argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21

Planeten sorrerari buruzko arrastoak

Ikertzaileak aspalditik ari dira planeten sorrera ezagutu nahian, Lurra baino zaharragoak diren meteoritoak aztertuz.

Londreseko Imperial Collegeko ikerlarien arabera, planeta eta meteoritoetako elementu lurrunkorren ihesa da gure eguzki-sisteman suertatu zen lehenetariko gauza. "Lurruntasuna gutxitzea" da beraz, ikertzaileek segitzen duten arrastoa ez bakarrik gure planeta-sisteman, baita beste batzuetan ere.

Ondorio hau atera ahal izateko ikertzaileek Lurra hauts zelarik jada existitzen ziren meteoritoak aztertu dituzte.

Lurra eta gainerako planetak sortzeko ia segurutzat jotzen zen espazioan hautsa eta gasa zegoela eta hauen elkarrekintzetatik sortu zirela planetak, baina susmoa zena orain baieztatze-bidean jarri da.

Ildo horretan ikertzaileentzat baliagarrien diren meteoritoak Lurrera erori eta berehala aztertzen direnak dira, zeren eta Lurreko atmosferarekin kutsatzeko denbora gutxi izan baitute. Hortaz, oraingoz hogei meteorito inguru baino ez dira aztertu, gainerakoak ikerketarako ez baitira fidagarritzat hartzen.


Panpatik izpi kosmikoak behatzen

Argentinako Mendoza probintzian, Andeen oinean, CNRS erakundeak zabaldu berri du munduan handiena den izpi kosmikoen behatokia.

Izpi kosmikoek etengabe jotzen dute gure Lurra. Victor Hess fisikaria izan zen 1912an izpi kosmikoen berri eman zuen lehena eta orduz geroztik partikula kargatu hauen konposizioak misterio izaten segitzen du. Energia-maila txikikoak direla eta supernoben, hots, izar erraldoien leherketatik sortu direla ere ezaguna da.

Pierre Auger deituriko behategian bi bide erabiltzen dituzte izpi kosmikoen ibilbidea detektatzeko. Batetik, izpiak atmosferan sartzean arrastoa uzten du eta arrasto hau teleskopio fluoreszenteen bidez detekta daiteke; bestetik 12 tonako ur andeletan hodi fotobiderkatzaileak dituzte, uretan zehar igarotzen den partikularik txikiena detektatzeko gai direnak.

Dauden 24 teleskopioek eta 1.600 ur-detektagailuek 3.000 kilometro koadroko eremua okupatzen dute, hau da, Arabaren tamainako lur-eremua. Proiektu hau 15 herrialderen artean finantzatzen ari dira, baina ez da hemen amaitzen sustatzaileen asmoa, 2007an AEBetako Coloradon beste behatoki bat eraiki nahi baitute. Zergatik bada hainbeste interes izpi-mota hauekiko?

Alor asko izan daiteke ikerketa hauetatik ateratako onuren hartzaile, baina batez ere medikuntzan egungo sistemak ailegatzen ez diren lekuetara ailegatzerik izan daitekeela uste da: erradiografiek, ekografiek eta abarrek ematen dutena baino ikusmen zehatzagoa eta garbiagoa lortu baitaiteke, adibidez.