Karmelo Landa: «Adi! Jauregiko operazioak egiteko tentaldia dago-eta»


2006ko apirilaren 16an
«Politikan jardun dut betidanik. Unibertsitatean lanean nabil ordea, ez naiz politikari liberatua, ez naiz politikaren lehen lerroan ari. Lehen lerroan egotea politikaren esgriman aritzea da. Hala ere, kezka politikoak ditut eta garai honetako jarduera politiko eta militantearen ardura gogo handiz hartu ditut» diosku Karmelo Landak.

Jarduera politikoa nola ikusten duen areago zehaztu digu solaskideak: «Ez dut eguneroko esgriman ibiltzeko gogorik. Esgrima horrek, askotan, sakoneko mugimenduaren funtsa ezagutzea zailtzen baitu, eta niri sakoneko mugimendu hori interesatzen zait. Arazoa ez da gatazka deitzen den hori konpontzea, hori baino sakonagoa da arazoa. Finean, euskaldunok gure buruari galdera bat planteatu behar diogu: herri bat garen aldetik, ditugun ezaugarri eta esperientziarekin, gure txikitasunean, zer ekarpen egin dezakegu Europan eta munduan?».

Galdera hizpide hartuta jarraitu dugu hizketan.


Zer ekarpen egin dezakegu euskaldunok?
Apaltasun faltsurik gabe, esaterako, euskaldunok ez daukagu Estatu inperialisten kontzeptua barneratuta, ez dugu estatu derrigortuen kontzeptua barneratu. Europan hori soberan dago, Frantziako nahiz Espainiako Estatuan kasurako. Guk Europaren egitura demokratikoan zerbait ekartzeko aukera txiki bat dugu, bestelako oinarrietan antolatutako nazioarteko elkarbizitza bat, ez estatu klasikoen oinarrietan antolatuta alegia.

Bilboko manifestazio handia hizpide. Zer izan da berau bake prozesu bidean?
Niri gertatua alde batetik begiratzea interesatzen zait bereziki: prozesuaren oraingo koiunturan Bilboko manifestazio handia eta esanguratsua mugarria izan da. Euskal Herrian demokraziarako aukera dugula agertu du, modu sakon eta zabalean ulertuta. Kataluniako prozesuaren ondoren etorri da eta mezu bat utzi digu: orain eta hemen, adi, Estatuaren ordezkari batzuen nahiz Euskal Herriko buruzagi batzuen aldetik ere Jauregiko operazioak egiteko tentaldia dago. Jauregiko akordio hauek gauez egitea beharrezkoa bazaie ere, saiatuko dira egiten. Katalunian Jauregiko operazioak oso kaltegarriak izan dira kataluniarrentzat, hemen errepikatuko balira oso kaltegarriak lirateke euskaldunontzat. Formula zaharren errepikapena eta demokraziaren ukazioa etorriko lirateke. Uneon, aitzitik, prozesuak indar politiko guztien arteko mahaia ekarri behar luke, herri honi dagokion nazio antolaketa demokratikoa gauzatzeko mahaia, ondorioz, Euskal Herriaren instituzionalizatze demokratikoa ekarri behar duena.

Guztion artekoa. Hasteko, EAJ ez zen manifestazioan egon.
Nik ez dut ardurarik zehaztu nahi, baina Katalunian CiUk eta Espainiako Gobernuaren presidente Zapaterok egin duten operazioa oso antidemokratikoa izan da. Hemen behar ez duguna hain justu.

EAJ manifestazioan ez izana kezkatzekoa da.
Areago, EAJk ez du arrazoi argirik eskaini ez egoteko, arrazoi aldakorrak eman ditu.

Iñigo Urkulluren hitzetan, Nazio Eztabaidaguneak antolatutako manifestazioa izan da, Batasunaren inguruko indar metaketa osatzeko helburuz.
Ba, oker dabil. Berak badaki Nazio Eztabaidaguneak ez zuela deia egin. Iñigo Urkullu bezalako buruzagi batek eragile politiko eta sindikal multzo batek -50 inguruk- deitu zuela badaki jakin. EAJ kanpoan geratu zen eta azaldu beharko luke zergatik.

Badago dioena Batasunak ez dituela oraindik bereizi bake eta normalizazio politikorako bi prozesuak.
Hori baieztatzen zaila da ordea. Batetik, Anoetako agiri-deia dago. ETAk su-etena iragarri baino lehenagoko proposamen honek ia onarpen unibertsal osoa izan zuen. Elkarrizketen bide demokratikoa eta berau gauzatzeko metodoa argi planteatu dugu. ETA eta Gobernuaren arteko -edo gobernuen- mahaia eta Euskal Herria eraiki ahal izateko beharrezko orube demokratikoa antolatzeko mahaia garbi adierazita dago.

Arnaldo Otegik esana: "Hau maratoia da, abantaila dugu, gehiengoa gurekin dago". Gurekin. Norekin?
Ez daukat zalantzarik. Gurekin, ez alderdi horrekin edo harekin, zabaldu den bide demokratiko honekin. Zapaterok prozesua abiatu eta berehala mahaiarena pasatako kontua zela esan zuen. Berak eta PSOEk atzera egin behar izan dute berehala. Horregatik beragatik, gehiengoa «gurekin» dagoelako. Ez da alderdi konkretu baten bideak azpimarratzeko unea. Prozesua bide demokratiko eta partekatutik eraman nahi dugunen artean bat egiteko garaia da. Gehiengoak bide horretatik joan nahi du-eta.

Ebazpenerako mahaia edo mahaiak? Zenbat? Non?
Horretan ere ez dugu anekdotari begira gelditu behar, sakoneko betebeharrari baizik. Euskal Herria herria da, beraz, herri honi erantzun eta konponbide bat eman behar zaio. Printzipio nagusi horrek markatzen du bidea, horrek ez du dribling egiterik uzten.

UPN driblinga egin nahian dabil baina.
Hain justu horregatik ari dira driblinga egin nahian, horrek berauek ukatu dutena areago nabarmentzen du. Sanzek hemen herri bat dagoela ukatu nahi du, baina ezin da ezein euskaldun baztertu prozesu honetatik. UPN eta CDNn oso urduri daude, badakite Nafarroaren egituraketa aldi baterako izan dela eta ezin dute zabaldu den prozesua saihestu.

Bidez bide: autodeterminazioa eta erabakitzeko ahalmena gauza bera ote?
Herri orori dagokio autodeterminazio eskubidea. Euskal Herria herria da eta inor gutxik ukatzen du hori. Beste gauza bat da hori gauzatzea, horretan ari gara. Herri baten nazio antolaketa demokratikoa eragile politiko guztien artean adostu behar da. Printzipio hau ez da zalantzan jartzen ahal. Esan bezala, Jauregiko operazioak eta zeharkako bideak izango diren susmoa dut, batzuk herri honek daukan aukera historiko hau berriz ere zapuzten eta Estatutu zaharren berregokitzapenak egiten saiatuko dira, horregatik herri mobilizazioa eta dinamika beharrezkoa izango da.


Ezker abertzale zabala osatzeko, azken urteetan izandako desadostasunak gaindituko al dira?
Bai. Ez dago beste biderik. Euskal Herriaren eraikuntza prozesuan zutabe oso garrantzizkoa da ezkerra. Euskal Herria ezkerretik eraiki behar da. Espainiako nahiz Frantziako estatuen agintean dauden indar politikoek eta tokian tokiko indar erregionalek ez dute inoiz Euskal Herriaren nazio izaera modu demokratikoan antolatzeko gogorik izan. Eta ez naiz jarrera subjektiboez ari, hori frogatzen duten arrazoi objektiboez baizik. Adibidez, abertzaletasun tradizionala deiturikoa, EAJk ordezkatzen duena, bere oinarriak moldatzera mugatu da eta Estatuko merkatu ekonomikoari begira aritu da nagusiki.

