Guggenheimetik haragoko paisaia


2006ko apirilaren 16an
Urte gutxitan Bilboko paisaia asko ari da aldatzen. Artxibo historikoetan eta argazki albumetan geratuko da hiri industriala deitzen zen hura. Bilbo egun beste izen batekin saltzen da: Guggenheim Bilbao Museoa. Kultura saltzen du Bilbok eta turistak erakartzen ditu.

Itxaso Díazek aldaketa hori bere begien aurrean izan du. Díaz Arte Ederren fakultatean lizentziatu zen urte berean zabaldu zen Guggenheim museoa. Berak ez du harreman zuzenik izan museoarekin eta bere inguruan lanean aritu diren bere kintakoek ere gutxi. 30 urte inguru dauzkate eta Díazek Tr3inta izeneko dokumentalean irudikatu du, proposamen ofizial horren atzean, alboan edo paraleloan baina Bilbon bertan, lanean ari diren 30 artistaren emaria.

Lagun sarea, lagungarri
Irudikatu duen kultur egitura hori, gazte, independente, fresko, politikoki ez zuzen eta batez ere dinamiko deskribatzen du. Sormena eta kultura beste era batean ulertzen dute eta zirkuitu normaletan leku txikiagoa hartzen duten arren, euren ideiek eta ekoizpenek bor-bor egiten dute, sentitzen da mugimendua.

Dokumentalean agertzen diren 30 pertsona edo elkarte horiek gutxienez beste 30 mugiarazten dituzte eta elkarri laguntzen diote. Horrela lortzen dute sare hori guztia osasuntsu mantentzea. Jendea mugiaraztea helburu nagusienen artean duten proiektuak aukeratu ditu Itxasok dokumentalerako. 30 aukeratzea oso zaila iruditu zaiola aitortu digu, beste mordo bati buruz hitz egitea ere gustatuko litzaiokeelako. 30 horien artean, denetarik aurkeztu digu, batzuk besteak baino ezagunagoak dira, baina guztiak dira kultur sare horren elikagai.

Dokumentala Begoña Muñozen hitzekin hasten da: artista dela dio, artelanak egiten dituela, baina abestu ere egiten duela, eta musika egin, eta diskoak "pintxatu". Denetarik egitea gustatzen zaiola, proiektuen parte sentitzea, kolaborazio lanak eginez.

Asko dira, Begoña bezala, zinta honetan aurkezten diren diziplina anitzeko artistak. Artistak edo elkarteak. Esaterako, diziplina anitzeko jaialdiak antolatzen baititu Muxicaexmachina (MEM) nazioarteko jaialdiak. Bilbora, beste edozein jaialdik ekarriko ez lukeena ekartzea du bereizgarri, antolatzaileen hitzetan.

Ordubeteko saioan, Cibeles moda pasarelan parte hartu duen Ion Fiz ezagutuko dugu. Inspirazio iturri Bilbao eta Bilbon bizitakoa duen moda diseinatzailea da bera. Diziplina ezberdinak nahastuz kultur ekitaldiak antolatzen dituen Suelen.org promotora ere bada. Eta Euskadi TM egitasmoaren sortzaile den Saioa Olmo; bertako ile orrazkera ezberdinekin fanzinea egin duen Ainara García; hauen guztien publikoen komunikazio zubi izan nahi duen Amasté komunikazio enpresa; eta hauen guztien proiektuetan presente egon nahi duen Óscar López, "festaren arima".

Horiek guztiak eta gehiago dira Bilboko kultura "underground" hori osatzen dutenak. Guztiak ausartak, berritzaileak eta bereziak dira.


Saltzea al da kontua?

Teknologia berriek Arte Ederren abanikoa asko ireki dute. Gauza asko egiteko aukera eta beharra sortu da, irudiari eta diseinuari gero eta garrantzia handiagoa ematen dion gizarte eta ekonomia berri batean.

Bilboko egitasmo berri hauetariko askok irudiarekin harremana duen enpresa gaztearen forma hartu dute. Aurrera egiteko beharragatik. Gainera, apustua dela diote, ez dirua egiteko makina; izan ere, inork ez daki proiektua ongi aterako zaion edo ez. Ongi moldatuz gero, adierazi nahi duten hori publikoari helarazi eta gainera dirua eskuratzeko modua ikusten dute, erdi eta erdi.

Javier Soto Abisal espazioko arduradunetako batek nahiago du bide hori ez hartu baina erabat ulergarri iruditzen zaio: "Nik ulertzen dut jendeak hori egin nahi izatea eta erabat errespetagarri iruditzen zait gainera. Artea ere sistemaren barne dago eta hori bere egiten duenak, joko horretan sartzea onartzen du eta hilabetero diru apur bat behintzat segurtatzen du".

Haceria guneko Manu Gómez harago doa. Bere ustez hori da benetako kultur industria indartsua lortzeko modua. Hori litzateke kantitate eta kalitate handiko kultur ekoizpen bat sortzeko bidea. Modu horretan, espero du egunen batean Bilbon kultur industriaren ekoizpena garai batean beste industria batzuek izan zuten indarra hartzera hel daitekeela. Horretarako, azpiegitura indartsu bat sortzea eta indarrak batzea behar dela iruditzen zaio eta oraindik lana geratzen zaiela aurretik hori lortzeko.

Itxaso Díaz eta Javier Soto ere bat datoz artista orain arte aberatsen seme-alaba bakarrik izan zitekeela esaten dutenean eta diru hori norbaitek ematen ez badizu zuk nola edo hala lortu behar duzula diotenean: "Diziplinaren arabera ia inor ez da bizi bere arte lanaz, onena ere ez. Diru laguntzen mende bizi behar duzu". Une gozoak eta gaziak izaten direla ere ahaztu ezin dela diote eta horri ezin eutsirik geratzen direla asko bidean, beste ofizio batzuk hartuta.


Artista egunez, zerbitzari gauez

Euskal Autonomia Erkidegoan produkziorako laguntzak inon baino oparoagoak direla onartzen dute, baina kexu dira egindako hori banatzeko edota erakusteko leihoak ez zaizkielako zabaltzen. Bilbon gauza asko egiten dela diote, piloa. Egindako hori mugitzen eta zabaltzen ikastea falta zaiela onartzen dute, dudarik gabe. Gabezia horretaz asko jabetu ere ez direla egin ohartu dute, sortzean bakarrik pentsatzen dutelako, gero lan hori saltzeko, ikustarazteko asmorik gabe eta eroso direla zerbitzari bezala lanean, euren produkzioa nolabait finantzatzeko.

Dena den, Sotok, bera asturiarra izanik, Bilbon bizi bada, diru laguntzei esker bizi dela esan digu. Bere jaioterrian, Asturiaseko herritxo batean, ametsetan ere ezingo litzatekeela arteaz bizi. Egia da inor ez dela bere herrian profeta. Hori badakite, eta ezagutzen dute Madrilera edo Bartzelonara joan arte ezagun egin ez den hainbat. Behin han aurrera egin eta berriro ere Bilbora itzultzerik izan dute. Askorentzat kanpora joatea izaten da tranpolina.


Saltoa emateko bultzadatxoa

Abisal eta Haceria guneek tranpolin efektu hori Bilbon egitea bilatzen dute. Arte Ederren fakultatetik edo antzerki eskolatik irten diren ikasleei profesional bihurtu bitartean trantsiziorako gune bat eskaini nahi diete Abisalen eta Hacerian. Artea sortu eta egin egiten da gune hauetan. Abisal Bilbo Zaharran kokatzen da, beste hainbat galeria eta tailer txikiren artean. Haceria berriz Zorrotzaurren, pabiloi industrialen artean.

Bi guneotan gazteek euren lehen proiektuak aurrera eramateko modua ikusten dute. Biak ere duela 10 urte jarri ziren martxan eta jende askorentzat izan dira baliagarri. Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren diru laguntzak dituzte sostengu nagusi, baina aldi berean, artista gazte berri horiei ere erantzukizunak hartzea eskatzen diete, proiektu horren parte senti daitezen eta ez dezaten lan jakin bat plazaratzeko leku soil kontsideratu.

Txaloen zain edo bila?

Formatu hauek jendea erakartzeko zailtasun gehiago dute. Musika da hirian indarrik gehien duen adierazpena, 80ko hamarkadaz geroztik duen tradizio eta ibilbideagatik batez ere, baina baita jendea erakartzeko bide erraza delako. Javier Sotoren ustetan ohitura kontua da: "Taberna batean rock kontzertu bat antolatzen duzu eta ziur jendez beteko duzula, lagun artean trago batzuk hartzen jendea ohitua dagoelako, erakargarri da. Erakusketa baten inauguraziora ez da hainbeste jende hurbiltzen, nahiz eta hauetan ere luncha eta festa antolatzen diren. Ez zaio inori bururatzen plan hori egitea". Haceriako Manu Gómezen ustez presaren gizartea da hein handi batean publikoa urrundu diena: "Azkarregi doa gizartea, ez dugu ezer egiteko denborarik eta gero eta zailagoa da ordubeteko antzezlan bat ikustera eseriko den gaztea aurkitzea".

Publikoa erakartzea zaila da, baina Haceriak adibidez publikoarenganaino eramaten ditu artistak. Urteotan Haceriatik igaro diren pertsonen datu base bat sortu dute eta, adibidez, konbentzio baterako dantzari batzuk behar dituztenean erakunde edo enpresetatik dei egiten diete eta halako aktuazio moderno bat egiteko artista gazteak bidaltzen dizkiete. Gauza bera gertatzen da, Bilbo inguruan zinerako errodaje bat egiten bada, backstagea askotan euren esku izaten da. Eta noski, artista horiei ordaindu egiten zaie, gizarte segurantza eta guzti. Duintasun horrekin lan egin ahal izatea artistarentzat psikologikoki oso positiboa dela iruditzen zaio Manu Gómezi.

Erreleboaren faltan

Hala ere, oraingo ikasleetariko askok zer egin nahi duten ez dakitela eta erreferenterik ere ez dutela sentitzen dute elkarrizketatuek. Gainera, gauzak azkarregi egin nahi dituztela iruditzen zaie eta gauetik goizera arrakasta lortu nahi dutela. Eta lortzen ez badute, oso erraz etortzen direla behera. Horregatik, lekukoa nork hartuko dien ez dute batere argi ikusten, ez dute hurrengo belaunaldia gogo eta ilusio berarekin ikusten.

Errelebo hori heldu artean eta gero ere lanean jarraituko dute, Guggenheimek Bilbo kultur mapan sartu duela probestuz, horren inguruan lanean ari diren artista hauek egiten duten lana ikus dadin. Eta izen atzerritarren sinaduraz eraberritzen ari den hirian euren lanari ere begiratzeko eskatzen dute; eurak ere, kultura eta zerbitzuen hiri berriari nortasuna eman nahi diotelako, bilbotar nortasuna.

Abisal
1996an sortu zen Arte Ederretan lizentziatu ziren ikasleei aukera bat eman asmoz. Urratzaileagoak diren artistei leku egin nahi die. Ohiko zirkuituetan sartzen zailak diren proiektuak erakutsi nahi ditu eta kokatzen den auzoan ere, Bilbo Zaharrean, kultura sustatu nahi du. Irabazi asmorik gabeko elkartearen forma du. Erakusketa hauek kudeatzen dituzte eta artistari katxe bat ere ordaintzen diote.

Haceria
Zorrotzaurren, fabrika, tailer eta pabiloien artean bat gehiago da, baina hemen ez dute materialik fabrikatzen. Hacerian artea fabrikatzen dute, 1997az geroztik. Zerbait egin asmo duenari, horretarako azpiegitura eskaintzen diote. 130 metro koadroko aretoa, argiztapena, soinu ekipoak eta proiektoreak dituzte eskura. Altzairu erakusketak, moda desfileak, argazki saioak, kontzertuak eta antzerkiak egiten dira, besteak beste. Guztiak proposamen esperimentalak dira, beste eszenatoki batzuetan estreinatzeko zailtasunak dituztenak. Ikastaroak ere eskaintzen dituzte eta entseguak egiteko instalazioak alokatzen dituzte.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude