argia.eus
INPRIMATU
Mitxel Murua: «Haurrek eta hain haur ez direnek ondo lo egin dezaten osatuak dira»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
Zein da Egizu lo liburu eta diskoaren helburua?
Ipuin, poesia eta kantu hauekin gonbita luzatzen diegu irakurle eta entzuleei, izan haur, izan heldu, ametsak intentsoago bizi ditzaten.

Zer dela-eta osatu zenituzten lan hauek?
Haurrari kantuak kantatu eta ipuinak kontatu egiten zaizkio, ondo lo egin eta amets goxoak izan ditzan. Eta kantuen eta ipuinen ondoren «egizu lo» esaten diogu. Lotarako ipuinak garrantzi handikoak dira umetan, baina baita helduak garenean ere. Ipuin bat irakurri eta lo hartzen dugunean, askotan gurekin eramaten dugu ipuin hori ametsen mundura. Eta ametsen mundua ere gure bizitzaren parte da, ametsak eta errealitatea txanpona baten bi aldeak bezalakoak baitira. Horregatik osatu genuen lotarako kantuen eta ipuinen bilduma aparta hau, Euskal Herriko musikari eta idazle puntakoen obrekin. Haurrek eta hain haur ez direnek ondo lo egin dezaten.

Diskoa ere plazaratu duzue.
Sortuz geroztik, musika eta kantak garrantzia handiko konpainia lagungarri suertatuko zaizkio haurrari, barruan dituen anabasa ulergaitzak ordenatzen lagunduko diotelako, fantasmak eta beldurrak uxatzen eta, jolasa medio, irudimena landu eta sentimentuak orekatzen eta, oro har, bizitzen irakasten diotelako. Denen artean, sehaska-kantak ditugu esentzian gardenenak, sotil, xuxurlari eta itxaropentsu. Horregatik bildu ditugu disko eta urte ezberdinetan artista eta ahots ugarik grabaturiko sehaska-kantarik esanguratsuenak. Haurraren loa, dagoen tenplurik sakratuena delako.