Maputxeak: Borrokan sortutako nortasuna

Artean, 31.000.000 hektareak osatzen zuten Ohiko Lurraldea -Wal Mapu, euren hizkuntzaz, mapudungunez-, egungo Txileko III. eta X. eskualdeen arteko tartean eta Argentinako pampan kokatuta zegoela.

Inkek lortu ez zutena ezina bilakatu zitzaien Gaztelako soldaduei ere. Dena dela, hegoalderantz mugitu zen europarrekiko muga, lurraldea 10.000.000 hektareakoa izanik: Bio-Bio ibaian finkatu zen muga. 1641eko Quillineko Parlamentua (ituna) zela medio, Gaztelako Koroak Maputxe Herria eta zegozkion lurrak onartu zituen. Naziotzat jo behar izan zuten gaztelakoek Maputxe Herria.

Oso gogorra, zorrotza, izan zen maputxeen erresistentzia. Borrokaren arrakasta Wal Mapun beran zetzan. Lurraldea, beraientzat, ez da lurra soila, askoz zabalagoa den eremua baizik: euren sinesmenen arabera, izadia eta egunerokotasuna bizitzaren ardatzak dira; egunerokotasun horretan, gizakiak lurraldeko beste osagai guztiekin bat -animaliak, lurra, joandakoen espirituak- egin behar du bizitza duina -zapalketarik gabeko bizitza- edukitzeko. Lurraren aldeko borrokaz gain, bada Mundua ulertzeko modu zehatz bati eusteko borroka, arbasoak eta ondorengoak biltzen zituen eremuaren aldeko borroka.

Espainolen aurkako gerra amaitutakoan, inbaditzaileek Wal Mapun sartzeko beste era bateko ahaleginak egin zituzten: merkataritzaz eta erlijioaz (misioak) baliatuz, ia berrehun urte beranduago Txileko errepublikak maputxeak bereganatzeko erabiliko zuen azpiegitura jaio zen.

1810ean hasi zen O`Higgins agintari txiletarra maputxeen kontrako lehenengo legeak sortzen. Maputxeen lurrak bereganatzeko Estatuaren lehenengo saiakerak izan ziren.

Baina etortzear zegoen Argentinak eta Txilek prestatutako erasoa: XIX. mendearen bigarren zatian hasiko zen Cornelio Saavedra generalak zuzendu zuen "Araukania baketzeko kanpaina"; baita Argentinan, Rocaren agintepean garatu zen "Basamortuko kanpaina" ere.

20 urteko (1883an bukatu zen) kanpaina erraldoi horren emaitzak izugarriak izan ziren maputxeentzat. Porrotak murriztu zuen, berriro, antzinako Wal Mapu: 500.000 hektarea baino ez, txiletarrek inposaturiko komunitateetan hedatuak. Komunitateak Valdivia hiriak, hegoaldetik, eta Concepciónek, iparraldetik, mugatzen duten eremuan sakabanatuta daude, eta eskualdearen erdia Temuco hiri garrantzitsua da.

Lapurtutako lurrak latifundio pribatu bihurtu ziren. Eta biltzaile eta ehiztari izan zen herria komunitateetako egoera berrira egokitu behar izan zen: erresistentzia denboretako zenbait abereren laguntzaz -azienda lekuz leku eramanez hornitzen ziren gerra garaietan- laguntzaz, autokontsumorako nekazaritzan hasi ziren maputxeak. Hori ala latifundistentzat lan egitea zen aukera.

Maputxe Herriaren desegituraketa basatia hasia zen. Porrotak maputxeentzat funtsezkoa zen lurrarekiko lotura erabat txikitu zuen. Erresistentziaren sustraiak galdu ziren eta Maputxe Herriak garai ilunak zer ziren ondo baino hobeto jakin zuen.

Alde batetik, galera espiritualak utzitako hutsunea katolikoek eta ebangelikoek bete zuten, maputxeak mendebaldeko izaera erligiosora gerturatuz. Garrantzi handikoa zen, beraz, maputxeei izadiak emandako babesa kentzea, borrokak ematen zien nortasuna ezabatzea, herria desagerrarazteko, lurrak kapitalismo berriaren mesederako ipintzearren.

Bestaldetik, egoera sozioekonomiko berriak, pobreziak, milaka maputxe bultzatu zituen hirietara, nortasuna galtzeko arriskua handituz. Gaur egungo Txileko errepublikako maputxe gehienak kaletarrak dira: 1992ko erroldaren arabera, 735.000 maputxe hirietan bizi dira, eta 193.000 komunitateetan.


Maputxe izateko harrotasuna galdu zen Andeetako maldetan

XX. mendeko lehenengo urteak matxinada gutxi batzuren lekuko izan baziren ere, nortasuna berreskuratzeko lehenengo ahaleginak 1930-1940koak dira. Ezkerra klasikoaren nolabaiteko laguntzaz, hainbat maputxe ilustratu maputxeen oinarrizko beharrak asetzeko eskatzen hasi ziren. Lurra, osasuna eta lana, besteak beste, eskaerarik inportanteenak ditugu. Hurrengo hogei urteotan, aipatutakoei kultura zein hizkuntza berreskuratzeko ekimenak gehitu zitzaizkien.

70eko hamarkadan, berriz, lurraldetasuna izan zen maputxeen borrokaren ardatza: lurrak berreskuratzen hasi ziren, borroka gogortzen hasi zen.

Unidad Popularren gobernuak, Salvador Allende presidente zela, maputxeei lurrak bueltatzeko neurriak hartu zituen, autonomia lortzeko urrats handiak emanez.

Baina denok dakigunez, Txile sozialista baten ametsa, maputxeentzat ere onuragarria izan zitekeen eredu politikoa, amesgaizto bihurtu zuen 1973ko irailaren 11ko estatu kolpeak. Oligarkiak eta militarrek sustengatutako gobernuak aitzinean egindako guztia desagerrarazi zuen.

Maputxeen betiko etsaiek -latifundistak, estatua eta estatuak berak funtzionalak zituen alderdiak- eta berriek -basoak ustiatzen dituzten entepresak eta hidroelektrikoak, batez ere- orain arte dirauen Maputxe Herria suntsitzeko politika sortu zuten: maputxeak sakabanatu eta nortasuna berreraikitzeko elementuak -lurra, kultura, hizkuntza- ezabatzea; helburu hauen harian, hiru dira erabilitako bideak: estatuaren indar errepresiboak -karabineroak, paramilitar taldeak-; komunitateetako agintariak erostea -lonkoak (burukideak), werkeneak (bozeramaileak)- eta komunitateen arteko liskarrak sorraraztea; borroka gaiztotzea, kriminalizatzea, epaitegiak eta hedabideak hor tartean izanik.

1992an, Amerikaren Konkistaren V. mendeurrenaren kontrako protestak nagusi zirenean, berpiztu zen talde politiko maputxeen artean herria eraikitzeko auzia: autonomia berreskuratzeko beharraz hitz egin zen eta baita autonomia eskuratzeko eman behar ziren pausoez eta nortasuna osatzeko elementuez ere.

Artean, Txileko ezkerrari lotutako taldeak, Ad Mapu eta Lurra Guztien Kontseilua kasu, bide instituzionaletik ibiliak ziren eta alderdien borrokamoldean sartuta zeuden, hau da, estatuari eskaerak aurkezteko bidean: lurrak sinbolikoki hartu, joan eta epaitegietara jo zerbait, inoiz, irabazteko asmoz.

Egun, ordea, aurreko bidea agortutzat emanda, bada pentsamolde propio berririk sortu nahi duenik: borrokan, aurrera joan ahala, poliki-poliki, nortasuna sortu eta garatu, auzitan, zutik, dauden komunitateak elkartuz. Hauxe da Arauco-Malleco Koordinakundeak eman duen jauzi kualitatiboa, jazarpena ekarri dien jauzia.


Azkenak
2024-04-24 | ARGIA
Dozenaka atxilotu egon arren, azkartuz doaz Palestinaren aldeko AEBetako unibertsitateetako protestak

33.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Eguneraketa berriak daude