Txernobil: 20 urteko malkoak


2006ko apirilaren 16an
Txernobilgo zentral nuklearra inguratzen duen esklusio perimetroaren aurrean dagoen segurtasun kontrola zeharkatu ondoren, gure ibilgailua ziztu bizian doa oihan bakartietan barrena. Ez da inon bizitza arrastorik ikusten, erabat kutsatutako baso isila besterik ez dugu begi aurrean. Basoan kartelak ageri dira, sute batek eragingo lukeen arriskua iragartzen duten kartelak, sutea gertatuz gero atmosferara elementu erradiaktibo mordoa jaurtiko bailitzateke. Azkenean, Txernobil hiria erakusten duen kartela azaldu zaigu. Hirian oraindik ere jendea bizi da, batez ere planta ixteko prozesuan zentralean lanean dabiltzan langileak. Azken erreaktorea 2000. urtean itxi zuten behin betiko, nazioarteko komunitateak Ukrainako gobernuari egindako presioen ondorioz eta etorkizunean diru laguntzak emango zizkiotela zin egin ondoren.

Zentral nuklearrera hurbiltzen ari garela, gure inguruko airea solidotzen bezala sentitzen dut. Inguruak xaloa dirudi, berde kolore distiratsua dauka; baina eszenatoki bukoliko horren azpian, datozen mendeetan iraungo duen eta belaunaldi osoei eragingo dien kutsadura hilgarria ezkutatzen da. Han urrutian azaldu zaigu azkenean zentralaren irudia, tximini eta elektrizitate zutoinez osatutako multzo anarkikoa; laugarren erreaktorearen irudi ikaragarria da gehien nabarmentzen dena, hormigoizko horma handiekin estalita dagoen hura.

Erreaktorea lehertu zenean, Sobietar Batasun osotik etorritako suhiltzaileak eta langileak buru-belarri aritu ziren sutea itzaltzeko lanetan eta egoera kontrolatu nahian. Larrialdiko lan haietan erabateko kaosa izan zen nagusi, neurri batean Sobietar Batasuneko goi mailen aldetik izan zen desinformazioarengatik, ahal zen informaziorik gehiena sekretupean eduki nahi izan baitzuten. Baina egoera hain dramatikoa izanda ere, sutea itzaltzea lortu zuten, eta handik aste gutxira estalkia eraikitzen hasi ziren, ingurura erradiaziorik zabal ez zedin eta hondakin erradiaktiboak behar bezala biltegiratuta gera zitezen. «Sarkofagoa» (izen hori jarri zioten hormigoizko estalkiari) azkar baino azkarrago bukatu zuten; azarorako erabat osatuta zegoen. Leherketaren ondorengo hilabeteetan gau eta egun lanean aritu ziren ehunka mila pertsonek baldintza txarretan jardun behar izan zuten; gehienak ez zeuden batere prestatuta gertakari nuklear hain larriari aurre egiteko, eta haiek izan ziren erradiazio altuen eragina pairatu behar izan zuten aurrenekoak, ez zeudelako behar bezala babestuta. Hogei urte hauetan, zentral nuklearra eta inguruak garbitzen aritu zirenetako asko hil egin dira edo arrastoak gelditu zaizkie erradiazioen ondorioz, baina inoiz ez da ikerketarik egin erradiazioek gaixotasun horietan daukaten eragina zehatz-mehatz argitzeko.

Hogei urte joan dira, eta arazoak bere horretan jarraitzen du, izan ere sarkofagoa baldintza negargarrietan baitago. «Sarkofagoa ez da egonkorra. Oinarriak erreaktorearen beraren hormak dira eta okertuta daude; pisu handia eusten dute eta arriskua dago egitura osoa behera etorri eta barruan oraindik harrapatuta dagoen hauts eta material erradiaktibo guztia ingurunean zabaltzeko. Gainera, sarkofagoa ez dago zigilatuta eta, euria egiten duenean, ura barrura sartzen da eta horrela egitura azkarrago hondatzen da» adierazi digu zentraleko arduradunetako batek. Bere bulegotik ikusten da sarkofagoaren irudi tetrikoa, ehun eta gutxi metrora, herdoil kapa triste batek estalia. «Ez dakigu ziur zenbat material erradiaktibo dagoen oraindik hondakinen azpian, baina berrehun bat tona daudela kalkulatzen dute. Toki askotara ezin da sartu; gehienetara, erradiazio handia dagoelako (leku batzuetan 3.400 roentgen orduko mailara iristen da), baina beste batzuetara, blokeatuta gelditu zirelako leherketarengatik. Gaur egun, nazioartearen eta European Bank for Reconstruction-en laguntzarekin, barrualdea egonkortzen ari gara, sarkofagoa jausteko arrisku handia gutxitzeko, nahiz eta lan baldintzak oraindik ere oso zailak eta erradiazioak oso handiak diren. Egonkortze lanak 2007an bukatzea aurreikusita dago, eta hori lortzen denean, beste sarkofago batekin estaliko dugu, 2008aren bukaera aldera, epeak betetzen badira».

Zentraletik kilometro gutxira dago Pripiat izeneko hiri mamua, apokalipsiaren ondorengo garaian kokatutako pelikula bat egiteko egoki askoa, inondik ere. Pripiatek 50.000 biztanle zituen; askok zentralean lan egiten zuten edo langileei zerbitzuak eskaintzen zizkieten. Laugarren erreaktorea lehertu zenean, hilaren 26 hartan, agintari sobietarrek isilpean gorde nahi izan zuten gertakaria, nola edo hala egoera konponduko zutelakoan. Leherketa gertatu eta handik bi egunetara jakinarazi zieten agintariek Pripiateko herritarrei zentralean arazo bat zegoela eta etxeetatik segituan alde egin behar zutela inguruko kutsadura garbitzeko prozesuari hasiera emateko; laster bueltatuko zirela etxeetara esan zieten. Hogei urte pasatu dira, eta hiriak denboran izoztuta bezala jarraitzen du; landareak besterik ez dira hazi denbora honetan guztian, eta poliki-poliki landare horiek hartu dute gizon-emakumeek utzitako lekua. Kaleetan barrena noala, isiltasunak harrapatu nau; leiho puskatuen artean alde batetik bestera dabilen haizearen txistuak besterik ez du hausten hemengo gelditasuna. Garai batean bizitzaz gainezka egon ziren eraikinetan sartu naiz eta bat-batean desagertu zela dirudien iraganeko arrastoekin egin dut topo; gauza guztiak hortxe daude, jabeek utzitako leku berberean: liburuak eta ikasleen idatziak eskolan, ohatilak eta tresnak ospitalean, panpin hautsi bat, garai bateko kartel komunistak... Gizakiaren suntsipen ahalmenaren adierazgarri den monumentu makabro honetatik atera baino lehen, zenbait minutu egin ditut jolas parkean; hiri osoko lekurik zirraragarrienetakoa iruditu zait. Parke honek inoiz ez ditu umeen barreak entzun, inoiz ez ditu gurasoak ikusi seme-alabak zaintzen. Parkea 1986ko maiatzaren 1ean inauguratu behar zuten baina... egun hartan Pripiat jadanik ez zen existitzen.

Chernobiletik distantzia batera, esklusio perimetroaren barruan, Opachichi herria dago. Etxe gutxi batzuetan oraindik jendea bizi da, baina etxe horietara doan bidea landareek hartu dute; landareek irentsi dituzte poliki-poliki puskaka erortzen ari diren erdi eraitsitako egurrezko etxeak ere. Nicolai eta Anastasia aurkitu ditugu etxe zaharraren ondoan daukaten baratze txikian lanean. 81na urteko bikotea osatzen dute, eta Txernobilgo istripua inoiz gertatu izan ez balitz bezala jarraitzen dute bizitzen. Nahiz eta txiroak diruditen, oso harrera ona egin digute, eta etxean sartzera gonbidatu gaituzte zerbait jan eta edatera. Egurrezko aulki zarpailetan eserita gaudela, 1986ko apiril urrun hartaz galdetu diet. Nicolaik irribarretxoa egin du; Anastasia, aldiz, sukaldean hara eta hona dabil, jateko arin bat prestatzen. «Oso ondo gogoratzen ditut egun haiek -esan du Nicolaik-, leherketa gertatu eta handik egun batzuetara etorri ziren agintariak. Gogoan dut une haietan ez zitzaigula informazio garbirik iristen. Denok alde egin behar genuela esan ziguten, baina hiru bat egunetan itzuli ahal izango ginela etxera. Inork ez zuen sinetsi. Jendeak negar egiten zuen, bagenekien dena galduko genuela; jende askok ez zuen joan nahi izan, baina behartu egin zituzten, eta hartu ahal izan zituzten gauza guztiak hartuta joan ziren, ziur asko berriro ez zirela bueltatuko jakinda. Hainbat lekutara eraman gintuzten: beste herri batzuetara, baserri partekatuetara, familiartekoen etxeetara...». Anastasiak irribarre garden bat bota digu prestatu duen jatekoa proba dezagun. Arrautzak, salamia eta gazta Nicolaik prestatutako pattar fuertearekin lagunduta irensten ditugun bitartean, Anastasiak hartu du hitza. «Gu seme-alabekin bizitzera joan ginen, baina itzuli egin nahi genuen. Bizitza osoa hemen eman dugu, eta urte pare baten ondoren bueltatu eta hemen ekin genion berriz gure bizitzari». Erradiazioen arriskuari buruz galdetzerakoan, barre egin du: «dagoeneko baditugu 81 urte, eta erradiazioen eraginez edo bestela, berdin-berdin hil beharko dugu; beraz, ez dugu erradiazioen beldurrik. Gure baratzeko produktuak jaten ditugu, eta oraingoz ondo gaude. Batzuetan tristatu egiten gara ia bizilagunik ez dagoela ikusita, guk bezala itzultzea erabaki zuten zahar gutxi batzuk besterik ez daudela konturatuta, baina batak bestea daukagu, eta horrekin nahikoa dugu».


Kaltetuak

Zoritxarrez, Txernobilen gertatutakoaren ondorioak zentrala inguratzen duen esklusio perimetroa baino haratago iristen dira. Haizeak eta euriak urruneko latitudeetara eraman zuten material erradiaktiboa: substantzia erradiaktiboen bi heren Bielorrusiara erori ziren, eta gainontzekoa Ukrainako iparraldera eta Errusiako Briansk eskualdera. Kalte ekologikoak handiak izan ziren: nekazaritzarako berriz inoiz erabili ezin izango diren milaka hektarea kutsatu ziren, eta baso osoak milaka urterako pozoitu. Baina gizakiek izan zituzten kalterik larrienak, inguru kutsatuetan hazitako edo erradiazioen ondorioz kromosomak kaltetutako gurasoengandik jaiotako umeek batez ere. Hondamendiak gizakiengan zuzenean eragindako ondorioak baloratzea zaila bada ere, Eugenia Stepanovak, Kiev-eko Erradiazio Medikuntzaren Zentro Zientifikoko Pediatria Saileko buruak, gaur egungo egoera azaldu dit: «Zentral nuklearra eta inguruak garbitzen aritu zirenen seme-alabek dituzte kalterik handienak, eta haien atzetik, gaur egungo esklusio perimetroak hartzen duen eremuan bizi zirenen seme-alabek. Ohiko gaixotasun kroniko asko dago helduen artean, anormaltasunak dauzkate sistema inmunologikoan, gero eta haur gehiago dago akats genetikoekin, eta gaixotasun gastrointestinalak daude, azken horiek elikagai kutsatuak jateagatik gorputzaren barruan sortzen diren erradiazioek eraginda. Ospitale honetan dauden haurretako batzuk eremuaren ondoan bizi dira eta beraien familiek baratzetan landatzen dutenari esker edo perimetrotik kanpora egon arren kutsatuta dauden eremuetan larrean ibiltzen diren behiengandik lortutako produktuak janez bizi dira». Kasurik ikaragarriena zentrala eta inguruak garbitu zituztenena da: erradiazioen ondorioz, beraien kromosomak oso kaltetuta gelditu ziren. Horren adierazgarri esanguratsuenetakoak dira sailak egindako ikerketaren bidez lortutako datuak, izan ere ikerketaren bidez egiaztatu baita Ukrainako erregistro nazionalean dauden datuen arabera garbitzaileek 1986az geroztik izandako 13.136 seme-alaben artetik 1.191 jaio zirela garapen akatsekin edo mutazioekin.

Biologia Zientzietan doktorea eta Save the Children of Chernobyl fundazioko buru den Natalia Preobrazhenska-k argi dauka aukera handi bat alferrik galdu dugula. «Tamalgarria da erradiazio nuklearrek gizakiengan dauzkaten ondorioak ikertzeko laguntzarik inoiz ez jaso izana; lobby nuklearra oso boteretsua da, diru asko mugitzen da energia nuklearraren inguruan, eta jende asko dago energia nuklearraren benetako arriskuak ez ikertzeko eta arrisku horiek jendeari ez jakinarazteko interesa daukana. Gizakiak aukera dauka hondamendi handi honetaz baliatuz energia nuklearraren ondorioak ikertzeko, etorkizunean gerta litezkeen arazoak aurreikusteko eta energia mota honek duen arriskuaz ohartzeko, baina aukera hori alferrik galtzen ari gara». Kiev-eko Ajmadit ospitalean drama dramaren atzetik dator, eta medikuak zer egin jakin ezinik daude, gaur egun ohikoak diren gaixotasun asko orain dela hogei urte ia existitu ere ez baitziren egiten. Erizaina zortzi urteko Victoria neskatxari zauriak sendatzen ari den salara sartu naiz. «Hau dena hankan zauri txiki bat egin zuenean hasi zen. Zauri txiki bat besterik ez zuen, baina egun batzuk beranduago zauri berriak ateratzen hasi zitzaizkion gorputz osoan, eta argaltzen hasi zen», azaldu dit umearen amak, negar zotinka. Preobrazhenska doktoreak adierazi dit erradiazioek sistema inmunologikoa ahultzen dutela eta horrek eragiten dituela Victoriarena bezalako kasuak edo ospitalean dauden beste hainbat umeenak bezalakoak.

Nahiz eta medikuek egiaztatu duten gaixotasun eta patologia zehatz batzuk nabarmen gehitu direla leherketaren aurreko egoerarekin alderatuta, ez da oraindik inolako ikerketarik egin gehikuntza horretan erradiazioek dauzkaten zuzeneko ondorioak frogatzeko, eta dirurik ere ez da jarri halako ikerketak egiteko. Osasunerako Mundu Erakundeak eta Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak tiroideetako minbizia besterik ez dute onartzen material erradiaktiboarekin zuzenean lotutako gaixotasun bakartzat. 131 iodo kopuru handiak xurgatzearen ondorioz sortzen da gaixotasuna; substantzia horrek bizitza laburra du, baina tiroide guruinean pilatzen da eta minbizia sorrarazten du. OMEren arabera, 1995ean tiroideetako minbiziaren kasuak hondamendiaren aurretik baino 285 bider ugariagoak izan ziren Bielorrusian, eta zoritxarrez egoera honek ez du oraindik muga jo, eta datozen urteetan gero eta kasu gehiago azalduko direla aurreikusi da. Nazio Batuen Erakundeak Txernobil gaitzat hartuz egindako azken txostenak funtsean estres psikologikoaren garrantzia nabarmentzen du, osasun ondorioak ahaztuta, nahiz eta zalantza gutxi eduki daitekeen ia mediku guztiek egiaztatzen dutenean gaixotasun zehatz batzuk gehitu egin direla zentral nuklearreko leherketaren aurreko garaiekin alderatuta.

Hogei urte joan dira, Txernobilgo arazoak oraindik urrun du konponbidea, eta oroitzapenen urruntasunean galtzeko arriskua du gainera. Txernobilek eragindako biktimak gero eta gehiago dira, tiroideetako minbizia bezalako gaixotasunek oraindik ez dute gaina jo, erradiazioen ondorio asko eta asko oraindik ezezagunak dira, eta kaltetutako giza bizitzen balorazioa egitea ezinezkoa da, zaila delako gaixotasunen eta erradiazioen ondorioen artean dagoen zuzeneko harremana zehaztea. Baina gauza bat argi dago: Txernobilek argi erakutsi digu energia nuklearrak duen arriskua eta suntsipen ahalmena. Inoiz gertatu behar ez zuen ezbeharraren sinbolo tetrikoa eta haren ondorio izugarriak pairatzen dituztenen ahotsa izaten jarrai beza Pripiateko isiltasunak.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude