argia.eus
INPRIMATU
Olatz Talaveraren gogoetak selektibitateari buruz (Iaz gainditu zuen azterketa Urruñako ikasleak)
2006ko maiatzaren 07a
Selektibitateari buruzko gogoetak idaztea eskatu didate eta, laster urtea beteko duten oroimenetan murgildu naiz. Eta ah! zer etsipen sentimendu etorri zaidan gorputzera. Lan gehigarri bat suposatu zuen. Izan ere, gogoratzen dut ostiraletan klaseak amaitu ondoren nola Hendaiara joaten ginen beste bi orduz selektibitatea prestatzeko. Ordu batzuk eman genituen aurkeztu beharreko gai bakoitzerako, nahiz eta baliagarriak izan ziren, urte bateko programa menperatzeko ez zen urrundik ere nahikoa izan. Han ibili ginen baxoa gainditzeko jo ta su eta selektibitaterako jo ta ke. Gaindituko ez nuenaren sentipenarekin, baina erraten den bezala, "ez bada saiatzen ezin lortu". Halere, gogorrena selektibitatea pasatzera joan behar izan zenean izan zen. Nik uste nire kasuan behintzat, baxorako urduritasun guzia hor hustu nuela. Horretarako behintzat eragin positibo bat izan zuen. Azterketa egoeran ezarri baininduen eta ondorioz aurre prestaketa gisako bat izan baitzen. Baina horrek ez du kentzen saihestu ahal izan banu saihestuko ez nukeenik. Ez baitzait bidezkoa iruditzen, alegia, eskubideen zanpaketa bat baita nire hizkuntzan eta nire herrian ikasteko azterketa gehigarri bat egin beharra. Hor izan genuen froga, gure mailako 50 bat ikasletatik soilik 8 ausartu ginen selektibitate frogen egitera joatera, lan gehigarria da eta gaztelania menperatzea nahitaezkoa zitzaigun, beste hainbat gauzaren artean.
Azkenik, selektibitatea egindako modu eta baldintzengatik, ni, gainditu ez banu bezala atera nintzen, ezinezkoa iruditzen baitzitzaidan horrenbeste gauza ikastea hain epe laburrean.
Beraz, aurten aurkeztuko direnei zorte ona opa diet, eta ea hurrengo urteetan selektibitatea kentzen duten, eta baxoaren baliozkotzea nahiko bilakatzen den, Iparraldeko beste ikasle gehiagok beren hizkuntzan ikasteko aukera izan dezaten beraien herrian, asko baitago jokoan.