egiten duenean. Gurasoren bat ere bai, egia esan behar bada.