argia.eus
INPRIMATU
Donaldson Guernica-n
IƱigo Aranbarri 2007ko otsailaren 21a
Goata artean gorde izan duen argazki horietako bat du oroimenak Bobby Sands-ena. Irribarretsu, txima luzeko, horra Irlandako gatiburik ezagunena zuri-beltzezko argazkian. Long Kesh-eko espetxean aterea da erretratua, 1981eko gose grebaren aurretik. Esaten da, protesta gau luzeetan, bere poemak irakurtzen zizkiela lagunei, eta hauen malkoak, aske zirela. Irlandako ez ezik mundu guztiko presoen duintasunaren aldeko greba hartan hil zen Sands, diputatu zela. Hori guztia batzen zuen argazkiak, eta oroimenak gordetzea erabaki zuen.

Apirilaren 4an, ordea, koadroa handitu du kameraren begiak. Argazki moztua zen ezagutzen genuena. Sands ez dago bakarrik. Lagun bat du alboan, presoa hau ere, besoa gainetik duela, ile kizkurdun eta begi bixiko. Denis Donaldson da. Abenduan aitortu zuen britainiar zerbitzu sekretuen satorra zela irlandar errepublikarren baitan. Lau hilabetera, hilda agertu da, tiro bat paparrean.

Etsai etxekotuaren itzalak, alferrik ukatuko dut, beste neurri bat eman dio argazkiari. Badakit hemendik aurrera oroimenak beste nolabait gordeko duena, keizu handiago batez, seguruenik. Non dago hurrena, zenbat Donaldson daude gure argazki maiteenetan?

Araka aritu naiz oroimenaren albumean. Familiakoak, lagun artekoak, etxetik urrun ezagututako jendea... traidorerik? Ez, nik dakidala, baina ez da hori, hain justu ere, sator onaren eginbeharra? Halako batean, gelditu egin naiz. Bada balio sinboliko handidun argazki bat, paperean, egurrean, zeramikan, zilarrean erreproduzitua. Hamaika bider ikusi ostean ikusi nuen benetakoa. Hala esan du Javier Maqueda EAJko senadoreak ere: "Ez da etxerik Euskadin erreprodukzio bat ez duenik". Datorren urtean, Gernikaren bonbardaketaren 70. urteurrena betetzen dela eta, Picassoren Guernica Bilbora ekartzeko eskatu dute PSOEk ez beste talde guztiek Espainiako Senatuan.

Oihartzun zaharrak dakartza berriro hasi den eztabaidak. Ea 7,80 bider 3,50eko sugar handi horrek non behar duen, ondo gordean dagoen museoan ala pinturaren sufrimendua jarri zuen herrian. Ez duela beste traslado bat jasango diote batzuek, balio sinboliko handia duela besteek. Sandsen argazkia bezala, enkuadrea handituz doa hemen ere, ordea. Guernica-n, ume hilari bularra ematen ari zaion emakumearen ondoan, besoa sorbalda gainean duela, gizon bat dago, ile kizkurdun, begi bixiko.

Bere garaian, Picassok izan zuen aukerarik sufrimendua jarri zuen herri hartako agintariek koadroaz zuten iritzia batzeko. Errepublikako ministro zen Manuel Irujo "amorrarazi" egin zuen Parisko atelierrean ikusi zuenean; Jose Maria Uzelai pintore ofizialak, "artelan legez, munduan egin izan den txarrenetakoa da" adierazi zuen. Julio Jauregi senadore jeltzaleak bitartekari lanak egin eta Picassorengandik "Agirre lehendakariak eskatzen badit, Guernica zuentzat da, euskaldunontzat" jasota, gogoa hauspo, oinak hegan, Agirrerengana iritsi zenean, ez zuen bestelakoa izan erantzuna: "ez da nire gustukoa, niretzat ez du deus balio".

Gerogarrenean, frankismoaren gau luzeak bihurtu zuen "koadro itsusi" hura herri zapalduaren sinbolo. Orain, balio sentimental horren ustezko bermearekin, ukatua eskatzen da. Eskatzaileek Picassoren lanaz duten iritzia ez da askorik aldatu: "Beharbada haren balio estetikoa ez da gehiegizkoa, ez bada Picassok margotua izatea, baina duen balio politikoa neurtezina da guretzat", azaldu du berriki Joseba Zubiak EAJren bozeramaileak.

Baina nago zintzotasun politikotik egindako adierazpenok, azken batean barren naif-enak baino ez dituela asaldatu. Donaldson agertu delarik taupaden berora, zer da dakiguna? Estetikaren kezkak ez direla politikarenak, eta sortzaileak zein hauen lana, berdin Guernica zein Nire aitaren etxea, hobariaren arabera direla erabilgarri haientzat. Horra argazkian, enkuadrea doi zabaltzen badugu, ikusten dena. Emozioaz haragoko itzala. Etsai etxekotuarena.