argia.eus
INPRIMATU
Ametsak erein eta ametsak bildu
Urtzi Urrutikoetxea @urtziurruti 2021eko uztailaren 16a
Uda hasita zegoen ideia aipatu zidatenean. Bikaina, esan nuen, ondo eginez gero izugarria. Baina ondo egin behar da, gero. Asko dira herri honetan goizaldeko ordu txikietako ideia potoloak, uzker bat bezain indartsu bota eta hura bezala minutu batzuetan batere indarrik gabe galdutakoak. Okerrenak tartekoak dira, indar apur batekin ekin, jendea inplikatzen hasi eta gero ideiaren sortzaileak eurak ikusten dituzu uzkur, ez jakin zergatik. Izan liteke euforian botatakoak ajea latza izatea, izan liteke ideia ona zirudiena hain bikaina ez izatea, izan liteke goizaldeko hiruretan edozertarako prest den iraultzailea egun-argitan funtzionario apal eta sumiso bihurtzea, eta izan liteke azalpen psikologikoagoa behar duen fenomenoa gertatzea gurean: argi azaltzerik ez dauden arrazoiengatik, lanari indartsu ekin dion taldea erdibidean hustuta gelditzen da, taldekideak ustez haserretu gabe, indarrak ahitu edo interesa galduta.

Horrelako mila kasu ezagututa, horixe izan zen nire aholkua, ondo egiteko gauzak, hasieran bai baina gero jarraipena egiteko, jendea asko inplikatu behar zenez. Mesedeak eskatzea munduko gauza errazena baita, gero erantzuten jakitea besterik da, horratik. Uda aurrera zihoan, eta baietz, kontua ondo zihoala zioten, urliak baietz eta sandiak ere bai, ezezkoren bat, noski, baina gure gazte zoro koadrilak bazterrak ederto nahasten asmatu zuen. Inplikazioa lortu, eta erantzuten asmatu.

Emaitza, labetik irten berri dago. Ez dakit beste egileek zenbaterainoko lana izan duten, nirea xume-xumea izan da ipuin labur bat idatziz. Zer gehiago, horrenbeste lagun biltzea lortzen delarik, eta atzetik horren gazte-koadrila bikaina izanik, dena lotu eta antolatzen?

Horixe da nire auzoko gazteria. Horixe zen iaz ere. Aukeran, gurago ipuinik idatzi barik horrelako libururik ere ez egin beharra, ez behintzat honetaraino ekarri gaituen motibo zehatzaren eskutik. Baina hala izan denez, bego horretan. Eskerrik asko, alkate jauna. Zure laguntzarik gabe ez dakit Ametsen Baratza osatuko genukeen. Auzokoen bultzada eta babesa garrantzitsua izan da, baina zure egurra geneukan akuilu garrantzitsuena.

Sorgintxuloren itxieraren hamaikagarren hilabetean aurkeztuko dute, Durangorako prest. Gauza onak, hobeak, eta zergatik ez, txarrak ere aurkituko ditugu barruan beharbada. Borondate faltarik behintzat ez. Halaxe zen Sorgintxulo ere, gauza bikain asko eta hobetu zitezkeen batzu-batzuk ere bai. Bizitza bera bezalaxe. Berbetan hasi eta Santutxu auzoko espazio hark eman zezakeen guztiaren zati bat, zuku apur bat ateratzen asmatu zuten auzokideek. Zinema, ordenagailu-gela, musikarientzat ere bai, afari, jai, ekitaldi andana antolatutakoa. Ez ditut ahazteko liburuaren xaxatzaileak, musika jotzen, jendez gainezka zegoen afarian, eta Etxahun Lekue eta Arkaitz Estiballes bertsolariak aurrean, tabureteetara igota, rasta ileak, rasta txapelak jantzita, "No, Arkaitz, no cry" bezalako bihurrikeriak lantzen. Bertso-rastafaria, adibide txiki bat baino ez, gure auzotik. Larrabetzun, Iruñean, Gasteizen, Euskal Herri osoan beste hainbeste topatuko dituzue, udaletako kultura sailetako programa garestietan agertu ere egiten ez direnak. Baina hor daude, ametsak bezala, hain eskuragaitz eta gezurrezko batzuentzat, hain presente eta garrantzitsu besteontzat.
Ametsen Baratza izango da liburua, baina beste amets asko erein eta landu dira aspaldion. Gasteiz adibide ederrena. Han eutsi diote oraingoz, eta izan dute oihartzunik. Agian PPko alkatea komeni zaigu besteoi ere. Biba zuek.