argia.eus
INPRIMATU
Europari BAI, batere dudarik gabe (Emile Larre, apaiza eta idazlea)
2005eko maiatzaren 29a

1914ko gerlan »ez nintzen sortua» galdu nuen aitaren anaia, Joanes, alemanek hilik. 39koan otto Jean Leonen aldi zen, hau amaren anaia gazteena.
Geroztik hemen bizi naiz, auzo ditudala, hor baztandarrak Izpegitik, han aezkoarrak Ibaiñetatik. Hemengoak ez ditut ahanzten. Amikuze ta Xiberotik harat, gaskoi, landestar eta biarnesak aski gu iduriak horiek ere.
Eskolan zerbait ikasi genuen ere Bigarren Gerla Handi batek ederki lagundurik horretan. Baita alemanak, ingelesak, errusiarrak, italiarrak, espainolak hurbilago, haien artean batzuk "onak" zirela eta besteak "gaixtoak" hauen hiltzea haizu!
Aldatzen baitira denborak, jakin genuen segurki, hiru gizon elgarretaratu zirela, duela mende erdia pasa: R. Schuman frantsesa, K. Adenauer alemana, A. Gasperi italiarra, fedez eta bihotzez ziotela: egin dezagun bakea, urra mugak, Europa sortzeko, bakearen eta batasunaren herria.
Horrek ekarri digu diru bera, lege beren mentura, anaitasuna, herritasuna agian eta gerlarik ez! Engaiamenduak hartuz emeki-emeki, Europa Etxearentzat.
Herria kazetan, ez dugu ahantzia Etienne Salaberri apez irakaslea, Baigurako heletar semea, Europa Batuaren predikari suhar izana.
Joanak ditugu orain horrelako gizonak, baina ez denak. Heien obrek irauten dute, bizi bizirik, eta gugan dago haien hatsa.
Horra orain etorria, guretzat, mintzatzeko ordua, erreferendum horrekin, guztien eta bakoitzaren obra izanen baitugu Europa Etxe Berria.
Segurki hala ere, deus ez direla 50 edo 90 urte, lehengo etsaigoetarik anaitasunezkoa gogora iragateko. Segurki ere militzakerian ariko garela beti, "nik hau nahiko" edo "nik berriz hura"!
Baina zer dira kurrinka horiek sortzera goazen obra zoragarriaren aitzinean? Eta gure alorrak oraino zenbait ahago tzar, zalke edo kardu baditu ere, ez al gara hor aitzina segitzeko, garbi eta apaintzale lanean!
Utz beraz bazterrera eskuinen eskuinkeriak eta ezkerren ezkerkeriak. Geroa du Europak segurtatzeko, zure eta ene BAIarekin, irakurlea!