argia.eus
INPRIMATU
Ruben Ruiz: «Pertsonaia guztiek Saioarekiko bi aurpegi erakusten dituzte»
Pilar Iparragirre 2006ko maiatzaren 28a
Nola sortu zitzaizun ipuin hau egiteko ideia?
Haur hezkuntzako maisua naiz Nafarroan, eta behin, gelan geundela, halako batean argia joan egin zen. Orduan nik galdetu nien haurrei: nora joan ote da argia? Eta ni neu geratu nintzen galderarekin. Eskolatik etxerako bidean kotxez egiteko kilometro nahiko nituenez harantz nindoala galderari eutsi nion, erantzuna aurkitu nahian. Eta azkenean ideia biribildu nuen, eta liburuxkan dago horren emaitza.

Ipuinaren estrukturari dagokionez, zer egin zenuen?
Bi zati oso nabarmenak ditu. Hasierakoan, Saioa protagonistak, bost-sei urteko neskatoak, aurpegi ozpinduak jasotzen ditu leku guztietan: amarena, bizilagunaren txakurrarena, maistrarena... Gero, ipuina ailegatzen da puntu batera zeinean argia desagertzen den eta Saioarekiko lehengo aurpegi ozpinduak aurpegi gozo, ezti eta maitakorrak bilakatzen diren. Eta horretaz ari garela, liburua dela-eta Jokin Mitxelenari eskerrak eman nahi nizkioke, egin dituen marrazkien balioagatik, izugarri errazten baitute ipuinaren irakurketa.

Nortzuk dira Nora joan da argia?ko pertsonaiak?
Saioa bera, honen ama, Xugux txakurra eta haren jabea, eta eskolako maistra. Guztiak bi aurpegi erakusten dituzte. Izan ere, ipuin honetan islatu nahi izan dudana helduek haur txikiekin izan ohi dugun jarrera da: alde batetik oso gozoak izan ohi gara, baina bestetik errieta egiten diegu oraindik arauak, ohiturak eta hori guztia ez dutelako oso barneratua. Gero, jada adinean gora doazenean, akaso erlazio horretan oreka bat etorriko da, baina lehen urtetan errieta asko jasotzen dituzte.