Leitzarango ahoberoak


2005eko maiatzaren 29an
Maiatza honetantxe, hamar urte bete dira Leitzarango autobide iskanbilatsua inauguratu zela. Ordea, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko arerio politiko ideologikoak diren Gonzalez de Txabarri eta Sanz oso ados egon dira balantzean. Irabazleen irmotasunaz, ez ote digute aurpegiratu bada, nola egon gaitezkeen aurrerapenaren eta azkartasunaren adibide sendo honen aurka?

Debaldeko autobide hau -eskotean ordainduko duguna urte mordoan- garraioaren hazkunderako azpiegitura ezin egokiagotzat jo dute, eta, bide batez, esku artean dituzten "patata beroak" modu berean ulertu behar direla erakutsi nahi izan digute. Leitzarango istoriotik ikasiz, Itoiz, Pirinioetako autobidea, AHT eta Pasaiako superportua, besteren artean, gure garapenaren funtsa direla errepikatu digute, esperientziatik ikasita, ea behingoz "orori ez" leloari uzten diogun.

Alta, historiak ere irakasten du, istorioak aparte. Agian, Gipuzkoako diputatua, duela 30 urte ezkertiar abertzalea zenean "indar produktiboen garapen mugagabean" ere sinestuko zuen eta horregatik txaketa politikoa aldatuz gero ez zaio hainbeste kostatu Gipuzkoako lurrak txikle moduan handitu nahi dutenen lerroan jartzea. Horrela errazago uler daiteke azpiegituren proiektuen zerrenda amaigabearekin, norabide guztietara, itsaso aldera barne, herrialdearen porlanezko komunikazioak zabaltze nahi hori. Gakoa da, zer egingo duten AHT, Maltzaga-Urbina, Durango-Beasain, Donostialdeko saihesbideak eta beste proiektuak, auto eta kamioien trafikoaren gorakadaz kolapsatuko zaizkienean. Edo ez al dute horretan erreparatzen?

Itoitzeko historia ere oso esanguratsua dugu. 20 urte joan dira Longida araneko biztanleek urtegiaren proiektuari aurre egin ziotenetik. Ahobero ugarik beste galera ekologista bat iragarri arren, ez du ematen afera honek Sanzi lo lasaiak ekarri dizkionik. Duela gutxi, urtegiaren hondamendi geologikoa izanez gero berak ez zuela erantzukizun politikorik onartuko, zioen; alor horretan teknikariek emandako txostenen araberako erabakiak izan direla. Eta galdera da, nork aukeratu ditu teknikariak? Nork agintzen die euren azterketan agertu behar diren ondorioak?

Leitzarango autobidearen 10. urtemugan ikusi dugun legez, Nafarroan, Gipuzkoan eta Euskal Herriko gainontzeko herrialdeetan hazkunde ekonomikoa dugu lege nagusia eta garapen sostengarria azalezko eta komenientziazko erakusleiho berde hutsala bihurtu zaigu. Gobernariek pertsona eta merkantzien garraioaren gorakadarekin pozik daude, mugikortasunak sortutako hazkunde komertziala baino ez baitute ikusten. Eta sorrarazitako kalteak? Noizko esango digute isuritako CO2 tonak eta eragindako istripuak zein beste galera sozio-ekologikoek -zaratak, kutsadura, biodibertsitate galerak…- zenbat suposatzen duten?

Bizitza maila eta bizitza kalitatea ez dira gauza bera eta existentziaren balio guztiak ez dira ekonomikoak, ezin baitira BPGaren parametroetan neurtu. Garapen ekonomikoaren txanponaren aurpegiak ezin du bestaldean dagoen krisi sozio-ekologikoarena ahaztu, biak ala biak doaz batera.

Are gehiago, nahiz eta herri txikia izan, gure dependentzia gero eta handiagoa da lehengai, material eta zerbitzuei dagokienean. Zor ekologiko galanta hartu dugu baliabide horiek eskuratu ditugun herrialdeekiko, ala pentsatzen dugu petrolioa, gas eta bestelako lehengaiak Asia, Afrika eta Latinoamerikatik ekartzea, modu duin, justu eta libre batean egiten dela?

Gonzalez de Txabarrik eta Sanzek kontuak atera nahi badituzte atera ditzagun, hori bai, iruzur eta egi erdiak erabili gabe. Garraio eta azpiegituren politikak euren ardura dira, ados, baina herritarrei partaidetza demokratikoan oinarritutako azalpenak zor dizkiete. Eta guk, gure bizimoduarengatik gure hartzekodun ekologikoei ere bai.


ASTEKARIA
2005eko maiatzaren 29a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


Eguneraketa berriak daude