Net Hurbil: Jainkoak ere Londresko bonbez bazekien zerbait

  • Londresko bonbek piztutako eztabaiden artean bada bat musulmanek etxe barruan daukatena: zer egin zibilen kontrako bortizkeria itsua Islamaren izenean egiten denean? Batzuentzat ekintzaileok ezin dira benetako musulmanak izan. Beste batzuen ustez, Islamaren barruan beti egon dira horrelako joerak.

2005eko uztailaren 31n

Londresko bonben ondoren zorrotz erreakzionatu dute Britainia Handiko musulmanen buruzagiek, Islamak horrelako jokabideak arbuiatzen dituela ozen aldarrikatuz. Baina arazoa sakonagoa eta korapilatsuagoa dela erakutsi du Ziauddin Sardar idazleak.

Pakistan iparraldean jaio zen 1951n Sardar, eta mutikotan etorri Londresera gurasoekin. Fisika eta Informazio Zientziak ikasi zituen. Gaztetatik lan egin du zientziak eta informazioa lotzen dituzten proiektuetan; 40 liburu inguru ditu publikatuak. Horietako batzuetan aztertu du gaur egun Hirugarren Munduko herrialdeek -musulmanek batez ere- zientzia mailan duten atzerapena, eta hau kolonialismoaren ondorioekin esplikatzen du. Ezin esan ezkertiarrentzako susmagarria denik.

The New Statesman astekarian plazaratu duen The Struggle for Islams soul (Islamaren arimagatik borrokan) artikuluan, hasieratik argi utzi du bere jarrera: «Musulman gehienek arbuiatzen dute bortizkeria, baina, hala ere, terroristak Islamaren historian erro sakonak dituen pentsamendu zehatz baten ondorio dira. Musulmanek ez badiote honi aurre egiten, terrore gehiago ikusteko gaude».

Sardarrek bere burua musulman aitortzen du. Eta bere fedea bortizkeria arazoekin hain lotuta egoteak aztoratzen du. Ez dute lasaitu Britainia Handiko musulmanen buruzagiek egindako deiek. «Deklarazio horien arabera -dio Sardarrek- bonba horiek jende ero eta gaixoak ipini ditu, Islamak ez omen dauka zerikusirik horiekin. Baina Islamak dena dauka ikusteko horrekin. Terroristak Islamaren iturriak ari dira erabiltzen beren ekintzak justifikatzeko. Nola esan dezakegu zerikusirik ez duela?».

Londresen bonbak lehertu ziren astean bertan, musulmanen egoitza sakratu den Mekan -Saudi Arabian- eraikuntza historikoak suntsitzen ari ziren bulldozerrez. Eta Indian emakume talde bat saiatzen ari zen andre gazte bat islamdarren madarikaziotik askatzen: aitaginarrebak bortxatu zuelako, herriko buruzagiek kondenatu dute senarrarengandik eta bost seme-alabengandik aparte bizitzera. Hiru gertakizun horiek »beste askorekin batera» Islamaren ikuspegi beraren erakusgai ikusten ditu Ziauddin Sardarrek.

Ikertzaileak analizatu du pentsamolde estu hori, Al Kaedak bezala mundu osoko hainbeste islamdarrek beren estrategia eta ekintzak justifikatzeko erabiltzen dutena. Koranaren irakurketa zehatz baten fruitua da bere ustez.

Hasteko, Koranaren irakurketa honek historia gorroto du. Ez du aurrerapenik, moralaren garapenik eta giza eboluziorik onartzen. Honek ondorio oso nabarmenak ekarri ditu Saudi Arabian bertan. Azken 50 urteetan Meka eta Medinan 300 eraikuntza historikoz goiti suntsitu dituzte. Bertan lan egina da Sardar, eta ondo ezagutzen du gaia. Geratzen diren eraikuntza zahar bakarrak laster joango omen dira lurrera, duela urte gutxi talibanek Afganistango Bamia bailaran buda erraldoiak dinamitaz lehertu zituzten moduan.

«Saudi Arabian nagusi den wahabismoak ez ditu babestu eraikuntza zaharrak, batik bat Profetarekin zerikusia zutenak. Zergatik? Beste musulman batzuek ere aipatu dezaketelako Profetaren historia eta horrela erakutsi Profeta une eta leku jakin batean bizi zen eta ondorioz modu zehatz batean jokatzera behartuta zegoen gizona zela. Profetaren ekintza bakoitza eternalizatu eta unibertsalizatu nahi dute wahabiek. Horregatik testuingurua arriskugarria da haientzako, eta desagerrarazi egin behar da».

Kharjiteek utzitako erro zaharrak

Wahabismoaren beste ardatza bere monolitismoan datza. Ez du ez onartzen eta ez ulertzen berea ez den beste ikuspegirik. Iritzi alternatiboa dutenak apostatak, kolaboratzaileak edo are zerbait okerragoa direla uste du Islamaren barruko tradizio honek. Hau argitzeko, aipatu dugun Indiako emakumearen kasua kontatu du Ziauddin Sardarrek.

Imrana Bibik 28 urte ditu eta Uttar Pradesh estatuan bizi zen gizon txiro batekin ezkonduta. Aitaginarrebak bortxatu egin zuen. Eta orduan inguruan wahabien ildoa segitzen duten seminario bateko apezek erabaki zuten bere bost haur eta gizonarengandik aparte bizi behar zuela. Protestan joan ziren emakumeei aurre egin zieten Deobandeko apezek esanaz: «Gure fatwa (agindua) onartzen ez duen musulmana ez da musulman benetakoa, Islamari traizio egiten dio».

Historiatik kanpo dagoen tradizioak ez du onartzen Islamaren aniztasuna. Islamaren barruan izan diren eta diren tradizio humanista, arrazionalista edo mistikoak, denak bihurtzen dira horrela arriskutsu. Horregatik, India eta Bangladeshen erre egiten dituzte Ahmadiyya sektaren elizak, Mahoma azken profeta izan ez zela esateagatik. Pakistanen sunitek xiiak akabatzen dituzte, Iraken bezala. Eta Aljerian Talde Islamiko Armatuak (GIA) herrialde osoa deklaratu zuen herejetzat, edozein herritar heriotzera kondenatuz.

Islam barruan, Sardarren iritzian, hasieratik egon da present joera hau, ez da askok uste izan duten moduan gauza modernoa. Mahoma hildakoan bere lekua hartu zuten lau kalifetako bat, Ali, kharjite izeneko sektako kide batek hil zuen. Kharjiteena sekta puritanoa zen eta bere kideek azken Profetak egindako errebelazioaren ondoren, historia bukatu zela uste zuten. Kharjiteek musulman izatearen ikuspegi arras ezberdina ekarri zuten. Egiazko musulman izateko arima garbia eduki behar zen, eta horrelakoa den batek ezin du ezer txarrik egin, bekaturik ez du sekula. Aldiz, bekatu egin duena ez da egiazko musulmana eta edonork hil dezake. Sekta hori suntsitu egin zuten, baina bere ideiak etengabe azaldu dira ondorengo 1.300 urteetan.

XVIII. mendean kharjiteen arrastoei jarraituz Muhammad Ibn Abd al-Wahhab-ek wahabi sekta sortu zuen. Arrasto berak ikusten ditu Sardarrek joan den mendean Musulmanen Anaitasuna sortu zuen Sayyid Qutb-en ideietan, gaur hain famatua den Bin Ladenen dotrinan eta beste talde islamiar askoren hitzetan.

«Gizatasuna eta historia ekuaziotik kanpo utzi dituztenez, kontzientziarik ez dute. Ez kulparen edo damuaren noziorik. Beraiek perfektuak direla daukate txertatuta psikologian, eta ondorioz edozer egin dezakete inpunitate osoz». Faxismoa ez da urrun horrelako pentsakizunetik, eta hala ikusi zen Afganistanen talibanen eskutik.

Azken asteotan musulmanen artean antzeko analisiak idazle gehiagok ere egin dituzte. Islamaren barruan eztabaida sakona behar dutela, alegia.

Arazo asko aurkituko dituzte horretarako. Alde batetik, horrelako eztabaida ez da erosoa ezein komunitaterentzako. Baina bestetik, George Bushek deklaratutako «Terrorearen kontrako Gerra»k gauza zaildu egiten du. Ziauddin Sardarrek idatzi duenez: «Gerra horrek munstroa elikatzen du. Horregatik Irak bihurtu da filosofia neo-kharjitearen lurrik emankorrena».


www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude