Ihesi: Zabalate, Erdi Aroko gazteluetatik begira


Zanbrana edo Berantevillatik irits gaitezke Portilla edo Zabalate herrixkara, labore soroen mugan, ekialdetik mendebaldera luzatzen diren mendilerroetako baten babesean dagoena (655 m). Trinitatearen elizatik abiatuta, armarridun hainbat etxe dauden Iturriaren kaletik eta kale Nagusitik joan etorria egin ondoren, Gazteluaren kalean gora abiatu gara. Kale amaieran PR-A-34 ibilbideko seinaleei kasu eginaz gaztelurako bidean jarri gara. Landaretza joria egon arren, azaleratzen diren hainbat harkaitz landu ikustean berehala ohartu gara galtzada batean gora goazela.


Zabalate Erdi Aroko gaztelua

Bihurgunearen ondoren, begi-bistan geratu zaizkigu lehenengoz, han goialdean, Erdi Aroko Zabalateko gotorlekuaren harresiak eta gazteluaren hondakinak. Kareharrizko gain zorrotz hauetan, hainbat mendez erasoetatik babesteko erabili izan diren eraikuntza garaiezinetatik, egun, eguzkia eta haizea medio, horma zahar arrailduak besterik ez dira geratzen. Alabaina, aspaldian hustuak izanagatik ere, euren historiak artean osorik dirau eta metro eta erdiko hormatalak igaro eta landaretzak jandako barrualdera sartzean sentipen bereziak somatu ditugu. Txorien kantek soilik hausten dute, isiltasuna nagusi den inguru honetako bakardadea (755 m).

Gandor luzatuaren gainean goratzen den gaztelura igo nahi izanez gero, atzera gotorlekutik irten eta kareharrizko orri itxurako gandorren hegoaldetik igotzen den zidor lausoa jarraituko dugu. Tentuz eta eskuen laguntzaz, arrakalara helduko gara, eta berriro ipar isurialdera igaroz, pareta eta ezpeldian zabaldutako arrastoak gazteluak duen sarbide bakarrera eramango gaitu, ondoren puntu gorenera, zaintza dorre aurrera igo eta Ibda edo Uda ibaiaren harana menpean hartzeko (790 m).


Lanos gaztelua

Hegoaldeko bailara gordearen beste aldean luzatzen den Txulato tontorrera igotzekotan gaude, baina lehenik, gandorraren beste aldean, Inglares ibaiaren haranean, Ocioko herrixka menperatuz muino lerdenaren gainean kokatzen den Lanos gaztelura joan nahi dugu. Hartara, igotako bidetik jaitsi gara gaztelutik, eta hegoaldera, landaretzan erdi galdua dagoen zidorrari heldu diogu. Sigi-saga jaisten da bi gandorren artean zabaltzen den haranaren hondoraino. Jaitsiera honetako azken zatian, Goi Erdi Aroan finkatu zen Soportilla izeneko herrixka baten zenbait aztarna ageri dira. Kostata baina azkenean harana goitik behera igarotzen duen bide zabalera ailegatu gara (685 m).

Bailaran behera jo dugu, Ocio eta Zanbrana herrien artean, Santa Cruz del Fierro ingurutik datorren pistan barrena. GR-1 zidor historikoa delakoaren arrasto zuri-gorri gutxi batzuk ikusi ahal izan ditugu. Une batez, pista utzi eta Txulato mendiaren mendebaldeko magala inguratuz, zuzenean Ocio herrixkara iritsi gara. Arrastoak, ordea, gutxi dira eta zidorrak, landaretzak -ezpelak, abaritzak…- erabat itxiak ditu.

Errepide bazterretik iritsiko gara Ocio herrixkara. Etxeak bidearen beste aldean utzi eta Inglares ibaia zeharkatu ondoren, ezker aldetik abiatzen den asfalto bide berrian gora abiatu gara. Malda pikoak ekialdetik inguratzen du tontorra, burdinazko ate handi batera iritsi aurretik. Arabako Foru Aldundia gaztelua zaharberritzen ari denez, debekatua dago sartzea. Dena den, atea zabalik dagoenez, aurrera segi eta gazteluraino bertaraino iritsi gara (640 m). Hemen, ordea, gazteluaren ate nagusia itxita topatu dugu. Barrura sartu ezin eta ingurutik begiratzea beste aukerarik ez zaigu geratu.


Txulato tontorra

Ocio herrixka eta gazteluari bizkarra emanaz Txulato tontorrerako bidea hartu dugu. Etorri garen bide beretik itzuli beharrean, nahiz eta zertxobait luzeagoa izan, Zanbrana aldera joko dugu errepidetik, harik eta nekazaritzarako urmael handi baten parera iritsi arte. Orduan, urmaelaren ezker aldetik gora, arestian utzitako pistara irtengo gara. Harana zeharkatzen duen pista honetan gora, egurrezko seinaleak Txulato 20 minutura dugula adierazten duen bidegurutzera iritsi gara. Zalantza zipitzik gabe, eskuinera hartu eta zuzen zuzen, gandorrarekiko elkartzuta igotzen den suebakitik gora abiatu gara. Malda latzak aurrera egin ahala are latzagoak bihurtu dira. Harri solteek gainera are igoera nekezagoa egin dute. Izerdi patsetan baina azkenean goialdera agertu gara eta zidor lauso batetik -galtza luzeak eramatea komeni da- aurre tontorra inguratu eta tontor nagusira iritsi gara (946 m). Hala adierazten dute behintzat bertako erpin eta buzoi bik.

Ibilbidea jarraitu asmoz, bide berean behera, harana zeharkatzen duen pista hartu dugu berriro, lehen utzitakoa. Berehala iritsi gara beste bidegurutze nagusira (840 m) eta Berganzora daraman bidea eskuinean utzi eta ezkerrera hartu dugu. Gandorra gainditu eta maldan behera, makal lerro, nahiz kareharrizko geruza mehar eta bertikal ikusgarri batzuen artetik Zabalate gaztelupetik Zabalate abiapuntura iritsi gara (655 m).

Zabalateko gaztelua: Arabako armarrian agertzen dena

Harkaizti gainean kokatuta, oinean dituen Zabalate herri gotortua eta Uda ibaiaren sarrera zaintzeko eta babesteko eraiki zuten. Hortik datorkio Zabalate izena, edo gaztelerazko Portilla, Portella, Portiella... Ocioko gazteluarekin batera -Toloño mendilerroaren iparraldean biak- mendebaldetik ekialdera hedatzen diren bi haran kontrolatzen zituzten, Inglares harana eta Trebiñu barnean hartzen duena, Uda ibaiarena. Azken hau Arabako Lautadarako eta Nafarroarako bide zen.


Historia: Nafarroako Erresuma eta Gaztelako Erresumaren artean

Euskaldunen eta musulmanen arteko muga izan zen hainbat mendetan. Agirietan, 939an agertzen da lehenengo aldiz, "Portella" izenez. Bai herria eta bai gaztelua, biak ere bete-betean harrapatu zituen XI. eta XII. mendeetan, Nafarroako Erresumaren eta Gaztelako Erresumaren arteko lehiak. 1040an, Nafarroako Gartzia Sanchez III. Naiarakoak (1035-1054) "Portiella", Buradongo gaztelua eta beste zenbait ondasun bere emazte Estefaniari, hau da, Gaztelako kondearen alabari eman zizkion, bere ezkontza gutunean. Peñalengo hilketaren ondoren (1076), Nafarroaren banaketarekin, Araba ere Gaztelaren eskuetara igaro zen. Bakea lortzeko asmoz, 1176an bi aldeek, Nafarroako Antso VI.a Jakitunak (1150-1194) eta Gaztelako Alfontso VIIIak, Ingalaterrako Enrike II.a hartu zuten epaile. Honek emandako epaian, Gaztelako erregeak uko egin behar izan zien azken urteetako erasoaldietan lortutako lurrei, tartean, Zabalateri. Nafarroak, aldiz, Errioxako lurrei uko egin behar izan zien.
1199an, Alfontso VIII.a Gaztelako erregeak Gipuzkoa osoa eta Arabako parte handi bat kendu zizkion Nafarroako Erresumari. Ezin izan zituen hartu Trebiñu eta Zabalateko gazteluak, baina Amezkoazarren (Inzura) eta Miranda de Argaren truke bereganatu zituen horiek -1198ko erasoan hartu baitzituen-, eta handik aurrera Gaztelako Erresumaren parte izango zen Zabalate. Hiri-gutuna jaso zuen baina ez dakigu noiz.
Nafar Erresumako muga ekialdera mugitu ondoren, XIV. mendean garrantzia galdu zuen eta Zabalate herri gotortua hustuz joan zen, gaur egungo herrira edo Berantevillako hiribildura jaitsi baitziren biztanleak, haranean laborantzarako askoz ere lur hobeak baitzeuden. 1369an, Gaztelako Enrike II.ak Joan Ruiz Gaunari, Arabako merioari eman zion Zabalateko jaurgoa. Gero, bai gaztelua eta bai herria, Gauna familiatik Hurtado Mendoza familiara igaro ziren ezkontzaz. Gaztelako Belasko familiaren eskuetatik ere pasa zen baina bai gotorlekua eta bai ondoko herrixka ere, XIV. menderako jadanik hutsik zeuden, nahiz eta gatazka armatu batzuetan berriro ere erabili zuten.


Aztarnak

Gazteluaren hondakinak ez ezik Erdi Aroko herriaren aztarna ikusgarri batzuk ere badira gaztelua dagoen harkaitzaren iparraldean. Bestalde, Brontze Aroan, Burdin Aroan eta Erromatarren Garaian gizakiaren bizileku izan zen harkaitzaren beheko alde guztia, baina dirudienez, Erdi Arokoa baino txikiagoa zen Historiaurreko herrixka.
Ekialdetik mendebaldera luzatzen den harkaitzean daude gazteluaren aztarnak. Oinplanoa, 70 bat metro luze da. Dorre nagusiaz gain, ura biltzeko uraska, harkaitzean hondeatutako hainbat zulo eta beste bi dorre erdi biribil ere baditu, mutur banatan. Harkaitza ekialdean ebakia dago, gaztelua gandorretik bereizteko. Herrixka harresiz inguraturik dago. Bai ekialdean eta bai mendebaldean, hiria biltzen duten harlanduz eginiko harresiaren hormatal eta kuboak ikus daitezke oraindik. Esparru horren iparraldean, harkaitzak betetzen du harresiaren egitekoa. Barrualdean hainbat dorre eta eraikinen hondakinak agerian daude oraindik.

Ocioko Lanos gaztelua
Toloño mendiaren ipar-mendebaldean eta Txulato mendiaren hegoaldeko zabaldian dago Ocio herria, Zanbranatik Urizaharrarako errepidearen eta Inglares ibaiaren ondoan. Harkaitzezko gainean dago ibarra zaintzen zuen gaztelua.

Historia: eskuz esku pasatako gaztelua
Musulmanen garaian, Asturiasko Alfontso I.ak (739-757) eraikiarazi omen zuela esaten den arren, ez dago inongo agiririk hori baieztatzen duenik. Ocio 1110eko Leireko agiri batean aipatzen da lehenengo aldiz, garai hartako gizon baten jatorria adierazteko orduan ere. Garrantzia handiagoa izan zuen nonbait Buradongo gazteluak, XII. mendetik aurrera, berriz, entzute handiagoko bihurtu ziren Zabalateko gaztelua eta herria.
Ocioko herria eta gaztelua erregearen ondasun ziren, baina 1358an Gaztelako Pedro I.a Ankerraren eskutik, Diego Perez Sarmiento egin zen Urizaharra eta Ocioko jaurgoen jabe. Gesaltzako jauna titulua ere bazuen. Enrike II.a Trastamarakoaren eta Pedro I.aren arteko gerran (1366-1369), Sarmientotarrek, lehenaren alde egin eta garaile irten zirenez, jabetzari eutsi egin zioten. Bere seme Garzia Fernandez Sarmientoren eskura igaro zen eta honek seme-alabarik izan ez zuenez, haren anaia Diego Perez Sarmientori utzi zizkion bere titulua eta ondasunak. Hari zor diogu gaur egun Ocioko gazteluan ikus dezakegunaren parte handi bat. XVII. mendean, ordea, Hijarko dukeek bereganatu zuten gaztelua, herentziaz.
XVIII. mendean jada egoera kaskarrean omen zegoen gaztelua, baina ordura arte egoera onean iraun zuen, Arabako beste mendi-gaztelu pribatuetan bezala, (Astulezen, Korresen…) kondeak zaindaria jarri baitzuen ondasunak zaintzeko.

Egitura

Hiru harresik ixten dute goialdea amildegiak ez dauden aldeetan, dorre laguntzailez edo kuboz hornituta. Dorre handi bat du mendi tontorrean, eta horri atxikirik, mendebaldean, bizileku izango zen eraikin luzea. Herritik abiatuta, 700 metroko asfaltozko errepide estu eta aldapatsuak goraino eramaten du.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude