argia.eus
INPRIMATU
Gerra garaia, gerra osteko urtegia...
2006ko martxoaren 12a
Gotzon Aurrekoetxea eta Henrike Knörr irakasleek egina da liburuaren sarrera. Hauek, bi gai azpimarratu dituzte Legutiano aldeko euskara argitalpenean berriemaile lanetan jardun duten hiztunen diskurtsoetatik: 1936ko gerra, eta urtegia. «Gerraren kasuan, bertan egon zen frontea. Gogorra izan zen hori bertakoentzat. Askok alde egin behar izan zuten». Gerra lehenengo, eta urtegia gero. Gaur egun ur-kirolak egiteko, arrantzurako, edo hondartza gisa erabiltzen den urtegiak iragan iluna du, zinez, eta aztertu gabe irauten duen gaia dugu. «Urtegiak lur izugarri onak urperatu zituen. Laborantza utzi eta beste era batera hasi behar izan zuten bizitzen. Gasteiza joan ziren batzuk; beste batzuk, Deba ibarrera. Urrunagan bertan ere lur asko urpean geratu ziren. Elosun, errota eta, urpean, beste bi edo hiru baserrirekin batera. Errotik aldatu zuen horrek bertako bizimodua». Eta bertara lanean etorri ziren etorkinen egoera, miseria gorria. «Are gehiago esango dizugu: argazki bila hasi ginenean liburu azalean jartzeko, hainbat aukera izan genituen. Gogoan dugu argazki bat, urtegia egin baino lehenagokoa: ingurua erabat zen laua. Bertakoek diote urtegiak lurrik onenak hartu zituela. Ordokia zen paraje hura, neurri handi batean. Erreka bat zetorren bertara Barazar-Ubide aldetik, eta beste bat Otxandio aldetik». Bi errekek bat egiten zuten Urrunaga baino pixka bat goraxeago: paraje aberatsa, egokia, laborantzarako aproposa omen. «Eta ikusgarri polita!».