argia.eus
INPRIMATU
Bizimodua zaratatik urrun
2006ko maiatzaren 21
Jendeak herrietatik alde egiten du, baina badira kontrakoa aukeratu dutenak ere. Erreportajean zehar aipatu ditugun herrietako desabantailak jasaten dituzten arren, hirian baino gusturago bizi dira mendi artean. Maite Madoz Iruñean jaio zen, baina ama Zaraitzukoa du. 1998an, Otsagabia gustuko zuelako eta bertako mutil batekin maitemindu zelako, herrira joan zen bizitzera. Beste lagun batekin, Mendixut herri aldizkaria sortu zuen eta pozik bizi da Pirinioetan. Dena den, azken hamar urte hauetan herriko ia gazte guztiak joan direla eta gogorra dela dio. Lehen, hiruzpalau taberna zituzten bertan, orain bakarra dute eta denda ugari itxi dituzte. Gero eta urriagoak diren zerbitzuez kexatu da eta ez du pentsatu ere egin nahi seme-alabek 16 urte betetzen dituztenean ikasten jarraitzeko izango dituzten arazoetan. Hala eta guztiz ere, argi dauka etorkizunean herrian jarraituko duela, umeak bertan hazi nahi dituelako, herritarrekin harreman hurbila duelako eta «leihoa ireki eta mendia ikustea Iruñeko kaleak ikustea baino atseginagoa delako». David Salbotxek 31 urte ditu eta ama Bidankozekoa du. Txikitatik Iruñean bizi izan bada ere, askotan bisitatu du herria. Duela bost urte inguru, hiriburuaz aspertuta, natura eta lasaitasun bila Bidankozen gelditzea erabaki zuen. Landetxea eraiki eta turismotik bizitzeko asmoa du orain. Herrian 44 lagun baino ez dira eta bakoitzak bere bizimodua egiten omen du: paseatzera edo ehizatzera joan, mendian ibili edo baratzean aritu. Ez daude gazte asko eta lau lagun herriko tabernan elkartu ohi dira, «eta lau diodanean zehazki lau gara, ez gehiago». Erronkarin eta Izaban gazte gehiago biltzen dira eta kultur dinamika oparoagoa dute. Elkarte ugari daude eta hainbat gairen inguruko tailerrak eta zinema zikloa egiten dituzte. Oro har, giro lasaia nagusitzen da zonaldean eta hain zuzen ere hiriko estresetik ihesi, bake hori hautatzen du hainbatek.