Tempoa ere garrantzizkoa da, prozesuaren korapiloak askatzeko denbora behar da.
Prozesu honetan hainbat hari daude eta horiek askatzeko lanean ari gara. Batetik, ETAren erabaki argi eta ausartak hainbat hari deslotuko ditu laster, presoen egoera, logikaz, hari horien askatzearen bitartez emango da, lehen fasean. Bestetik, arazo politikoa konpontzeko hariak nola lotu ikuskizun dago. Guk prozesua ez dela baketze edo normalizazio politiko soil bezala ulertu behar eta herri honek antolatze prozesua eta erabakia bere egin behar duela diogu. Horrek denbora behar duela? Ziur. Baina kontua ez da denbora kalkulatzen ibiltzea, oinarriak sendo jartzea baizik. Oraingo tempoak Euskal Herri osoarentzako alderdien arteko mahaia antolatzea eskatzen du.

Mendez mendeko ukapena trenkatzeko herritarren indarra beharko da.
Prozesuari indarra herri izaera onartzeak ematen dio. Zertan oinarritzen da gure eskubidea? Herria izate horretan. Bi Estatuen aldetik ukapenak prozesua zenbait eremutan garatu beharra ekarriko du, baina gure jarrera «herri bati mahai bat, arazo bati konponbide bat» da.

Baikor ikusten zaitut...
... baikorra naiz. Baina ez da baikortasun kontua, logika kontua baizik. Ura ubide onetik abiatzen bada, urak aurrera egin ohi du. Herri batek duen arazoari konponbide batez erantzun behar zaio. Jakina, konponbide hori konkretatzea zaila da eta horregatik azpimarratzen dut Euskal Herriko errealitate ezberdinek erritmo ezberdinak eskatuko dituztela. Konpresio praktikoak behar izango dira, baina ez Iparraldea ez beste eskualderik bereizi behar da.

Printzipioz ez, baina praktikan...?
Hori ondorio praktikoetan ikusi beharko da, prozesuaren graduazioek ekar ditzaketen ondorio praktikoetan, soluzioaren graduazioan. Baina mahaitik nor eta zergatik utzi behar da kanpoan? Adibide historiko bat jarriko dizut: soluzioak ez datoz zatiketatik, Irlandako prozesua lekuko. XX. mendean Irlandaren zatiketa onartu zen eta horrek arazoa handiagotu zuen. Zatiketaren okerra onartu eta Irlandaren batasunerako bidea mahai gainean planteatu denean etorri da soluziobidea. Irlanda nazio batu eta demokratikoa izango da, bide onean doa. Britainiako eta Hego Irlandako Gobernuak hori onartu badute, zergatik ez dugu pentsatuko Espainiako eta Frantziako estatuen Gobernuek Euskal Herria herri bat dela onartu eta errespetatu beharko dutela?

«Krisi une hauek interesgarriak dira»
Mundu oso konplexuan bizi gara une honetan. Badira gauza zahar berriak edo berri zahar txarrak ere bai. Munduak nazioarte mailan hartu duen jitea oso kezkagarria da. AEBen politika monolitiko eta erasokorrak oinarri eta printzipio demokratikoen haustura ekarri du. Nazioarteko politika egiteko orduan kezkatzeko moduko mundua dugu. Europako Batasuna krisi nabarmenean dago. Proiektua abiatu da baina ez daki zein egitura hartu eta norantz joan behar duen. EBko Konstituzioa ez aurrera ez atzera dago, ezezko biribila jaso du han-hemenka, definizio eza dago EBren hedatze prozesuan. Alabaina krisi une hauek oso interesgarriak dira, EBri ere baitagokio Euskal Herriari nazio antolaketa demokratikoa onartzea.

«Euskal Herriaren ordua da, ez alderdiena»
Irlandako prozesua oso lagungarria da euskaldunontzat. Bilboko azken manifestazioan Irlandako Sinn Fein alderdiaren ordezkariak izan dira eta argipen baliagarriak eskaintzen dizkigute. Guk arreta handiz eta gogo biziz segitzen dugu hango prozesua, handik irakaspen handiak datoz, prozesu horren oinarri demokratikoa oso sendo eta inportantea da. Irlandaren autodeterminazio eskubidearen gauzatzeko moduak, esaterako. Nazioa modu demokratikoan antolatzeko bide politikoak eskaintzen ditu, hori eredugarria da guretzat, eta guretzat diot zentzu kolektibo zabalean, zentzu partidista baina harantzago joanez. Euskal Herriaren premiak ez du partidista izan behar, Euskal Herriari nazio antolaketa demokratikoa onartzea gizarte osoaren premia onartzea da.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude