Benetako Asterix Zesarren kontra

  • K. a. 50. urte inguruan, Julio Zesar Galia osoan nagusitzen ari zela, burukomin handiak ekarri zizkion oztopo bat topatu zuen. Gehienontzat, oztopo hori fikziozko pertsonaia da eta Asterix du izena. Frantziako Antzinako historia hobeto ezagutzen dutenentzat, pertsonaia erreala izan zen eta Vercingetorix zuen izena. Dirudienez, biak hilehoriak ziren, bibote luzea zuten eta lumak eraman ohi zituzten euren kaskoetan; biek eraman zuten Julio Zesarren legioa porrotera; baina Uderzo eta Goscinnyren istorio umoretsuen parean, Vercingetorixen benetako istorioa tragikoa izan zen.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena
2005eko irailaren 18a
Historia garaileek idazten dute eta Galiako Gerraren berri, batik bat, Julio Zesarren beraren eskutik iritsi zaigu. Erromatar legioen komandante buruak K. a. 58. urtean ekin zion Galia konkistatzeko kanpaina militar erraldoiari. 8 urte geroago balantzea ez zen batere samurra: milioi bat inguru hildako izan ziren orotara; beste milioi bat galiar preso egin eta esklabu bihurtu zituzten; 800 hiribildu erabat suntsitu zituzten.

Julio Zesar nobleziako familia bateko semea zen, baina hondasun urrikoa. Galiara abiatzerako Erromako politikan etsai ugari eginak zituen. Ustelkeriaz akusatu zuten eta ondorengo prozesu juridikoak erabateko porrot ekonomikoan utzi zuela diote historialariek. Galian galdutako hondasun eta ospea berreskuratzeko aukera paregabea zuen. Gainera, 200 bat urte lehenago 70.000 galiarrek, Alpeak gurutzatu ondoren, Erroma arpilatu zuten. Orduz geroztik Erroman galiarrei zieten beldurrak are handiagoa egingo zuen Julio Zesarren garaipena.

5 urteko kanpainaren ondoren, buruzagi erromatarrak galiarrak sakabanatzea lortu zuen, tribu batzuk suntsituz eta besteak aliatu bihurtuz. Pilatutako hondasunekin eta eszena politikora itzultzeko txartela lortuta, Julio Zesar atzera Erromara itzuli zen K. a. 53. urtean, Galian «erabateko bakea» ezarri zuela iragarriz.

Baina bakea urrun zegoen. Eta katuak alde egin zuenean, saguak dantzan hasi ziren. Cenabum hirian ûegungo Orleansû merkatari erromatar talde bat hil zuten eta hori altxamendu zabalago baten abiapuntu baino ez zen izan. Jazarpen honek Vercingetorix zuen buru: Celtillus aitaren ametsa egi bihurtu eta galiar guztien batasuna lortuko zuen. Julio Zesarrek Vercingetorix «zeru urdinean bat batean azaldu zen tximista» zela idatzi zuen. Baina galiarren matxinada luzaz prestatu zuen Vercingetorixek. Aurrerago Zesarrek «indar eta diziplina handiko gizona» zela esango zuen. Eta ordurarte diziplina ez zen galiarren erresistentziaren dohairik handiena izan.


Avaricumeko sarraskia

Julio Zesarren ejerzitoak Galiara itzuli behar izan zuen. Negu gorrian Alpeak pasa eta Cenabumerako bidean topatu zituen hiribildu guztiak zigortu eta suntsitu zituen, azkenean Cenabum bera ere hartuz. Horren aurrean Vercingetorixek lur errearen taktika erabili zuen, hots, erromatarrak iritsi baino lehen hiribilduak suntsitu eta modu horretan legioen hornitzea galaraztea. Baina erromatarren armada profesionalez hornituta zegoen bitartean, galiarren ejerzitoa tribu sakabanatuetako eta prestakuntza eskaseko gerrariek osatzen zuten eta galiarren buruarentzat zaila zen euren artean batasuna, diziplina eta adostasuna mantentzea.

Avaricum-eko biturigoek -egungo Bourges- euren hiribildua ez zutela erre nahi esan zioten Vercingetorixi. Avaricumek ez zuen Asterixen komikietan ikusi ditugun etxalde txiki eta galduen antza handirik. 40.000 biztanleko hiria zen, harresi indartsu batek inguratua. Vercingetorixek biturigoen nahiaren aurrean amore eman zuen; Avaricumi eutsiko zioten.

Erromatarrek hiria setiatu zuten. Harresia gainditzea denbora eta pazientzia kontua zen. Baina Zesarrek ez zituen ez bata eta ez bestea soberan. Gainera, Vercingetorixen gizonek atztik eraso zuten. Julio Zesar galiar erasotzaileei segika abiatu zen, alferrik, Vercingetorixek ihes egin baitzion. Umiliazioak ematen duen amorruaz, Avaricumera itzuli, galiarren defentsan zirrikitu bat aurkitu eta Julio Zesarrek nahi zutena egiteko baimena eman zien bere gizonei. Eta haiek zekitena egin zuten: hiria suntsitu eta bertako 40.000 biztanleak hil zituzten. Mendekua bete zuen, eta Avaricumeko zigor eredugarriari esker galiarrak beldurtuko zituen.

Efektua alderantzizkoa izan zen, ordea. Erresistentzia indartu zuten galiarrek. Zesarrek, orduan, bere lau legio iparralderantz bidali behar izan zituen eta gainerako 6 legioak berekin hegoalderantz joan ziren, Vercingetorixi segika. Bi ejerzitoak luzaroan Allier ibaian behera joan ziren, egungo Auvernia zeharkatuz, parez-pare ibaiaren alde banatan. Zesarrek probokazioa erabili zuen etengabe, galiarek ohiko erantzun bero eta desordenatua eman zezaten. Baina Vercingetorixen eskutik, galiarrak pazientzia eta estrategia ikasten ari ziren. Bataila irekia saihestuz, galiarrak Gergoviako hiribildura, Vercingetorixen etxera, iritsi ziren eta bertan gotortu. Gotorleku ederra zen Gergovia, muino natural baten gainean eraikia, hegi malkartsuez inguratua.


Julio Zesarren porrot historikoa

Aranean Julio Zesarrek taktika prestatu zuen: gotorlekua mendebaldetik erasotzea zen errazena, eta galiarrek hori pentsa zezaten, gizon batzuk bidali zituen hortik. Bitartean, indar handiena hegoaldeko erasoan jarri zuen, aldapa malkartsuena zen tokian hain zuzen. Vercingetorixek, ordea, erasoari eutsi zion, erromatarrak maldan behera egotzi eta hotz, ez ohiko diziplina erakutsiz, galiarrak erretiratu egin ziren. Zesarrek 700 soldadu galdu zituen, horien artean 50 eliteko zenturioi, eta setioa utzi behar izan zuen. Ordurarte ez zitzaion horrelakorik gertatu. Julio Zesarren lehen porrot militarra izan zen. Berria Galia osoan zabaldu zen, eta lehenago zalantzan zeudenek ere Vercingetorixekin bat egin zuten. Galiar buruzagi guztiak bildu eta indar galiar guztien buru izendatu zuten.

Zesarrek bere legioak batu zituen berriro: 40.000 legionari guztira. Baina isolatuta zeuden, etsaiez inguratuta eta elikagairik gabe. Aukera paregabea errematea emateko, pentsatuko zuen galiarrak. Eta aurreko erreparo guztiak ahaztuta, zaldun galiarrek erromatar legioa eraso zuten aurrez-aurre. Presaren presaz, porrot egin zuten eta Alesiara erretiratu ziren, Gergovia bezala muino batean eraikitako gotorleku segurura.


