Herriaren historia guztiok osatzen dugu

  • Bakoitzak ahal dugun moduan, gogoz edo gogoz kontra, ospe handiarekin edota gehiegi gozatu gabe hartatik, guztiok gara bizi garen herriko historian parte hartzaile, baita jatorria urrunekoa badugu ere. Eta alderantziz, gure arbasoen jatorriko herriaren historiak ere jaso dezake gure ekarpen onen edo badaezpadakoen itzala. Honen guztiaren adierazgarri da Iñaki Egañaren Quién es quién en la historia del país de los vascos, euskal jatorria duten ia 2.000 emakume eta gizonen biografiak biltzen dituen liburua. Horietatik asko -errege-erreginak, konkistatzaileak, ospe handiko idazle, artista, ikerlari edo kirolariak...- oso ezagunak egingo zaizkio irakurleari. Gehiago dira jende xehea, halere, guztiz ezezagunak gertatu arren historian agertzeko adina merezimenduren jabeak.

2005eko uztailaren 31n

Liburua ez da, inondik ere, bizitza eredugarrien bilduma. Gauzak izan zirenean edota jaso dituen bezala agertzen ahalegindu da Iñaki Egaña. Bistan da, denetarik ezagutu du bere lurretan Euskal Herriak ere, eta denetarik aurki daiteke liburuan: heroiak eta doilorrak, aurrerakoiak eta atzerakoiak, etxekoandre xumeenak eta errege-erregina boteretsuenak, langileak eta enpresariak, marinelak eta itsasontzien jabeak, nekazariak eta militarrak, mojak eta putetara joaten zirenak, iraultzaileak eta borreroak, besteengatik bizia ere emango luketenak eta ez zutenetik ere besteei kentzeko gupidarik izan ez zuten morroiak.

Ironia ukitua duten biografia laburrez osatutako lana da hauxe. Batzuei tarte gehiago eskaintzen zaie, besteei gutxixeago, lortutako datuen edota egilearen apetaren arabera. Eta datuak aipatu ditugunez, hona hemen Biblian sinesten duen hainbatentzat euskotarren "aita" izandako Tubali dagozkionak:

"Tradizio zaharraren ustez -dio Iñaki Egañak-, Jafeten bosgarren semea eta Noeren biloba izan zen Tubal, uholde biblikoak lurra dena ito ondoren iritsi zen Euskal Herrira, bertako lurraldea jendeztatzera. Eta bertan gelditu zen behin-betiko. Pedro Agramont historialariak eman zizkigun bidaia haren hainbat xehetasun. Erdi Aroko beste ikertzaile batzuek, ordea, data ere jarri zioten gertaera honi: Tubal agertu zen hona mundua sortu ondorengo 1799. urtean, Bibliako uholdea jazo eta 143 urte pasa ondoren, hizkuntzen nahastea egokitu eta 12 urte beranduago, eta Kristo jaio baino 2.157 urte aurretik. Noeren biloba hau Bibliaren Genesis-ek (IV, 22) aipatzen du Tubalcain izenarekin; indar miragarriaren jabe izan omen zen, eta indar hori bere ondorengo euskotarrei besterendu zien".

Tubalen teoria horrek bere aurkakoak ere baditu, ordea. Beste askorentzat euskotarren aita Aitor baino ez zen izan. Eta "aitalehen" hori ere kontuan izan du Iñaki Egañak. 1845ean Agustin Xahok sortutako pertsonaia dela dio, horretarako zuberotarrak erabili zituen argudioak gogoratzeaz batera.



Edozein orrialdetik irakur daitekeen liburua

Iñaki Egañaren hau ez da hasieratik bukaerara irakurri beharreko lan bat. Biografiak alfabetoaren arabera ordenatuak daudenez, edozein orrialdetik ekin ahal zaio irakurketari, eta atzera zein aurrera nahi adina jauzi egin ere bai, berdin baitzaio. Zeren, adibidez, On Joxemiel Barandiaran arkeologo eta etnografoaren nondik norakoak irakurri ondoren, XX. mendeko Jean Barbier idazle garaztarrarenak datoz, eta jarraian XVIII. mendeko Martin Barcaiztegui toreatzailearenak, hurrena XVII. mendeko Pedro Bardeci beato orduñarrarenak, gero 1968ko Joko Olinpikoetan urrezko domina eskuratu zuen Pierre Bareits pilotari zuberotarrarenak, eta haren atzetik Inkisizioaren zama jasan behar izan zuen XVI. mendeko Johanes Bargota belagilearenak...

Batzuetan gerta daiteke ere jarraian doazen hainbat pertsonaia mende berekoak izatea. Esate baterako, 1936an militar kolpistei Donostian aurre egin zietenen artean egondako Casilda Hernáez Vargas hartzen badugu erreferentzia gisa -bide batez, politika bezala definitzen du Egañak, eta hori ez zitzaion asko gustatuko bizitza osoa bere burua borrokalari sozialtzat izan zuen emakume anarkista honi-, bada, hurren irakurriko dugun gogoramena pezeta baten truke Internazionala, Eusko Gudariak, A las barricadas edo beste edozein kantu joko zizun Santiago Hernández Redondo Txantxillo eskalearena izango da, eta harenari jarraituz Jesús Hernández komunista bilbotarrarena.

Halaber, alditan bost errege-erreginaren berri jarraian izatea ere badago, guztiak izen beretsuz ezagutuak izan zirelako. Horixe gertatzen da XV. mendeko Juan II.ri erreparatzen badiogu -eta badago zergatik, Nafarroako Erresuma suntsituko zuen Fernando Katolikoaren aita izateagatik besterik ez bazen izango ere; horrez gainera bere erabakiekin Nafarroako erresuma agramondarren eta beamondarren artean zatitu baitzuen...-, bada, hain zorigaiztoko oroimena utzi zigun errege horren gorabeherak irakurri eta gero, hurrena XIII. mendeko Juana I.a dator, bi urte bete baino lehen erregina izendatu zuten huraxe -ezkondu ere azkar samar ezkondu zen erregina hori, antza denez: 12 urterekin batu omen baitzuten etorkizunean Frantziako errege izango zen Felipe Ederrarekin-. Eta gauza guztietan hain goiztiar izandako erregina horren xehetasunak ikasi eta gero, esposatzekotan behintzat are goiztiarragoa izan zen bere biloba Juana II.a aurkituko dugu -6 urterekin ezkondu omen zen hau 12 baino ez zeuzkan Evreux-eko kondearekin-. Jarraian, berriz, XVI. mendeko Juana III.a, Frantziako zein Espainiako erregeei aurre egingo zien Albreteko Joana adoretsu hura, hain zuzen ere.



Santuak zein torturatzaileak

Noren biografia sartu erabakitzeko orduan, nahiago izan du Iñaki Egañak multzo baten ordezkari izan zitekeenarena aukeratu, gizabanako ospetsuenarena baino. Hori bai, aukeratutako guztiak hilik daude, bakar batzuk izan ezik: kirolariak. Arrazoia? Egilearen ustez hauen ospea oso iragankorra izan ohi delako.

Nolanahi ere, euskal gizarteak betitik ezagutu duen heterogeneotasuna agerian dago Quién es quién en la historia del país de los vascosen. Eta zergatia azaltzeko orduan hauxe dio Iñaki Egañak: "Pio Barojak gogoraraziko ligukeen bezala, hain euskotarrak izan ziren Jesusen Lagundiko buru izandako Loiolako Ignazio eta Xabierko Frantzisko, josulagunen etsai izandako Saint-Cyran baionarra (Jean Duvergier jansenista) bezala. Horregatik ekarri ditut kontura, historiako epe berberetan, kolore guztietako jendeak. Zumalakarregi, Elio, Radica... Mina, Txapalangarra edo Jaúregui bezalako liberalak aurrez aurre izan zituzten karlistak izan ziren. Gipuzkoako entziklopedistek apaiz atzerakoienekin eszenategia partekatu behar izan zuten, eta gerrillari gogotsuenak poliziarik makurrenekin".

Hara, 1968an ETA erakundeak hildako Melitón Manzanasen gisako torturatzaileak aukeratuak izanaren arrazoia. Polizia horren orrialde berean, baina, XVI. mendean olioa saltzen aberastutako Frantziska Mallea zumaiarraren biografia, XIX. mendean urpekari izandako Juan José Mancisidorrena eta 1880an Euskal Erria aldizkaria martxan jarri zuen José Manterola Beldarrain idazlearena irakur daitezke.

Santurik ere ez da falta izan gurean. Adibidez, VII. mendeko Rictrudis. Ernoldo eta Lichia baskoien alaba hau Adalbaldo noble frankoarekin ezkondu zen. Eta baskoiek senarra hil ziotenean, komentu batera erretiratzea erabaki zuen, bere hiru alaba eta semearekin batera. Komentu horretako abadesa izatera ere iritsi omen zen. Gauza da, 76 urterekin hil zela, ete bere erlikiek 1.200 urte iraun zutela, norbaitek Parisen lapurtu zituen arte.

Santu horren biografia agertzen den orrialde berean XVII. mendeko mailegu-emaile azkar bat gogoratzen da, Mariana Rober Salinas donostiarra, Lapurdiko itsasontzi guztiei bere marinelei ordaintzeko dirua aurreratzen zien emakumea. Eta jarraian, ELA sindikatuaren sortzailea, Manu Robles Aranguiz. Alboko orrialdean, berriz, Emiliano Rodríguez saskibaloilaria, 22 urte zituela Sanferminetan poliziak hil zuen Germán Rodríguez Sainz trotskista, eta Pierre Rosteguy, Lancreko Pierre bezala ezaguna egin zen josulagun inkisidore maltzurra. Euskal Herrian 3.000 sorgin eta belagile "ezagutu" eta atxilotu ondoren, horietarik 600 bizirik errearazi zituen gizona.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude