Nolako zura halako olerkiak


2005eko uztailaren 31n
Paisaiak maketarekin maketarekin Oñatiko Gaztetxean eskainitako kontzertuaren haritik etorri zitzaion Xabi Strubelli Ilargi handi, zauri zarae grabatzeko parada. Izan ere, Oñatiko Potxo argitaletxea izan baitzen hondarribiarrari enkargua egin ziona. Bertan, Federico García Lorcak idatzi eta Esteban Urkiaga Lauaxetak itzulitako hiru olerki eta Lauaxetak berak idatzitako beste bi poema musikatuta ageri dira. Liburuxkan bi zati bereiz daitezke. Alde batetik, Ilargi handi izenekoa, bertan Lorcaren olerkiak gazteleraz, eta euskarazko Lauaxetaren eta Bitoriano Gandiagaren bertsioak biltzen dira. Eta bestetik, Zauri zarae atalaz, Lauaxetaren bi olerkiz eta Gandiagaren bertsioez osatua. Diskoa osatzen duten bost olerkiok Lauaxetak Lorcari bidali zizkion 1936ko urtarrilean. Bertan, olerkari euskaldunak bere hiru poema euskaratzeko baimena eskatu eta bere lanean izan zuen eragina aitortzen dio Granadako artistari. Liburuxka osoa Nikolas Lekuonaren margo eta argazkiekin osatzen da.

Potxo Argitalzuloaren asmoa hiru autore handi hauen obra eta olerkigintza, oro har, gazteei hurbiltzea izan da. Eta hain zuzen ere, esparru horretan ulertu beharra dugu Bitoriano Gandiagak egindako lana. Egungo gazteentzat arrotza gerta zitekeen Lauaxetaren hizkera moldatzeaz arduratu baitzen Arantzazuko olerkaria. Horregatik, ulergarritasuna bermatzeko asmoz eta mezua behar bezala heltzeko xedez Lorcaren poemetan Gandiagaren egungo bertsioa erabili dute Zura taldekoek. Lauaxetaren olerkietan, berriz, testu orijinala errespetatu dute.



Zura

Xabi Strubellek 2003an ekin zion Zura izeneko bakarkako ibilbideari. Paisaiak titulupeko maketa izan zen abiapuntua. Lehen egitasmoan Xabi Strubellen gitarra eta ahotsek taldekide bakarra zuten lagun, ordenagailuarekin oinarriak jartzen. Bestalde, berehala sentitu zuen taldearen beharra. Batez ere, Psylocibe Hondarribiako Musika Taldeen elkarteko partaideez inguratu zen lehen talde hartan: Lif taldeko bateria jole Anjel Etxebeste baxuan, Diego García baterian eta David Martínez gitarran. Egurrezko instrumentuez eta distortsiorik gabe egindako musika bortitzaren arteko kontraesanean topatu zuen Zura izena musikari gipuzkoarrak.

Diskoa 2004ko maiatzetik 2005eko martxora bitartean hiru saiotan grabatu da Irungo Irudiots estudioan. Eta Metak diskoetxearen eta Potxo argitaletxearen artean plazaratu dute. Diskoan ondokoek osatzen dute Zura: Xabi Strubell (gitarra klasikoa, ahotsa, loop edizioa eta poemen moldaketa), Martxel Mariskal (ahotsa eta poemen moldaketa), David Martínez (gitarra klasikoa) eta Diego García (bateria). Lan berrian Ritxi Salaberriak, Xabi Erkiziak, eta Bad Sound System-eko DJ Suciok eta Brujok ere parte hartu dute. Soinu ingeniaritzaz, berriz, Hector Leial arduratu da.

Heriotza

36ko Gerran zendu ziren bai Lorca, bai Lauaxeta eta bai Lekuona ere. Strubellen hitzetan hori ez da hiru artistak lotzen dituen gauza bakarra: "Tradizioa berritu eta abangoardiako hizkuntzekin uztartu zuten hirurek. Lorcak nekazal giroko istorioak (ijitoak, bandoleroak...) eguneratzen eta hizkuntza berritzaile bat sortzen kristoren lana egin zuen. Lauaxeta ere euskal giroko bitxikeriak olerkigintzara eramaten saiatu zen eta era berean poesia soziala egiten hasi zen. Lekuonak, berriz, Parisen egiten zen abangoardia presente zuen bere lanean".

Ilargi handi, zauri zarae disko liburuxkako bost kantek heriotzarekin zerikusia dutenez nahiko melodia ilunak landu dituzte Strubell eta konpainiak. "Musika distortsioarekin eta egurrezko baketekin grabatuko bagenu ohikoagoa den zerbait lortuko genuke. Horregatik, lan honetan kontraesan hori bilatu dugu, harmonia eta melodia aldetik nahiko iluna da, baina soinu aldetik atsegina", diosku musikari hondarribiarrak.

Aurreko lanarekin erkatuz eta enkargu bat dela kontuan izanik, Strubellek beste era batera lan egin du disko berri honetan. Eta talde lana aurrekoan baino garrantzitsuagoa izan dela nabarmendu du. Olerkiek duten sentimendu eta irudi poetikoak musikaren bidez ahalik eta hobekien transmititzen saiatu da Zura: "Ehiztari testuan barne tentsio handia dagoela interpretatu dugu, beraz, harmonia nahiko iluna sortu dugu; Kordoban hegoaldea oso presente dagoenez rumba edo flamenko kutsua duen gitarra sartu diogu; Langile eraildu bati langile greba baten inguruan mintzo den olerkia denez melodia tentso eta ebolutiboa sortu dugu; eta Artzain baten heriotzean dantzaldi bat aipatzen da eta guk gaur egunera egokitu eta rave edota techno kutsua eman diogu". Lorcaren Agurra, berriz, "modu librean" interpretatu du Zurak. Olerkian bertan agertzen ez diren gaztelerazko eta ingelesezko hitzak gehitu dizkiote, adibidez. Garai hartako poesiaren eta gaur egungo raparen arteko lotura bilatzen saiatu dira. Esperimentu horren bitartez, eta gaur egun rapa kaleko poesia kontsideratuz, gipuzkoarrak olerkigintzaren garapena azaltzen ere saiatu dira.


Musika, irudia eta interpretazioa

Ilargi handi, zauri zarae lanak olerkigintza, musika eta pinturaz gain laugarren elementu bat ere aurkezten digu. Izan ere, disko liburuxkak Verónica Aguilerak olerki bakoitzaren gainean egindako bideo-pintura lana jasotzen baitu DVD formatuan. Dagoeneko kontzertu dezente eskaini ditu Zurak lan berria aurkezteko eta ahal duten guztietan irudia presente izan dute emanaldietan. Horrez gain, beren mezua helarazteko antzerkiaren formatua ere erabili dute. Horrela, Interruptus taldeko bi aktorek Lorca eta Lauaxetaren olerkiak dramatizatzen dituzte taula gainean.

Zurak jadanik zuzenean kanta berriak ere eskaintzen ditu eta datorren urtean estudioan sartzeko asmoa du. Bestalde, Xabi Strubellek Anariren disko berrian dihardu lanean eta ziurrenik udazkenean ikusiko du argia.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude