Franco hil osteko lehen Aberri Eguna: Zaharragoa baino sasoi handiagokoa


2006ko apirilaren 16an
Diktadura frankista baino zaharragoa zen Aberri Eguna. Izan ere herri baten berpizkundea ospatu eta bultzatu nahian jaio zen ekitaldi politiko hori II. Errepublikako 1932ko Pazko Astean. Orduz geroztik Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean hurrenez hurren burutu zituzten aro errepublikanoan lehen Aberri Egunak. Azken urtean, 1936koan alegia, deialdia aniztu egin zen eta leku askotan burutu zituzten ekitaldi festatsu politikoak euskal aberria azaltzeko egun berezi horretan.

Ez zekiten orduan, hurrengo urtetan, gerra eta diktadura zirela medio, barreiatze geografiko hori munduko lau haizetara zabalduko zela. Izan ere Buenos Airesetik New Yorkeraino eta Parisetik Caracaseraino abertzaleekin batera barreiaturik suertatu ziren Aberri Egunen taupadak diktaduraren urte latzenetan. Hala ere, 1963az geroztik, Euskal Herrian bertan Aberri Eguna berpizten hasi zen. Urte horretan, Enbatakoek aldarrikaturiko Itxasuko agiriak belaunaldi gazteen agerpena islatu zuen. Bestalde, hurrengo urtetan, Pirinioz honuntzako deialdiek frankismoari berari erakutsi zioten euskal abertzaletasuna gorantz zihoala. Izan ere Gernikako Aberri Eguna, 1964an, Bergarakoa 1965ean, Irun-Hendaiakoa 1966an, Iruñekoa 1967an eta 1968ko donostiarra mobilizazio arrakastatsuak izan ziren, diktadurak ezarritako neurri errepresiboak gaindituta. Baina, 1968ko udatik aurrera, gobernuak indarrean jarritako salbuespen egoerek eta errepresioaren gogortzeak oztopatu zuten antzeko Aberri Egun masiborik aurrera eramatea. Diktadore zaharra hilobiratu ostean Aberri Egunei aro berri bat irekiko zitzaiela pentsatzekoa zen eta 1976ko udaberrian, gerra aurreko azken Aberri Eguna burutu zutenetik lau hamarkada luze igaro ziren arren, alderdi eta erakunde guztiak prest azaldu ziren euskal egun nazionalaren errebindikazioari heltzeko.


Mobilizazio giroan, batasunetik hausturara

Egia esan Ferrolgo agurea lurperatu ostean, ez zen deialdi berezirik behar errebindikazio nazionalak edo politikoak plazaratzeko. Bera hil baino lehenago borrokak areagotu ziren amnistia eta faltan zeuden oinarrizko eskubide demokratikoak erdiesteko asmotan. Geroxeago, Juan Carlos erregeak emandako indultu murritz bezain etsigarriak akuilatu zituen «Presoak Kalera» helburu zuten mobilizazioak. Langileriari zegokionez, Gasteizen martxoaren 3an gertaturiko sarraskia eta horren kontra protestatzeko burutu ziren martxoak 8 eta 9ko greba orokorrek indar osoz azaldu zuten euskal langileriak zuen mobilizazio ahalmen ikaragarria.

Testuinguru horretan, Arias Navarrok gidatu beharko zuen erregimen zaharraren erreformak bere ezintasuna adierazten zuen bitartean, Francoren osteko lehen Aberri Eguna iristear zegoen. Eta ordura arte izandako borroketan legez, indar eta talde guztien arteko batasuna nagusituko zela zirudien. Izan ere, Telesforo Monzonek idatziriko artikulu baten ondorioz, EAJk erakunde guztiei gonbitea luzatu zien, nahikoa garaiz, Aberri Egunerako deialdi bakarra burutu ez ezik Iruñean ere egiteko. Hainbat bilkura burutu ondoren, bakarrik PCEk eta alderdi horrek kontrolpean zuen CCOOren adar batek, CONEkoak, erabaki horien kontrako susmoak azaldu zituzten. Gainontzeko alderdiek, PSOEtik LCR-ETA(VI)raino, talde abertzale guztiek, ezker muturrekoek eta baita Euskadiko Karlisten Alderdiak ere sutsu defenditu zuten euskaldunen hiriburutzat jotzen zuten Iruñean abertzaleen egun nagusi hori burutzea. Etorkizun hurbilean irekiko zen lehia politikoan, Nafarroa gainontzeko euskal probintziekin bat eginda zegoela azaltzea oso gogoan zutelako orduko erakunde horiek guztiek.

Ekitaldiei dagokienez, alderdien artean izandako bileretan ikuspegi desberdinak azaldu ziren. Baikorrenek, EAJk, esate baterako, pentsatzen zuten mitin antzekoren bat ahalbidetu beharko zela, Irujo bezalako pertsonaia historikoek hitza har zezaten. Ezker muturrekoek, aldiz, borroka eguna deitzea nahiago izan zuten hasieratik. Gasteizko hilketak bilera horiek egiten zituzten bitartean gertatu zirelako, bistan zegoen Arias Navarrok gidatzen zuen gobernuak ez zuela zirrikiturik utziko ekitaldi politikoak burutzeko. Borrokaren bidetik joan beharko zuten nahi eta nahi ez.

Dena den, alderdien arteko haustura ez zen etorri oraindik legalizatu gabe zegoen Aberri Egunaren jardunen profiletik, ETA(pm)k burutu zuen Angel Berazadiren bahiketaren amaieratik baizik. Ezaguna denez, Elgoibarko enpresa gizon hori aipaturiko erakundeak bahitu zuen martxoaren 18an. Orduz geroztik hainbat negoziazio burutu zituzten Berazadiren ingurukoek ETAk eskatzen zuen berreskuratze saria ordaintzeko. Desadostasunak desadostasun peemekoek erail zuten Angel Berazadi apirilaren 7an, hilotza Elgoibartik gertu lagaz.

Hauxe izan zen lehen aldia ETAk egindako bahiketa heriotzarekin amaitzen zena. Izuaren hotzikarak goitik behera urratu zuen mobilizatzeko prest zegoen euskal populua. Segoviako kartzelatik alde egindako iheslariek mugatik gertu porrot egitearen etsipenaz gain, Berazadiren heriotza latz bezain ulertezina suertatu zen jende gehiengoarentzat. Horren ondorioz izandako erreakzioek Aberri Egunaren gainean eragin zuzena izan zuten. EAJk euskal talde armatuek egindako ekintza bortitza lehen aldiz gaitzetsi ez ezik, Aberri Egun bateratu horri ere bere laguntza kendu zion. Euskadiko Gobernuak eta hor bilduta zeuden PSOE eta ANV bezalako taldeek ere deialditik alde egin zuten. Hala eta guztiz ere, erakunde horretatik kanpo zeuden talde gehienak prest azaldu ziren Iruñeko ekimenarekin jarraitzeko. Hori dela eta apirilaren 13an EHAS, LAIA, LAB, MCE, ORT, CCOO, EKA, LCR-ETA(VI) eta ETA(pm) erakundeen sinadurekin agiri batek Iruñeko Aberri Eguna sostengatzen jarraitzen zutela adierazi zuen.


Iruñea, hiri itxia

Bost egun eskas gelditzen ziren Aberri Egunerako eta giroa gero eta beroago sumatzen zen Euskal Herri osoan. Ezker muturreko taldeek, ohiko bitartekoekin, propaganda ikaragarria burutzen zuten bitartean, Gobernuak Berazadiren erailketaz baliatuz, aldez aurretik prest izanen zituen mehatxu eta neurri errepresiboak martxan jarri zituen.

Gobernuarekin bat egin zuen Nafarroako betiko eskumak. Izan ere frankismoaren aurrean mutu egon ziren kontseilari foral talde batek ezohiko oharra kaleratu zuen Aberri Egunaren deialdia gaitzesteko. Horiei erantzuteko beste hamaika kontseilarik -Javier Yaben, Nieves Errazkin, Tomas Caballero eta Carlos Garaikoetxea tartean zeudelarik- erantzun zieten, orduko esparru instituzionaletan «Navarra foral» eta «espainola»ren garaiak amaiturik zeudela nabarmenduz.

Dena den, komunikatuen lehiari kalekoak aurre hartuko ziola bistan zegoen. Euskaldunon hiriburuak, Aberri Eguna hurbildu ahala, hiri setiatuaren ezaugarriak hartu zituen nabarmen. Inguruko koarteletan, Karraskalekoan baita OJE delakoak Ultzama aldean erabiltzen zuen gazte kanpalekuan ere kanpotik ekarritako polizia armatu eta txapel oker aunitz metatu baitzituen gobernadore zibilak. Aberri Egunaren bezperan erabat kontrolpean gelditu zen Iruñea. Hiriburutik 20 kilometrora zegoen lehen kontrolen eraztunari Iruñean bertan zeudenak gehitzen zitzaizkion. Kanpokoetan txapelokerrak zeuden bitartean, Iruñekoetan grisak aritzen ziren. Horiekin, ohikoa zen legez, zibilez jantzitako polizia ugari. Dena den Pazko Igandeko aurreko egunetan muturreko taldeen eragin propagandistikoek egundoko indarra hartu zuten. Ohiko panfletoei, garabietatik zintzilikaturiko pankarta luzeak eta edozein lekutan azaldu ziren ikurrinak euskaldunon hiriburua girotuz joan ziren.


Aberri eguna. Grisetik gorrira

Cambio 16 aldizkariak 2.000 polizia zenbatu zituen Iruñean. Radio Parisek 4.000ra igo zuen polizien kopurua. Bertako Diario de Navarrak, nahiz eta zenbaki horiek gehiegizkotzat jo, sekula ez zela ikusi hainbeste polizia Iruñean aitortu behar izan zuen. Aberri Eguneko lehen orduetan, beraiek izan ziren Iruñeko txoko guztiak hartzen lehendabizikoak. Gaztelu Enparantzan, zezen plazaren ondoan, eta gehienak, leku batetik bestera etengabe mugituz, grisatu zuten erabat Iruñeko paisaia goiztiarra. Zaila izanen zuten manifestariek alderdiek adostutako manifestazioetan parte hartzea.

Dena den, eguerditik aurrera manifestazio ugari eta azkarrak hasi ziren gauzatzen. Ordu horretan lehen kaleratze nabarmena burutu zuten 200 inguru manifestarik Takoneratik abiatuta. Alde zaharrean, udaletxearen plazan barreiatu zituzten grisek pilotakaden bidez. Bigarren hitzordua, eguneko garrantzitsuena, Sarasate pasealekuan suertatu zen. Hor ia-ia mila manifestarik, ordubata jotzear zegoenean, ikurrina pare bat buruan zeramatzatelarik, ohiko oihuekin gorpuztu zuten manifestaziorik populutsuena. Baina, poliziak gogor ekin zion sakabanatzeari. Jeepek egindako oldarrez gain, pilotez eta balez sakabanatu zituzten manifestatu zirenak. Orduz geroztik hainbat manifestazio txikiago burutu ziren, Zabalguneko Amaia eta Oliteko karriketan barrena, baita alde zaharreko Nabarrerian ere.

Arratsaldean oraindik antzeko manifestazio pare bat egiten ari zirelarik, estreinako aldiz, ezker muturreko taldeen ordezkariek prentsaurreko bat burutu zuten beraien balantzea jakinarazteko. José María Mendiluze, LCR-ETA(VI) delakoa ordezkatuz, Javier Iturbe ORTren izenean eta Manu Escudero EMKrenean, bertan aritu ziren bozeramale lanetan. Beraiek esandakoaren arabera, ezker korronteen batasunak lortu zuen Berazadiren hilketa eta Aberri Eguna ez nahastea. Era berean, errepresioa ustezko erreformaren mugen adierazle zuzena izateaz gain, hura ez zela gauza izan manifestazioak eragozteko adierazi zuten.

Balantze oso desberdina plazaratu zuten agintari polizialek. Manifestazioei muzin eginez, astebukaeran izandako atxilotuen berri eman zuten, egunez egun. Horien arabera, ehundik gora atxilotu suertatu ziren. Erdia baino gehiago Aberri Eguneko manifestazioetan baita mobilizazioak hasi baino lehenagoko orduetan ere. Nahikoa izan zen aldez aurretik fitxaturik egotea edo susmagarritzat joa izatea komisaldegira eramana izateko. Bitxia izan zen F. Z. Barbarroja gazte iruñarrari gertaturikoa. Garabi batean bezperatik jarrita zegoen pankarta bat zabaltzera zihoanean atxilotu zuten. Pankarta horrek egun osoa hor iraun zuen ireki gabe. Hurrengo egunsentian komisaldegitik atera bezain laster, zintzo demonio joan zen eraikuntza hartara eta pankarta irekitzen zuen haritik tiratuz, zabaldu zuen Aberri Egunaren ondorengo pankarta berezi eta bakarra.

Apirilaren 19an kaleraturiko ohar ofizialaren arabera, 27 atxilotuk jarraitzen zuten komisaldegian eta ohiko dilijentziak buruturik, 13 igaro ziren kartzelara. Dena den Iruñerriko balantze errepresiboari, Aberri Egunaren lehen argitan Imanol Garmendia Korta ETAkidearen heriotza gehitu beharra dago. Beratik muga zeharkatzen ari zenean, Guardia Zibilek tirokatu eta hil zuten Legorretako ekintzailea. Beraz, herri baten berpizkundea azaltzeko sortutako egunean ere heriotzak hartu zuen lekua. Hori dela medio Gasteizko hilketak, Berazadirenak eta Segoviako ihesean suertatutako Oriol Sugranyesen heriotz kateak Aberri Egunean ere zoritxarrezko katebegia izan zuen. Zirudienez, Aberri Eguna errebindikazio eta festa giroan ospatzeko goizegi zen 1976ko udaberri gorritu hartan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frankismoa
Zamorako apaiz kartzelako ihesa Santiago Carrillo buruzagi komunistak zapuztu zuen, lekuko baten arabera

1971n hainbat euskal abadek Zamorako espetxe hartatik ihes egiteko plana bertan behera geratu zen, poliziek tunela deskubritu ondoren. Nicanor Acosta abade-ohi komunistak Apaiz Kartzela dokumentaleko egileei elkarrizketa batean esan zien Santiago Carrillo izan zela salatzailea:... [+]


Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


Tefia, homosexualak zigortzeko eremua

Fuerteventura (Kanariar Uharteak), 1954ko otsailaren 11. Tefiako Nekazaritza Kolonia abian jarri zuten uharteko aireportu abandonatuan, basamortuaren erdian. Nekazaritza kolonia eufemismoaren atzean, praktikan, kontzentrazio eremua izan zen Tefia, nagusiki LGBTI komunitateko... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude