Agenda 22


2006ko apirilaren 16an


Mahaipeko bi kolpe

Martxoaren hasierarekin Leitzan ginen, Manuel Lasarteren jaioterrian. Bazkaltzeko elkartu ginen eta pozik sumatu genuen Manuel, seme-alabak eta biloba ondoan zituela. Bazkalondoan bertsotan hasi ginen Xebastian eta biok. Manuel beti izan da gizon serioa, sentimenduak erakustera baino ezkutatzera ohitua. Gainerako entzuleen esku zartarik ez zuen hark jotzen bertsoero. Baina aldamenean neukan jarria, eskuinetara. Eta bertso ona botatzen nuenean, luze aritu ginen eta bat edo beste egokitu zen, eskuaz izterrean pare bat kolpe onespeneko jotzen zizkidan. Ez zen deskuidatu behin ere. Erdipurdikoari edo txarrari ez zegokion kolpe amoltsurik. On ustekoa bota nuelarik segundo erdi batean zain egoten nintzen eta han heltzen zitzaizkidan bi kolpeak, sekula baino epai zorrotzago eta leunagoak.


Kukuaren kupela


Azkaineko sagardotegi batean jakin genuen zer zen. Han, usadioak hala omen dio, kukuaren hotsa entzutean zabaltzen da upela. Hegoaldean ez genuen horren berririk, edo ez zitzaigun komeni izaterik, eta San Sebastianak hartzen ditugu itxaron-datatzat. Zarauzko moilan potaren arrasto beltzak azaltzean esaten da gurean udaberria heldu dela. Izan ere, karbonikoek, taninoek eta ez dakit zerk agindu aurretik, naturak agintzen zuen hemen.


Pedro Maria Otaño


"Onbu"a zer zen berari esker ikasi genuen. Herri-mina zer zen ere bai. Herria bildu omen zen Otaño agurtzera Ameriketarako itsasontzia hartu zuelarik. Basarri haren bertsoak irakurri eta kantatuz zaletu zen. Gerora, katea luze doa. Otsailaren 23ko militarren kolpeak edo Zamoraren Gijongo golak non harrapatu gintuen denok dugu gogoan. ETAren su-eten iraunkorraren aldarriak non harrapatu gintuen ere bai. Ni Zizurkilen nintzen, Pedro Maria Otaño herri ikastetxean, umeekin hitz aspertu bat eginez. Hamabietatik ordubaterakoa egin nuen, eta ikasgelatik irten ahala hurbildu zitzaidan bedel lanak egiten zituena, irribarretsu, galtzetan kabitu ezinik, Interneteko berria zekarren orria luzatuz. Otaño bera behin joan eta gehiago itzuli ez zena, igarotako panpakoen tankerako eremu latzak, herri-mina... Eta erabaki nuen ez zela leku hoberik hain albiste ona jasotzeko.


Lehen urratsa


Bertsotan propio ongi egiten oso da zaila, baina ez ezinezkoa gai denarentzat. Bertsotan propio gaizki egiten ere zaila da oso beti ondo samar egiten ohitua dagoenarentzat, nahiz eta gaizki aritzea oso den samurra propio ari ez zarelarik. Baina bada are eta zailagoa den eremua: bertsotan propio egin, lehen urratseko euskara ikasleek ulertzeko moduan. Helburu horrekin joan ginen Maialen eta biok Iruñeko Hizkuntza Eskolara. Ez dakit lortu genuen, baina ikasle-entzuleak pozik geratu zirela zirudien. Gurea berriz, ez dakit nola definitu: ahoan txiklea bageneuka bezala aritu ginen, lehenik garunari eta ondoren mihiari esku-frenoa jarrita. "Hau esango dut" pentsatu baina gero "ez, hitz hori jasoegia da" eta beste apalago bat sartuz azken orduan. Eta komunikazioa ez da apal-jaso kontua. Komunikazioa zalantzak gehiago eteten du ulertzen ez denak baino. Aurreiritziak gaindituta baino ez daiteke lor benetako gozamena. Horixe egiten ahalegindu ginen, txiklea ahotik aterata.


Taburetea


Bertsolariak definitzerakoan ezaugarri asko erabili izan dira. Halako sakona da, halako txistosoa, hura minimalista eta beste hura arlo guztietan berea ematen dakiena. Bat izan daiteke txapelketakoa, bestea afalosteetakoa, bestea bakarka ona, bestea teman... Bertsolaritzak arlo berriak harrapatu dituen honetan, izan gara dantzaleku handi horietako batean ere: Hernaniko Playn. Ezer ez zen ohikoa baina saioa ohikoa irten zen. Horrexek eman zidan pena. Nik uste, gorputz jarrerak izugarri baldintzatzen duela bertsolaria, eta dantzaleku batean ohiko oholtza eta ohiko aulkiek ez digutela onik egiten. Ni ez naiz ez sakona, ez txistosoa, ez txapelketakoa... Ni tabureteko bertsolaria naiz. Taburetekoa eta edalontzi luzekoa. Munduari begiratzeko hautatu dudan talaia hori da. Hortik nago entrenatua.


Prousten magdalenak


Izaten dira, bai, ume arorako itzul bidaia errazten diguten paisaje, kolore eta usainak. Baita zaporeak ere. Zarauztarroi adarra jotzeko getariarrek "lapa-jale" izengoitia jarri ziguten. Ez zen nonbait oso jenero preziatua, bixigu mamitan ohituentzat. Baina umetan, amak goxo jarrita, dexente jandakoa naiz. Mendexako bertso-jaialdia berreskuratu dugu hamar bat urteren buruan. Toki berezia da Mendexa. Zer esanik ez bertako bazkaritako menua: lapa jana. Edozein jatetxetan eske hasi eta ez duzu aurkituko gutizia beteko dizunik. Onddoak, lanpernak, muinak, txitxi-ezpatak... diren eta ez diren delicatessen guztiak demokratizatu dira. Lapak ez. Zorionez fama txarra izango dute oraindik. Lapengatik bakarrik izan balitz ere merezi zuen bidaiak. Azken batean itzul bidaia zelako, haurtzarora, bestelakorik aurkitzen ez dutenek aberritzat hartzen duten horretara.


Toti


Itxaropena Martinez de Lezea. Ez nuen ezagutzen aurrez aurre eta harritu egin ninduen emakume honen kemenak. Zazpi urte baino ez omen da literatura idazten hasi zela eta horregatik omen dauka orain beti lanean aritu beharra. Bere liburuak salduenen artean aurkituko dituzu edonon. Saldua, itzulia, goraipatua... eta batik bat irakurria. Badu ordea barrenean mina. Espainiarrek euskal idazletzat hartzen omen dute eta tira, hori jasangarri zaio nonbait. Baina euskal idazleek erdal idazletzat jotzeak, edo bere eleberriak "historikoak" direla eta literatur ikuspegitik gutxiesteak min ematen dio. Nik, asko ikasi nuen bere ondoan elkarrekin eman genuen egun hartan, Hernanin. Miretsi egin nion daukan idazteko grina, burua azaltzeko gogoa, datu-pilaketa tematia eta zehatza... Neuretzat nahi nuke hainbesteko adorea.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude