Fernando, agintari maputxe klandestinoa: «Txileko gobernuek isilarazi nahi gaituzte»

  • Wal Maputik kanpo gaude, ezezaguna izan behar den leku batean. Solaskidea Fernando daukat: Txileko justiziari ihes eginda dabiltzan Arauco-Malleco Koordinakundeko agintari klandestinoetako bat. Nahi dute «anaiok», euskaldunok, beraien borrokaren berri izan dezagun. Nahi dute beraien borroka isilarazten duen estrategia errepresiboa apurtu.
Betiko borrokak -inken kontra- lehen, espainolen eta txiletarren kontra gero, lurra defendatzea izan du ardatz.
Lurrak berreskuratzea izan da, betidanik, Maputxe Herri osoa batu izan duen eskaera. Lurraldetasuna oinarrizkoa da herria osatzeko. Oinarrizkoa da funtsezkoak egiten zaizkigun beste elementu batzuk -kulturalak, erligiosoak, ekonomikoak, politikoak, etikoak- berreskuratzeko. Honela, eta ez beste modu batean, lortuko dugu nahi duguna, hau da, izadiarekin bat egiten duen mundu batean, zapalketarik ez dagoen mundu batean bizitzea. Lurren lapurketa tartean izanik, xedea ezinezkoa dela argi dago.

Lehen, latifundistak zenituzten etsai. Gaur, horiei multinazionalak gehitu zaizkie. Aldaketarik bai?

Lurra berreskuratzeko lehenengo eskaerak egin zirenean, latifundistengana zuzentzen ginen. Azken hamarkadetan, nazioarteko kapitala zabaltzeko prozesuak direla-eta, borroka basoak eta ibaiak ustiatzen dituzten enpresa handien kontra zuzendu da. Ezin dugu ahaztu, berriz, Txileko betiko oligarkiak interes ekonomiko itzelak dituela enpresa horietan. Kontuan izan behar da ere, egungo mundu ekonomian bere burua kokatzeko, Txilek energia ekoizle rola hartu nahi duela. Lehentasuna dauka aipatutako arloak.
Interes horiek gure lurretan oinarrituta daude. Lurra bera ez da garrantzitsuena, baina lurrik ez bada, ez dago maputxe izaterik.

Arauco-Malleco Koordinakundea 1997an jaio zen: lurrak berreskuratzeko gatazkan dauden komunitateak elkartuz, nortasuna borrokan bertan garatuz.
Koordinakundea jaio zen ohiko erakunde maputxeek politika egiteko zeukaten eredua agortuta zegoelako. Bide instituzionala agortu da; bide hau estatuak emandako hutsunetan murgiltzen da. Maputxeen parte-hartze politikoari zein lurren aldeko eskaerei erantzunik ez dagoelako agortu egin da. Egoera honek eztabaidara garamatza: ohiko politikari jarraitu ala estatua apurtu nahi duen borrokamolde berriak sortu, aurreko guztia apurtuz. Handik hausnarketa datorkigu: Zer egin liteke indarrak metatzeko? Honela, premiazkoa zaigu batasuna, borrokan daudenekoen batasuna, batez ere. Baina behar honek, lan honek, badauka baldintzarik: lurrean bertan, gatazkaren eszenatokian bertan eman behar da. Testuinguru honetan jaioa da Koordinakundea, lurrean bertan zinezko indarrak batzeko beharra zegoelako; hau da, lur soroak berreskuratzen badira, berreskuratutakoari eusteko gai izan behar gara, eta berreskuratutakoa baliatuz, Maputxe Herria berreraikitzen jarduteko.

Bada beste gai inportante bat: borroka bera, lurra bera, izan dadila politika egiteko moduak, bizitzeko modu berri horiek zabaltzeko eskola, Estatuarekiko itun bidezko ohiko politika ahazteko eskola izan dadila. Alde beretik, Koordinadoran nabaritu genuen, ere, alderdiekin apurtu behar genuela, baita borroka eta maputxeen nahiak islatzeko gai ez ziren "bitartekariekin" ere. Horrela, ohiko alderdietatik urruntzen hasi ginen, baita ezkertiarretatik ere, nahiz eta azken hauek maputxeoi begirune gehiago izan.

Lurrak berreskuratzean eta lur horietako kudeaketa autonomoan datza borroka. Baina, zelakoa da zuen kontra erabilitako estrategia errepresiboa?

Oinarrizkoa da maputxeon borroka zertan datzan jakinaraztea geu suntsitzeko estatuak darabilen kanpaina mediatikoa oso indartsua delako. Suntsitu nahi gaituzte, multinazionalek euren inbertsio prozesuekin segi dezaten.

Txileko estatuak isilarazi nahi gaitu. Estatuak gure borroka manipulatu eta isilarazi du. Emaitzak eman dizkie estrategiak. Duela hamar bat urte, konturatu ziren, adibidez, Santiagoko biztanleriaren %80 maputxeon borrokarekin ados zegoela. Harrezkeroztik, Txileko gizartean ez da gure berririk izan. Bestalde, maputxeenganako politika zintzoa daukanarena egiten saiatu dira, geu terroristatzat jotzen gaituzten bitartean. Ez digute defentsarako tokirik utzi, estigmatizatuta gaude.

Zer leporatzen dizuete epaitegietan?

Estrategia mediatikoa baino gehiago da. Maputxeentzako baliabide asko dago, baina ez funtsezkoa konpontzeko balio duenik, eta funtsezkoak dira lurraldetasuna eta autonomia. Diru gehiena maputxeok politikoki sakabanatzeko erabiltzen dute, komunitateei giza babesa kentzeko. Horrela, diruz, agintariak gobernuaren alde jar daitezen lortzen dute. Hau guztia, indarkeria itzelaz lagunduta: bada borroka adierazpen guztientzako indarkeria, edo, bakoitzarentzako errepresio mota zehatz bat. Bada guztiz fazista dena, paramilitarrena; eta gobernuaren indar errepresiboena, epaileena. Epaitegiak, beraz, estrategia erraldoi horren mesederako direla jakin behar dugu.

Ezin dugu ahaztu ere, garai hauetan, gero eta indartsuagoa dela eskualdean finkatu den kapitalismoa; enpresak, zelulosa ekoizten dutenak, adibidez, etengabe ari dira hazten.

Preso politikorik badago?
Egun, hamar bat dira gure presoak. Badira ere batzuk justiziatik ihes eginda daudenak, errebeldian daudenak; agintari klandestinoak esaten diegu guk.

Etengabe eta beti gaiztotu eta kriminalizatu da maputxeon borroka.
Edozerk balio du gu zigortzeko, berdin ekintzaren batek zein gure planteamenduak berak; edota Koordinakundean parte hartzea. Egun, Koordinadoraren beraren kontrako jazarpena ere badago: Pinocheten garaietako Ley de asociación ilícita terrorista eskuan, abian da, jada, Koordinadoraren eta bere agintarien kontrako epaiketa. Espetxe zigorrak bost eta hogeita bost urte bitartekoak dira.

Hala ere...
Hala ere, gure ustetan, larriena da maputxeon borroka isilarazita egotea. Guk lurrak defendatzeko behar eta ahal diren bide guztiak kontuan ditugu. Berreskuratzerakoan erakusten dugun indarra Komunitateek lurrak defendatzeko eskatzen duten indar bera da. Komunitateen borroka zuzena da. Gure ekintzak beti izan dira garbiak, sekula ez da odolik izan. Enpresen edota latifundisten interes ekonomikoen kontra zuzendu ditugu, hau da, gure burua defendatzeko ekintzak baino ez dira. Guretzat legezko ekintzak dira; ez, ordea, gobernuarentzat, ekintza terroristak direla baitio. Guretzat gaurko borrokabideen helburua Maputxe Herria berreraiki ahal izateko gutxieneko tokia lortzea da. Horretan oinarrituta, aurrerago, posible izango da Maputxe Herriaren askapenerako proposamena garatzea. Arlo politikoa, ideologikoa edota kulturala dela-eta, izaera berria, pentsamolde berriak sortu nahi genituzke gure jendearengan, gatazkaren eszenatokian bertan, politika egiteko erarekin zer ikusirik dutenak.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude