Etxeko ukuilua pabilioi bihurtu zaigu


2006ko apirilaren 16an

Dezenteko inbertsioa egina zuten Aitorren gurasoek eta eskatua zioten horretan jarraitzeko, bakarrik ezingo zutela aurrera egin. Gainera gustuko zuen etxean txikitatik egiten zuen lana. Batxilerra bukatzean hartu zuen erabakia: esne behi produkziora jarriko zen erabat. Fraisoron abeltzaintzari buruzko ikastaroa egin zuen, eta geroztik beste ikastaro txiki batzuk ere bai; intseminazio artifiziala, hatzazal txukunketa, informatika... 1982 hartan baserriko ukuiluaren ordez, etxe kontran pabiloi bat altxa zuten, ordura arteko 12-15 buruak 20-25 izan zitezen. Gaur egun pabiloi handiago bat dute egina, eta 85-90 behi jezten dituzte egunero, eta beste hainbeste zekor eta biga hazten. Etxean produkzioa biderkatzen ikusi duen Usandizagak derrigorra ikusten du gero eta jakintza zehatzagoa izatea: «Orain behia askoz gehiago estutzen da. Lehen belar eta pentsu pixka batekin behiek ondo irauten zuten. Gaur dena xuxen-xuxen eraman behar da, ondo elikatu... Maneiu hori ikasi egin behar da ikastarotan, albaitariekin... Marjina ona ateratzeko gauzak oso ondo eraman behar dira, bestela oso erraza da zuloa egitea».


Kalean etxea eta baserrian enpresa

Neskalagunarekin Asteasun kalean jarri da bizitzen: «Lanbideari begiratuta, nik uste baserrian bertan bizitzea hobea dela. Ume egiteko garaietan, adibidez, gauez joan ahal izateko. Baina bizimodua beste norbaitekin konpartitu behar denean, gauzak adostu egin behar dira». Deskonektatzeko ere hobe omen da, nahiz eta berak ezin duen sekula burutik lan konturik kendu: «Baserri bat eramatea beste edozein enpresa aurrera ateratzea bezala da. Marjinak oso estuak direnean gehiago, beti begiratu behar duzu non ari zaren dirua galtzen, aldiro datuak alderatu...». Beti buruan dituen marjinak merkaturatzeko moduaren ondorio dira. Urte askoan zuzenean kalera saltzen zuten esnea. Baina amak amona zaindu behar izan zuenean ezin izan zioten lan horri eutsi. Gainera, orain zuzenean saltzeko neurri asko bete behar dira: esnea pasterizatu, boltsan sartu... Zuzenean saldutako esne litroak 85 pezeta balio zuen, eta orain zentralari salduta 46 pezetako basea kobratzen dute litroko. «Zuzenean saltzeak ematen zuen askoz buru gutxiagorekin bizimodua aurrera ateratzeko modua, eta gaur egun hori ez da posible». Irabazi marjina hain estua izanik, esne prezioan pezeta baten gorabeheran urtean milioiko aldea dago.


7:00etatik 21:30etarako lan eguna

Aita, ama, anaia gaztea -egun erdiz- eta laurek daramate esne behi produkzioa. Hona egun arrunt bat:

- 7:00. Jaiki eta aitak behiak jezten ditu. Makinekin 2 ordu eta laurden pasatzen du. Aitorrek behiei jeztera eragin, behien oheak txukundu eta jana ematen die. Ama zekor txikiez arduratzen da: esnea eta pentsuak eman...

- 10:30. Kanpoko lanak egiten dituzte: udan belarretara joan, neguan behien hatzazalak txukundu, noiznahi itxiturak konpondu, bazterrak garbitu, makinak konpondu...

- 13:30. Bazkaldu eta lo kuluxka.

- 15:00. Ukuilura joan dena ondo dagoen ikustera. Kanpoko lanekin jarraitzen dute, eta batik bat ama arduratzen da baratzeaz, eta etxeko lanez.

- 18:00. Ukuiluko lanak egiten dituzte berriz: janlekuak txukundu...

- 19:00 Behiak jetzi.

- 21:15-21:30. Bukatzen da lan eguna.

Beti ordu beretan egin behar dira lan hauek, «behiak aspertuta egoteko dira eta»: edozein aldaketak esne kalitatea jaisten du. Esaterako, orain aste batzuetako ordu aldaketa bi txandatan egin zuten, goizez ordu erdi eta arratsaldean beste ordu erdi aurreratuz, behiek gehiegi nabaritu ez zezaten. Igande arratsaldetan egiten du jai Usandizagak: «Betidanik izan dut, parrandara joanda ere, goizean 7:00-7:30etarako etxera etorri beharra». Baina gurasoen belaunaldiarekiko pentsamolde aldaketa nabari du: «Ohartzen gara dena ez dela lana eta lana, eta gutxiago irabazi baina erritmoa jaisten saiatzen gara». Urtean behin astebeteko oporraldia egiten du, anaiak txanda hartutakoan.


Etorkizun gorria

Esne behietan ari direnen batez-besteko adina 55 urtetik gorakoa da. Geroz eta gutxiago dira gainera: Gipuzkoan orain dela 10 urte pasatxo 4.000 baserritan ekoizten zen esnea, eta gaur ez dira 400era iristen. Gizartea konturatu gabe, 4.000 lanpostu galdu izanak kezkatzen du Usandizaga, eta aurrera begira ere asko desagertu egingo direla argi du: «Indartsuenak geratuko dira». Geroz eta handiago izan beharra ez dela irtenbidea dio: «Hemen joera izan da dena handira egitea. Lehen esne zentral txikiak zeuden, orain bat handia, lehen ukuilu txikiak eta orain gero eta handiagoak... Hori bukaerarik ez duen soka da». Lurrari lotutako nekazaritza jartzea ikusten du irtenbide: «Bertako lurretik bertako jana elikatu, eta sortzen den produktuak izan dezala kostuen araberako prezioa».

Juanjo Ocio: Gasteizen bizi, landan lan

Cruz del Fierron (Araba Errioxa) herri inguru denak dira gari, patata, erremolatxa eta azenarioa. Lur horietako batzuk Juanjo Ociok lantzen ditu bere aitak erretiroa hartu berri duenetik. Hala ere aita beti du ondoan, bizitza osoa nekazaritzan arituta ez baita sekula guztiz erretiratuko. Arkauteko nekazal eskolan egin zuen Nekazaritzako ustiategi estentsiboak modulua, etxetik zekarren praktika teoriarekin osatzeko. Oraindik ere noizean behin ikastaroren bat egiten du, aldizkariak eta liburuak irakurri, apunteak begiratu...

Juanjo Cruz del Fierron jaio zen, eta egun 20 minutura dagoen Gasteizen bizi bada ere, egunero joaten da bertara lanera: «Nahiago dut kanpoan bizi, lana burutik kentzen laguntzen duelako ‘joango naiz bihar’ pentsatzen duzu eta kito». Baina hirian bizi izanagatik, sarri bizimoduak bateratzea konplexua dela azaldu digu: «nekazaritzan astelehenetik igandera lan egiten dugu garai jakinetan eta ingurukoek asteburua libre izaten dute. Bikotekideak abuztuan oporrak egiten baditu, zuk ez duzu berarekin kanpora ateratzerik». Hala ere, berak ere lanean hiru hilabeteko etenak izaten dituela aitortu du, euria egin duelako eta abar. Kanpaina irailean hasten da: Lurra lantzen dute, urrian ongarritu eta garia ereiteko. Abenduan garagarra ereiten dute. Ondoren patata ereiteko prestatzen dute lurra eta martxoan ereiten dituzte patata eta erremolatxa ere. Garai honetan zerealei tratamendu kimikoa ematea tokatzen da, eta Aste Santu oste-maiatz hasieran azenarioa ereiten da. Ekain-uztailean hasten da uzta, eta garai gogorra da nekazarientzat. Eta maiatzetik irailera etengabe ureztatzen dute: «Erregadioko giltza ireki eta ixtea besterik ez da kontua, baina hor egon behar da». Lanegunak zeharo desberdinak dira aro bakoitzean: «Lurra prestatzeko astebete pasa dezakezu 5:00etan jaikiz eta gaueko 23:00-00:00etan oheratuz. iritsiko dira urtaro lasaiagoak».

Etorkizuna zail dagoela, eta handienek eta elkartzen direnek iraungo dutela uste du Ociok: «Gure herrian 5 nekazari gaude eta bakoitzak 2 traktore ditu. Egokiena litzateke kooperatiban elkartu eta denontzat 3 traktore izatea».


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude