argia.eus
INPRIMATU
Zer da: Kredituak
Daniel Udalaitz 2005eko uztailaren 03a

Kredituak pertsona fisiko edo juridiko batek beste bati ematen dizkion maileguak dira. Jeneralean, printzipala eta interesak itzultzeko epeak finkatzen dira. Kreditua ematen duena mailegu-emailea edo hartzekoduna da, eta eskuratzen duena mailegu-hartzailea edo zorduna. Kredituak ematea da entitate finantzarioen jarduera nagusia, interesetatik ateratzen baitituzte etekinak. Hainbat motako kredituak daude. Herritarren artean zabalduenak kreditu hipotekarioak dira. Garrantzi handia dute etxebizitzaren finantzazioan, bai halaber nekazaritzako obra eta ekipamenduetarako inbertsioetan. Kreditu hipotekarioak ondasun immobiliario baten bermearekin ematen dira: etxebizitza, nekazaritzako ekipamenduak, eta abar. Ondasun horien balioarekin erantzuten zaio ez ordaintzeko arriskuari. Badira bestelako kredituak ere. Batetik, kreditu bigunak, zein epe luzera eta interes-tasa apalekin ematen baitira, horrela funtsean izaera soziala duten eta errentagarritasun ekonomiko handirako espektatibarik ematen ez duten inbertsioak laguntzeko. Bestetik, kreditu zubiak, presa handi samarrarekin kapitala behar duten pertsona fisiko edo juridikoei epe laburrera ematen zaizkienak. Denbora jakin baterako ituntzen dira, eta, gehienetan, epe ertainerako edo luzerako kredituenak baino baldintza garestiagoetan.