argia.eus
INPRIMATU
Landareak: Txista! Zuhaitzari
Jakoba Errekondo 2005eko uztailaren 17a

Agronomoaren uraparrak ez du mugarik. Landareak gero eta gehiago, agortu arte nola ustiatzetik aurrera gutxi gehiago erakusten zaio unibertsitatean. Gero estrapozo egin eta pirrilaka alorrera, sorora lanera erortzen denean izaten dira komeriak! Botikak, hazi berriak, puntako tresneria… saltzaileekin, gizarte diruzalearekin topatuko da. Gure inguruko txanpon itsasoan bere eskasean nekazaritzak ere dirua baitarabil. Aprobetxategia gozo dabil gaur, dena negozio den gaur. Produktu berri baten salmentaren berri izan dut gaur eta sutan nagoela nabarmena da, ezta?

Zuhaitz eta arbola gaixoak sendatzeko teknika berri bat zabaldu nahi dute: injekzioak. Hona hitz bitan: enborrari daratulu edo biribirkinarekin sei milimetroko diametroko zuloa egin, gomazko tututxo bat sartu eta hari botika daraman maskuritxo bat lotu; izerdiak pixkanaka hartu eta landarean barreiatuko du. Botika bezalaxe zuhaitza biziberrituko duten produktuak ere eman omen dakizkioke. Landarearen osasun arazoaren erroa bilatu eta hura bere oneratu beharrean gero eta teknika sofistikatuago eta ikusgarriagoak, hitz batean telebistakoagoak, erabiltzera jotzeko joera. Eta dirutza dantzan.

Aspaldi asmatutakoa da daratuluarena, bai dendrokronologian zuhaitzaren adina ezagutzeko, baita botikatzeko ere. Bietan, hala ere, kasu jakinetan, beste aukerarik ez dagoenean erabiltzeko teknika da. Arrazoia sinplea da oso: zuhaitzari egiten zaion zuloa ez da berehalakoan itxiko eta sar daitekeen gaitz izurrite eta abarrak onura baino kalte handiagoa eragin dakioke.

Itxurakeria garai hauetarako kategoriako teknika. Zer kategorikoa galdetu behar...