argia.eus
INPRIMATU
Gaztainondoaren kalparra
Jakoba Errekondo 2006ko ekainaren 25

Udaberriaren erdirako udako beroan sartuak ginen. Aurtengoan ere ez dugu berehalakoan pasea… Landare batzuk bero hauek iritsi baino lehenago urteko lanak eginda izatea gustuko dute, gereziondoa kasu: loratzen aurrenetakoa da eta ekainaren erdia alderako, udako solstiziorako, fruituak mokoera eta eskuera jarriz urteko lan gehienak burutuak ditu.

Aldiz, eguna moztu eta gaua luzatzen hasten den garai modutsu hau hautatua du gaztainondoak bere urteko ugaltze-lanei hasiera emateko. Amorratua zer da, berozalea! Dagoeneko zuhaitz gehienek lorealdiaren estresa ahaztua eta ondobidean fruituranzkoan dira. Gaztainondoa ez. Udaren eztandarekin batera hosto berri berrien soinekoaren gainean kalpar laru mardula askatzen du harro. Ederki asko nabarmenduko da urrutira gainontzeko zuhaitzen berdeen artean. Kalparra arra beteko loretzar arrak dira, saltoan bata azpikoaren gainera jausiz burutik lurrerainokoa osatuz. Azpian, arren harroaz lotsa, daude emeak, arrei beroarena kendu eta isil isilik udararena berea egin eta ederki kostata udazkenerako fruituak trikutuko dituztenak.

Gaztainondoa landare kolonizatzailea da. Gaztainondoa eta gereziondoa bera, muxika, aranondoa, intxaurrondoa, abrikotondoa… erromatarrek ekarriak omen dira. Ekialderagoko kulturetatik hartu eta zabaldu zituzten, nor den inperio guztien legez, luberrietan berea ezartzeko. Uztak biltzeko saski, otar, otzara, zesto, lepotar, kopotar, zare, barrikoteen eta barriken uztaiak… egin dira gaztainondoaren zuraz eta behingoz kanpo librean eraikuntzak, itxiturak eta abar egiteko egur on bat topatu zuten, busti-lehorrean gaztainondoak adina irauten duen egurrik ez baita ezagutu sasi-akazia amerikarraren inbasioa arte.

Jai eta ospakizun sasoi honetan, gaztainondoaren kalparrari begiratu eta oraindik geure artean ditugun erromatarren lana antzeman; gero segi solstizio olgetan.