argia.eus
INPRIMATU
Obesitatearen kontra, ariketa
Jabier Agirre 2006ko martxoaren 26a

Obesitatea gaixotasun gero eta ohikoagoa da herrialde garatuetan. Gure artean, biztanleriaren %39k gehiegizko pisua du, eta %14,5ek obesitatea -ez dira gauza bera, beraz-. Kirol Batzorde Goreneko Endokrinologia Zerbitzuko Nieves Palacios Gil-Antuñano doktorearen iritziz, "obesitatearen jatorrian pertsonaren egiazko premia eta beharrekin bat ez datorren kaloria-kopurua irenstea egon daitekeela pentsatzea logikoa da. Beraz, obesitatearen kontrako aurreneko neurri prebentiboa bizimodu-estiloa aldatzea izango litzateke, ariketa fisikoaren bidez gastu energetikoa gehituz, eta dieta osasuntsua eta orekatua eginez".

878 adoleszenterekin egindako ikerketan, Kaliforniako Unibertsitateko adituek ikusi zuten ariketa fisikoaren falta zela 11-15 urte bitarteko gazteen obesitatearen sortzaile nagusia. Eta gurera etorriz, berriz, 15 urte bitarteko gazteen artean egin zen ENSE inkestak erakusten digunez, %37,9k noizean behin bakarrik egiten omen du jarduera fisiko edo kirolen bat; %22k erregularki egiten du jarduera fisikoa -hilean hainbat aldiz-, eta %16,3k astean behin baino gehiagotan entrenamendu fisikoak egiten omen ditu.

Gaur egun, argi eta garbi frogatua dagoen bezala, sedentarismoa arrisku-faktore garrantzitsua da hainbat motatako gaitzak sortzeko. Eta bizimodu aktiboak, berriz, mesede eta onura ugari ekartzen dizkio gure osasunari, fisikoak bezala baita psikologikoak ere. Ariketa fisikoaren eragina berehalako ongizate sentsazioa izaten da, hainbat ordutan hortxe jarraitzen duena. Palacios doktorearen hitzetan, "ariketa fisikoa egiteko ohitura, eta elikadura egokia. Horiexek dira obesitateari aurrea hartzeko oinarrizko bi zutabeak. Horrez gain, ez da ahaztu behar hidratazio on batek duen garrantzia ere, osasun-egoera ahalik eta onena lortzeko".

Europar Batasuneko hamabost herrialdetan urte luzetan egindako ikerketa baten arabera, Espainia da biztanleko jarduera fisiko tasarik txikiena duena, hau da, bizitza sedentarioena daramana. Gazteen %38k sedentariotzat jotzen du bere burua, eta umeek ere gero eta denbora gutxiago ematen diote kirolari, beren aisia telebista ikusten edota ordenagailuz jolasean ematen dute-eta.