argia.eus
INPRIMATU
Begiko iturri bati
IƱigo Aranbarri 2021eko uztailaren 16a

Badira, memorian osatzen duten amarauna oso-osoan hartuta ere, besteengandik garbi bereizten diren egunak; nola ez dakizula, hor-hemen gogoan gordetzeko adinako emozio zaparrada uzten duten egun bereziak. Andoni Egañak laugarren txapela irabazi zuen igandea izan zen horietako bat. Barakaldotik etxera helduta, bertan egondako jendearekin hitz egin, eta batzuek eta besteek: emozioa. Etxetik jarraitu zutenek ere, berba bera, aipatu gabe bada ere: "Begiak behin baino gehiagotan bete zitzaizkian", eta diozu zeure artean, ederra dela jendea zirrarak jotzea, areago hitzaren bidez bada. Badakizu ez dela ele hutsagatik, giroa dela asko, taldeko sentitzea, adar ugari lituzkeen identifikazioa. Eta asmatzea. Jendea bihotz erdi-erdian jota, ederra da zauria.

Nolanahi ere, domeka berezia izan zen Andoni Egañak txapela laugarrenez irabazi zuen eguna. Gau bertan, berandu oso inork deitzeko, eta telefonoak orro: "Enteratu al haiz?". Lo harrapatu ninduen. "Hi haiz ona! Zertaz izango duk! Evo Moralesek irabazi dik!". Hala igo nintzen berriro zaldi zurian, berriak aztoratuta eta ilusiorik ez egiteko aginduta neure buruari, bozen emaitzak aise aldatu egiten direla eta. Loeroan, Evo Morales etorri zitzaidan ametsetara. Tarteka, Barakaldoko irudiak, ahotsik gabe, joan-etorrian. Iratzargailuak jo baino bi minutu lehenago esnatu nintzen.

Ez diot gezurrik: Egañarenak adina -gezurra: Egañarenak baino gehiago- poztu ninduen Evo Moralesen txapelak. Gertukoa izanagatik bata, laino artekoa zaidalako bestea, hangoak poz handiagoa. Gezurra berriz ere, orain ohartu naiz: emozioa zen, apaltzen hasitako aurrenekoaren haren gainetik berriz zetorrena. Irudiek, asko laguntzen zuten: Morales bere etxean -estreina, presidente batek lotsarik gabe erakusteko moduko etxea-, Moralesen aldeko elkarretaratzeak, Moralesi bibaka ari ziren ahotsen eztarriak... Barakaldon gai kitzikagarri izan zena, harria lako egia da El Alton. Aspaldiko partez, begiak busti zaizkizu. Horra pobreen balizko aukera. Eta sentimendu primitiboek bahitu ninduten.

Gero, biharamunetik, barne zain hauek bozatzea etorri da. Zailtasunak ageriago atera dira, emozioek hoztasunari demaiote toki. Orotan. Bertsoak sorturiko zirrara puntuen labanarekin mozten da, Evo Moralesen ametsaren ederra, posibilismoarekin eta ekonomiaren legeekin. Halakoak gara, ulertzen dugu suak baretzea.

Izan ere, bada nork hoztu. Justizia soziala gurasokeriarekin nahastuko dizute, eta entzuten dituzu: Evo Morales, "buruzagi kokaleroa" da, gero, noski, ez dizute azaltzen zer den kokaleroa izatea Bolivian, zertarako, ondo badakizu zer den kokaina. Burtsan, eguna ez dela ona azaltzen dizute, Repsol jaitsi egin dela, Boliviako emaitzak direla eta. Eta ez dakizu, baina ohituta zauzkate burtsa txarki badoa gure bizimoduak okerrera egingo duela ebazten, eta hidrokarburoen nazionalizazioa aipatzen dizute, baina ez dizute, inondik ere, nazionalizazioak zer esan nahi duen azaltzen. Eta has zaitez zure memoria politikoan nazionalizazio adibideak topatzen. Baztertu karikatura merkeak. Nor zen Lazaro Cardenas?

Emozio asteak urte hondarreko hauek. Nondik edo handik ekarritako itzalak, gertaerak, sentipen biziak. Luze gabe, dena joan egingo da. Emozioak hoztu egingo dira, begiak lehortu. Egunerokotasuna gailenduko zaigu berriro ere. Munduan bi egoera berdin ez dagoen arren, Lularekin bezala, hartuko ditugu zaflakoak Moralesekin ere. Orduan aterako zaizkigu: "esan nizun irabazi zuenean, ezin izango zuela, borondatea ez dela nahikoa". Orduan, nola ez dakizula, emozioaz hitz egiten diozu. Hotza beharko dela, baina emozioek gaituztela azken beltzean bizitzen. Aspaldiko partez. Eta hauek, noiz eta nola ez dakizula zaituztela bahitzen. Begiak busti zaizkizu. Bizirik segitzeko. Egundo -nahita beti- osorik ematen ez zaigun objetibotasun ororen gainetik.