Gosearen taktika

Zesarren anbizioak galiarren atzetik eraman zituen erromatarrak. Baina Gergovian ikasitakoak pazientziaz jokatzera behartu zuen komandante erromatarra. Estrategia aldatu zuen; edo hobe esanda, Vercingetorixi kopiatu zion. Alesia setiatu, hornikuntza bide guztiak moztu eta oraingoan galiarrak izango ziren gosea pasako zutenak.

Lehenik, Julio Zesarren legionariek Alesia trintxeraz inguratu zuten, 16 kilometroko eraztuna osatuz. Baina erromatarrek bazekiten arriskua ez zegoela soilik hiribilduaren barruan; kanpoan ere milaka galiar zeudela borrokarako prest. Horregatik trintxera eraztun zabalagoa eraiki zuten atzean, 40 kilometrokoa oraingoan.

Eta Julio Zesarren korapiloak Vercingetorix estutu zuen. 30 egunetarako elikagaia besterik geratzen ez zitzaienean, galiarren buruak Asterixek inoiz hartuko ez lukeen erabaki krudela hartu zuen. Elikagai gehiago ezin zen lortu, bada elikatu beharrekoak murriztu beharko ziren. Borrokarako gai ez ziren Alesiako biztanle guztiak gotorlekutik bota zituen. Hiriko harresia pasarazi zien, baina gero Julio Zesarrek ez zien hesi eraiki berria zabaldu. Ez zituen esklabu bezala ere nahi. Eta Alesiako biztanle guztiak gosez hil ziren bi ejerzitoen artean harrapatuta.


Edabe magikorik ez

Erabaki horrekin Vercingetorixek lasaitasuna eta denbora lortu zuen. Eta azkenean, bere gotorlekutik galiarren ejerzitoa inguruko mendietara gerturatzen ikusi zuen. Kopuruari dagokionez borroka desorekatua izango zen Alesiakoa. Asterixen abenturatan ez bezala, oraingoan galiarrak gehiago ziren. 250.000 gizonekin inoiz Galiak izan zuen ejerzitorik handiena osatu zuren. Erromatarrak 40.000 baino ez ziren.

Galiarren lehen erasoari ederki eutsi zioten erromatarrek. Bigarren eraso gogorragoa gauez egin zuten galiarrek, baina orduan ere Julio Zesar garaile izan zen. Vercingetorixek ezin zuen kanpoko armada itzelarekin komunikatu eta horrela ezinezkoa zen eraso koordinatua antolatzea. Galiarren ejerzitoa bururik gabeko erraldoia zen.

Hirugarren erasoa erabakiorra izan zen. Azkenean, galiarrek barrutik eta kanpotik eraso bateratua jotzea lortu zuten eta egun osoan borrokan jardun zuten garaile garbirik gabe. Egunaren amaieran egoera kritikoa zen erromatarrentzat. Baina galiarrak ere nekatuta zeuden. Ez zen haientzat druidaren edabe magikorik. Eta Julio Zesarrek bere armarik garrantzitsuenetakoa mantentzen zuen: estrategia. Azken uneraino bere ejerzitoaren azken erreserba fresko gorde zuen eta etsaia ahulenen zegoenean, komandante buruaren kapa gorria jantzi eta galiarrak atzetik eraso zituen. Kaosa nagusitu zen galiarren artean eta ahal zuten bidetik ihes egin zuten. Galiarren batasuna ere ihesi joan zen gau hartan.

Vercingetorix pertsonalki errenditu zen Julio Zesar eta bere legionarien aurrean, horrek ekarri ohi zuen liturgia guztiarekin. Bere arma guztiak lurrean utzi eta Julio Zesarren aurrean belaunikatu zen Vercingetorix. Gero kateak ipini eta horrela eraman zuten Erromaraino. Han hil zuten galiarren buruzagia. Garaipen honek Galia eman zien erromatarrei, eta erromako boterea Julio Zesarri. Historiako ateak parez-pare zabaldu zitzaizkion.

Istorio hau ez da suaren inguruko basurde afariarekin amaitzen galiarrentzat. Baina, nork daki? Beharbada, Galiako ipar-mendebaldean, Babaorum, Aquarium, Laudanum eta Petibonum kanpamendu erromatarrek inguratutako etxalde galduan, Asterix txikiak eta Obelix bere lagun handiak, bizkarrean menhirra hartuta, Julio Zesarri burukomin galantak ematen jarraitu zuten. Historia garaileek idatziko dute, baina historiaren zati hau 2.000 urte geroago umorez eta kolorez, galtzaileek berridatzi dute.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Makroepaiketa
De Miguelen koartada berria, edo euroak nola bihurtu pezeta

Euskal Herrian inoiz epaitu den ustelkeria kasu handiena berriz ere abian da. Fiskalarekin akordiorik lortu gabe, astelehenean hasi zen deklaratzen Alfredo de Miguel auziko akusatu nagusia. Bere kontrako akusazioak ukatzeaz gain, EAJko Arabako buruzagi ohiak hainbat koartada harrigarri atera zituen poltsikotik, komisiorik ez zuela eskatu ziurtatzeko.


2018-10-16 | Bertsozale.eus
Ostatu Batuak eta Otsoaren 7 umeak nagusi ligaxkako lehen bi saioetan

Urriaren 12an eta 13an Gameren eta Altzumartan jokatu dira Taldekako Xilaba Xapelketako ligaxken lehen bi saioak.


2018-10-16 | Bertsozale.eus
Malen Amenabarrek irabazi du Santurtziko kanporaketa

Urriaren 14an jokatu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketa, Santurtziko Serantes Kultur Aretoan; finalaurrekoetarko txartela lortu du Amenabarrek.


Giza Eskubideen Batzordera eraman nahi dute eskola-segregazioaren gaia

Eskola-segregazioa hezkuntzatik harago gizarte osoa inplikatzen duen gaia dela eta giza-eskubideak urratzen direla sinetsita, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean agerraldia eskatuko du Steilas sindikatuak.


2018-10-15 | ARGIA
Bederatzi hilabeteren buruan, erretretadunek mobilizatzen segitzen dute astelehenero

Hego Euskal Herrian eta Espainiako estatuan milaka pentsiodun mobilizatu dira beste astelehen bat gehiagoz bizi baldintza eta pentsio duinak aldarrikatzen. Gaurko mobilizazioekin bederatzi hilabete osatu dituzte, astelehenik huts egin barik.


2018-10-15 | Errigora | ARGIA
Errigorak 2013tik 2018ra 800.000 euro bideratu ditu Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara

"Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka" kanpainaren bidez, Errigorak 2013tik 2018ra 800.000 euro bideratu ditu Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara. Errigoraren sorreratik bost urte igarota, atzera begiratu nahi izan du diru horrek zertarako balio izan duen ikusteko. Bideo honetan jasotzen da ibilbidea:


2018-10-15 | Iigo Igartua
Bestelako Bilbo aldarrikatu dute Hamaika Botxo egunean

Bilboko herri mugimenduek indar erakustaldia egin du asteburuan udaletxe parean, udalaren hiri hegemonikoaren ereduari aurre egiteko. Argazki galeria osatu dugu honako albistean.


2018-10-15 | Gorka Peagarikano
Defentsek bi epaile arbuiatu dituzte, Altsasuko liskarretik bi urtera

Jada 700 egun daramatzate preso Adur, Jokin eta Oihanek, eta preso dauden zazpiei omenaldia egin zaie asteburuan. Gazteen defentsaren abokatuek apelazio helegitea  aztertu behar duten hiru epaileetatik bi errekusatu dituzte, besteak beste, Guardia Zibilak kondekoratuak direlako.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude