Josune Muñoz: «Euskal Herrian matriarkatua egon dela sinesteak kalte handia egiten digu emakumeoi»


2005eko abenduaren 11n
Aurkeztu egiguzu Skolastika...
Literatura zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa bat da. Literatur-tailerra da, baina ez hori bakarrik. Skolastika gune feminista da. Batetik eskolak ematen dira, emakumeen eta literaturaren inguruko gaiak irakurtzeko, ezagutzeko, eztabaidatzeko... Bestetik, literatur-aholkularitza ere bada. Eta gainera, beste era bateko lana ere egiten dugu. Emakume eta kulturaren inguruko hitzaldiak, mintegiak, eztabaidak... antolatzen ditugu, baita hemendik kanpo ere, erakundeek edo edozein elkartek eskatuta. Azkenik, liburutegia daukagu, eta horren barruan, Emakumeak eta Euskal Literatura saila, hori da beharbada gure altxorrik preziatuena. Urteak eta urteak dira emakumeen liburuak erosten, eta oso liburutegi ona daukagula pentsatzen dugu.

Skolastika gune feminista dela esan duzu. Literatura feminismoaren tresnatzat ulertu behar dugu?
Bai. Komunikabideetan eta, oro har, gizarte osoan dagoen feminismoaren irudia guztiz pobrea da. Askotan daukagun irudia da feministak urduri jartzen diren andra batzuk direla, kaletik oihuka dabiltzanak, emakumeen kontrako indarkeria salatuz edo abortoa eskatuz... Kaleratzen garenean baino ez gaituzte ikusten, baina ikaragarrizko lana dago horren atzean. Feminismoa diziplina teorikoa da, eta feministok badugu lan bat historian, literaturan, artean... kultur arlo guztietan. Nik literatura jorratzen dut, literaturaren bidetik primeran erakutsi ahal dugulako gizartean zer-nolako tratamendua egon den emakumeenganako, zer-nolako jarrerak emakumeengandik... Konturatu egin gara ikerketa egiteko momentuan literatura guztiz baliagarria dela era guztietako datuak lortzeko: historikoak, sozialak... Eta, batez ere, emakumeen egoera psikiko, fisiko eta emozionala ezagutzeko.

Feminismo hitzaren esangura, beste askorena bezala, ez al dago desitxuratu samarra?
Jakina. Batez ere gizonezkoen kontrako zerbait dela zabaldu da, eta ontzat eman. Ez da egia. Feminismoa emakumeen aldeko mugimendu teoriko, kritiko, multidiziplinarra da. Baina kontuan hartu feminismoa patriarkatuaren aurka zuzen jotzen duen mugimendua dela, eta patriarkatuari gure lana desitxuratzea komeni zaio.

Feminista batzuek ere feminismo berbaren esangura ez ote dute ahaztu?
Arazoa da feminismo hitzak nolabaiteko alergia ematen duela. Emakumeen aldeko lan ikaragarria egiten duen andra bati galdetu ea feminista den, eta berak ezetz, feminista izateko gizonezkoen kontra jo behar duela pentsatzen du-eta. Hori da tristeena, emakumeoi ematen digun alergia. Eta ez luke hala izan behar, feminismoa gure alde doalako. Nik hasarre handia daukat, Euskal Herrian, eta euskal kulturan, emakumeoi "saldu" egin digutelako matriarkatu bat egon dela hemen. Eta orain gutxi arte, gainera. Hori gezur hutsa da, Euskal Herrian ez da inoiz matriarkaturik egon. Konparatzen baldin badugu, egia da emakumeok beste leku batzutan baino botere handiagoa eduki dugula, baina beti gizonaren menpe. Euskal Herrian ez da egon matriarkaturik, baina guk sinestu egin dugu, eta horrek kalte handia egiten digu, ez daukagulako gure benetako irudiaren neurririk. Emakume euskaldunak ere patriarkatuaren biktimak gara, baina ez dugu gure egoeraren neurri egokia, beste emakume batzuekin konparatuta oso boteretsuak garela uste dugulako.

Emakumea eta literatura uztartzen dira Skolastikan. Badago emakume literaturarik?
Jakina! 90eko hamarkadan eztabaida zabaldu zen mundu osoan: emakume literatura dago ala ez? Euskal Herrian berehala jarri ziren ados ezetz esateko, ez dagoela emakume literaturarik. Horrek izugarri pobretzen du emakumezkoen literaturaren irudia. Emakume literatura existitzen den ala ez eztabaidatzean guztiek galdetzen diote beren buruari ea emakumezkoek sortutako eleberriak desberdinak diren ala ez. Eta literatura ez da eleberrigintza bakarrik. Emakumeen literatur-lana da, esaterako, ipuinak transmititzea, bertsolaritzaren altxorra mantentzea... Emakumezkoena zer den eztabaidatu ere ez bada egiten, ez ditugu gure Erdi Aroko kantak berreskuratuko, ez dugu berriro aztertuko XVIII-XIX. mendeetako kantutegia... Emakumezkook ez ditugu geure literatur-iraganak ezagutzen. Geure buruaren kontra egiten dugu, "ez dago emakume literaturarik, literatura ona eta txarra besterik ez dago" esanez.

Eta badago gizonezkoen literatura bat, ezaugarri jakin batzuekin?
Bai, jakina! Hitz labur batez definituko dut: kanona. Kanona gizonezkoei dagokie.

Beraz, etiketa emakumeei baino ez zaie ezartzen, gizonezkoek ez dute etiketa beharrik...
Noski.

Eta orduan, "emakume literatura" etiketa sortzea ez da arrikutsua emakumeentzat?
Ondo eztabaidatzen bada, ez. Arazoa da "emakumezkoen literatura" esaten denean beti "bigarren mailako literatura" ulertzen dela. Aldiz, emakume literatura benetan zer den aldarrikatzen bada -ahozkoaren transmisioa, eta abar-, ez da arriskutsua. Skolastikan, hain zuzen ere, hori egiten dugu: ahozko literaturatik hasi eta euskal literaturaren historia osoa arakatu, ikusteko non gauden eta non ez, zer dela-eta ez gauden, zer tratamendu jaso dugun gizonezkoen literaturan... Hori ikertuz primeran frogatu ahal da hemen, literatura existitzen denetik behintzat, matriarkaturik ez dela egon. Guk ikertzen dugun euskal literatura beste guztiak bezain matxista da.

Baina literatura bera da matxista, ala literatura horrek agertzen duen gizartea?
Biak. Gure errefrautegia ere ikertu dudan matxistenetariko bat da.

Gizonezkoen literatura matxista dela diozu. Emakumezkoena feminista al da?
Zati bat bai. Ahozko literaturan gehienbat. Kantu aldarrikatzaile asko dago, salaketa bat egiten dutenak, maitasuna emakumearen ikuspegitik agertzen dutenak...

Esaten da, batzuek esaten dute, gizonak ere jendarte sexista honen biktimak garela...
Egia da.

Gurezat eroso samarra da biktima izatea, ezta?
Bai, oso biktima erosoak dira gizonak. Gizonezko batek, adimen apur bat badu behintzat, gizartea aztertu eta berehala ikusiko du zein den haren antolakuntza: erdia beste erdiaren menpe, eta gizona da menperatzailea. Eta normalean gizonezkoek ez dute hori aldatu nahi izaten.

Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko legedia gogortu egin da, epaitegi bereziak sortu...
Berriro goaz hasierara: feminismoa emakumeen inguruko diziplina da. Eta emakumeok gara emakumeez gehien dakigunak. Baina feministon lan teoriko ikaragarriak ez dauka aitortzarik. Beraz, emakumeei buruzko lege bat ateratzen denean, guri ez digute galdetzen. Lege berriak aurrerapausoak dira, baina ez dira nik proposatuko nituzkeen legeak. Feministok gara emakumeon inguruan gehien landu, hausnartu eta hitz egin dugunak, geu gara espezialistak. Zergatik ez dute guregana jotzen, ea zer uste dugun galdetzera? Azken hitza gurea izan beharko litzateke.

Oro har, zer iritzi duzu emakumeen kontrako indarkeriaz? Badirudi bat-batean denok asaldatu garela betidanikoa den zerbaitengatik...
Ia betidanik izan naiz feminista eta duela hamar urte nabil emakumeekin lanean. Emakumeok, eta are gehiago feministok, betidanik ezagutzen dugu arazoa. Guretzat ez da berria. Guretzat berria dena da orain denak konturatzea. Zabaltzen ari da behintzat, eta hori ona da, nahiz eta hasiera batean komunikabideek arreta desbideratu, edo botereak beste era batean azaldu gauzak. Horregatik aldatu da legedia, eta heriotz asko dagoen arren aurrepausoak egin dira... Ni oso baikorra naiz.

Orain badaude gizon bortitzak bortitz izateari uzteko ikastaroak ere...
Beharrezkoa hori ere, beraiei bururatuko ez litzaizkieeken argudio batzuk entzuteko sikiera. Hala ere, ez da konponbidea.

Zein litzateke konponbidea, bada?
Galdera latza. Indarkeria honek sostengatu egiten du patriarkatua, eta zer da patriarkatua? Gizonezkoek daukatela boterea, eta botere hori emakumeak menperatzeko erabiltzen dutela. Botere hori sostengatzeko indarkeria erabiltzen da. Gizon batek bere andrari esaten dio: "garbitu", eta andrak ezetz esaten du. Gizonak andra jotzen badu, andrak garbitu egingo du. Hori arlo guztietan ematen da: badago indarkeria fisikoa, eta psikologikoa, eta baita egiturazkoa ere: legala, morala... Dena sostengatzen da indarkerian. Emakumeen kontrako indarkeria desagertuta, patriarkatua desagertzen da. Horregatik izango da zaila indarkeria hori desagertzea.

Gaur egungo gizon gazteak ez omen dira aurreko belaunaldietakoak bezain matxistak...
Esan dugu biktima erosoak zaretela. Ez dituzue umeak zaindu behar, ez etxean lan egin behar...

Baina hori aldatzen ari omen da...
Bai, eta aurrerapauso guztiak ongi etorriak dira. Baina aldaketa hori emakumeok hala eskatu dugulako eman da, ez gizonek sistema osoari kritika sakona egin diotelako.

Orduan, lehengoak bezain matxistak dira gaurko gizon gazteak?
Ñabardurak ñabardura, bai. Ez da hain ageriko matxismoa, hori bai, baina jarrera hori ez duzue zuen kabuz hartu, emakumeek behartuta baizik.

Gizon batek egin dizu elkarrizketa hau. Nahiago zenuen emakume batek egitea?
Era honetako elkarrizketak gizonekin egin nahiago ditut beti.

Genero-ikerkuntzarako egitura falta
«Genero-ikerketak feminismoaren abiapuntu teorikoa dira. Espainiako Estatuan bada zerbait, hainbat unibertsitatetan, baina Euskal Herrian ez dago ezer. Badaude emakume batzuk, izen ezagunak, lan bikaina egiten, baina ez daukagu gunerik indarrak batzeko. Horregatik gabiltza feministok hain ahul geure aldarrikapenetan. Ez daukagu sostengurik teoria aldetik».

«Erromintxelak euskaldun petoak dira»
Egun, Josune Muñozek emakumeen inguruko ikerketetan dihardu buru-belarri, baina orain zenbait urte, Hego Euskal Herriko ijitoen hizkera aztertzen ibili zen.

Euskal ijitoen hizkera... euskal ijitoen euskara dela esan daiteke?
Ez. Eta gainera hizkera da, ez hizkuntza. Broken spoken edo pagodolektoa da, bi hizkuntza nahastuz sortzen den hizkera. Eta euskal ijitoen hizkera erromintxela da. Baina ez da inongoa, pertsona erromintxel bat dagoen lekukoa baizik. Izan ere, beraiek esaten dute erromintxelak direla lehenik, eta ijitoak gero.

Baina Euskal Herrian sortua da...
Bai. Ikertu genuenaren arabera, ijito hauek kalderas familiakoak dira, hau da, kalderas dialektoa zeukaten jatorrian. Erromintxela dialekto hori euskararekin batzearen ondorioa da seguruenik. Erromintxelaren morfologia, gramatika eta joskera euskararenak dira, eta lexikoa kalderasarena.

Euskaraz dakien batek uler lezake erromintxela?
Ezagun egiten da, somatzen da euskararekin zerikusiren bat daukala, baina ez dago ulertzerik. Horretarako sortu zen!

Euskaraz ba al dakite erromintxelek?
Euskaldun petoak dira. Nik elkarrizketatu nuen zaharrenak -gaur egun hilda dago- bazekien gaztelaniaz, euskaraz, erromintxelez, frantsesez eta kaloz. Denak primeran. Bergaran jaioa zen. Euskal Herri osotik mugitu dira baina batez ere Nafarroan eta Iparraldean gelditu dira, eta baita ere Bilbon, Ondarroan, Bermeon... Orain zortziren bat urte, Bergaran jaiotako hark zioen 500 baino gehiago ez zirela izango Hego Euskal Herri osoan. Eta hiztunak, seguruenik, gutxiago.


Hizkera galtzen ari da, beraz?
Bai. Aipatu dizudan adibidea belaunaldi zaharrenekoa zen. Hurrengo belaunaldiekoek bazekiten gaztelaniaz eta euskaraz, baina erromintxela ulertu baizik ez zuten egiten. Hitz egin ere apur bat, baina ez ondo. Hirugarren belaunaldiak, berriz, galduta dauka erromintxela. Hala, Hego Euskal Herrian ia galduta dago. Iparraldean ondo gorde ei da, baina nik ez dut hori ikertu.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude