ARGIA.eus

2022ko maiatzaren 24a

Dolors Solá i Noguera, Centre de Normalización Lingüística d'Osonako zuzendaria: «Hizkuntza bikoteetan parte hartzen duten askok proiektu honegatik ez balitz ez lukete inoiz etorkinekin harremanik izango»

2005eko abenduaren 11

Dolors Solá i Noguerak Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak, AEK-k eta IKAk, azaroan Durangon, antolatutako Mintzapraktika egitasmoak: Erabilera lantzeko tresna eraginkorrak izeneko jardunaldietan hartu zuen parte. Katalanaren hitzaldiaren izenburua honakoa izan zen: Voluntaris per la Llengua: Hizkuntza bikoteak, hizkuntza bat ikastea baino askoz gehiago. Hitzaldiaren haria jarraituz elkarrizketa egin diogu.

Nola laburbilduko zenuke hitzaldiari jarri zenion izenburuaren mezua?
Bi pertsona jartzen ditu harremanetan proiektu honek: katalana ikasten dabilena -orokorrean etorkina- eta katalanez dakien beste bat -berdin da non jaioa den-. Zergatik den hizkuntza bat ikastea baino askoz gehiago? Hizkuntzaren bitartez pertsona bi harremanetan jartzen direlako, etorkinak bere hiria ezagutzen duelako, etorkinei gizartean txertatzen laguntzen dielako...

Zure ustez, hizkuntza, nortasunaren identifikazio eta karakterizaziorako bitartekoa ere bada.
Gurean gehiago, gainera. Etorkinek hona heltzen direnean, ez dakite hemen katalanez hitz egiten dugunik. Bat-batean bi hizkuntzarekin egiten dute topo. Katalanez mintzatzeko katalantzat izan behar duzu zure burua. Kanpotik datozenak katalanez hartzen baditugu, gizarteko parte sentitzen dira. Aintzat hartuak sentitzen dira. Parte sentituko dira, euren jatorriari uko egin gabe. Hizkuntzak komunikatzeko bakarrik ez, parte sentitzeko ere balio du.

Orain arteko esperientzia nolakoa izan da?
Adibide pare batekin laburbildu daiteke. Batetik, marokoar mutil batek esandakoa: "Nire bizitzako sei urte galdu ditut. Hemen bizi nintzen, baina hemen bizi gabe". Bestetik, neska hegoamerikar batek esandakoa: "Lehen kaletik nindoanean ez nuen inor ezagutzen. Orain jende asko ezagutzen dut. Orain jendearekin hitz egiten dut. Bizitzeko lekua aurkitu dut". Bertakoek etorkinak ezagutzeko eta etorkinek gu ezagutzeko aukera da. Hizkuntzaren bitartez beti ere.

Hizkuntza bikoteak gizarte katalan, solidario, demokratiko eta askearen oinarri den gizarte egitura sendoa eraikiz doaz, zure esanetan.
Bai, ghettoak saihesten dira hizkuntza bikoteen bitartez. Gizartearen zatiketa saihesten dute. Hizkuntza bikoteetan parte hartzen duten askok proiektu honegatik ez balitz ez lukete inoiz etorkinekin harremanik izango. Iritzi publikoak gauza asko esan ditzake. Txarto ulertzeak eta informazio faltsuak desagerrarazten dira hizkuntza bikoteen bitartez. Gizartea kohesionatzeko era ona da. Kultura ezberdinetako jendea batuko duena hizkuntza bera izango da.

Etorkizunean familiekin antzeko zerbait egitea da zuen asmoa.
Gurasoen elkarte batekin bildu naiz berriki eta eskola bereko bi familirekin egingo dute proba. Gure artean normala da seme-alaba txikiak direla-eta familiek elkarrekin zenbait gauza egitea, igande goiz batez nonbaitera joatea edo umeentzako antzerki bat ikustera joatea... Gure asmoa etorkinen familia batekin eta bertako familia batekin hori bera egitea da; hiru-lau gauza elkarrekin egitea. Etorkin familia horren eta eskolaren arteko zubi izan daiteke bertoko familia.


Azkenak
Galiza non ten rei

Itzuli da Juan Carlos eta Galizia aukeratu behar izan du erakusteko berak jarraituko duela egiten borboiaren puntan jartzen zaiona. Diotenez, diskrezioa eskatua zion Espainiako Errege Etxeak, ez zaiolako show handirik komeni, monarkia krisi existentzial bat bizitzen ari baita... [+]


Iruzurra edo estatu kolpearen itzala Kolonbian igandeko hauteskundeetarako

Herrialdeko lehendakaria hautatzeko hauteskundeak egingo dira datorren maiatzaren 29an Kolonbian eta Itun Historiakoa ezkerreko koalizio zabaleko hautagai Gustavo Petro izango da irabazlea, inkesta guztien arabera.


2022-05-23 | Bertsoa.eus
Nafarroako bertsolaritzaren dokumentazio eta ikerkuntzarako hitzarmena sinatu dute Euskarabidearekin

Modu honetan, bertsolaritzak Nafarroan eragiten duen ondarea biltzeko eta ikertzaileen esku jartzeko Nafarroako Bertsozale Elkarteak urteetan egindako lanak erakundeen aitortza eta finantziazioa jasoko du lehendabizikoz.


2022-05-23 | Declan Kearney
Hauteskundeak amaituta, demokraziaren garaia da

Sei konderrietako estatua orain 101 urte sortu zen Irlandako iparraldean. Gehiengo unionista iraunkortzeko zegoen diseinatua. Sistema mota bat, non sortua izan zenean, hauteskunde barrutiak halako gisan banatu zituen ezen unionistek beti abertzale irlandesek baino bozka gehiago... [+]


Irakurrienak
ASTEKARIA
2005eko abenduaren 11
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude