Haika-Segi auzia: Auzitegi Nazionala gazteek epaitua

  • Haika-Segi erakundearen auzia hasi zenean 23 auzipetu preso zeuden. Epaiketa amaieran 21 kalean daude. Bi geratu dira barruan: Aiora Epelde eta Arkaitz Rodriguez. Gazteen erakunde honetako Ibon Meñika (Zamudio, 1977) eta Jon Markel Ormazabalekin (Donostia, 1982) elkarrizketatu gara. Halaber, zuzenbidean adituak diren bi pertsonen iritziak bildu ditugu erreportajean. Auzipetuen abokatuek ez-ohikotzat jo dute epaiketaren bilakaera. Alabaina, prozesatuak epaiaren aiduru daude, aukerak zabalik baitira: lau, zortzi eta hamar urte arteko espetxeratzeak izan daitezke, baita absoluzioa bera ere.

2005eko maiatzaren 15an
Haika-Segi auzia 18/98 makro-sumarioaren barruan dago. Erakunde honetako kideen ustez, auzia Espainiako Estatuak errepresioaren estrategian emandako azken jauzia da. ETAren aurka ekitean, bere helburuekin bat egin dezaketen hainbat sektoreren aurkako estrategia gauzatu du Estatuak. 18/98 sumarioa Estatuaren jazarpenari izaera juridikoa emateko modua da.
Egungo egoera ulertzeko hala ere, gazte bi hauen iritziz komeni da iragana gogoratzea: «Egungo egoeraren aurrekariak Haika eta Segiren aurkako polizia operazioak baino lehenagotik datoz. 1998an, PP Gobernuan zegoela Euskal Herriko Nazio Eraikuntza proiektuan ari ginen mugimendu, talde eta pertsonen aurka jotzen hasi zen. Artean, hainbat eragile politikok gure aurkako jazarpenari nolabaiteko babes juridikoa ematen lagundu zuten, gu ETAren estrategiaren barnean garela argudioa indartuz. Gerora, 2001ean, Haika-Segiko kideen lehen atxiloketak izan ziren, ETAren estrategiaren ildoan ari zirelakoan. Kale borrokaren dinamizatzailetzat jo gintuzten. Hartara, Estatuak bere jo puntuan jarri zituen erakunde honetako kideak».

Nola azalduko zenukete auzia? Zein izan dira epaiketa honen ezaugarriak?
Ibon Meñika. Ezaugarri nagusiak, auzipetuen defentsa urratzeaz gain, norbanakoaren eskubideen gainetik pasatzea eta eskubide kolektibo eta politikoen urratzea izan dira. Adibidea epaiketa bera da: ez da soilik pentsatzeko eta antolatzeko modua urratu, froga zehatzik gabeko epaiketa muntatu dutela baizik. Hainbat delitu burutu omen dugu modu indibidualean, baina ez dute ezein delitu egin izanaren frogarik, eta gainera, kolektibo baten barruan sartu gaituzte. Epaiketa guztiz politikoa da, fiskala eta epaileen helburua erakunde politiko bat suntsitzea da.

Jon Markel Ormazabal. Beste ezaugarria, gutako hainbat kide lau urte espetxean egotea da, epaituak izan gabe. Eta ez dira kasu bakarrak: Gestoretako eta Askatasunako hainbat kidek urte asko daramate barruan epaitu gabe, datozen epaiketak ere inongo berme juridikorik gabe burutuko dituzte.

Epaiketa burutu ahala auzipetuak aske geratu dira. Zeri erantzuten dio horrek?
I. Meñika. Epaiketa egin ahala egoera aldatuz joan da. Hasieran 23 ziren barruan, 9 kanpoan, azkenean, hiru txandatan guztiok kalean geratu gara 2 izan ezik. Artean, 6 askatu zituzten lau urte bete zituztelako, jarraian beste 3 lau urte bete ondoren, eta 12 kide azkeneko epaiketa egunean. Abokatuen argudioak kontuan hartuz gero, epaileek onartu beharko lukete ez dutela inolako oinarririk 2 kide hauek espetxean izateko.
19/98 makro-sumarioaren beste ezaugarria da euro-aginduaren bidez garatzen hasi zela, hiru lapurtar gazteren aurka hasi ere. Agindua bertan behera geratu zen borroka eta lana medio, baina artean hiru euro-aginduak aplikatu dira, eta kide batzuk Espainiako Estatura ekarriak izan dira, Araitz Zubimendi Soto del Real-eko espetxean dago gure aurkako akusazio berdinekin. Beraz, gazte asko Estatuen jo puntuan dago, bi Estatuek muntatutako mekanismoak erabiltzen ari dira, Frantziako Estatuak ere rol garrantzitsua jokatzen du errepresioan. Behin-behineko espetxeratzeaz gain, beste mekanismoak indarrean daude. Eneko Aizpuru ere horien menpe dago.

Artean, Arkaitz Rodriguez eta Aiora Epelde barruan daude...
J. M. Ormazabal. Hauek Fernandez Iradi Susper-ren zerrenda delakoan zeudelakoan espetxeratuta segitzen dute, "Banda armatua"rekin kolaboratzea leporatuta. Harrigarria eta ulergaitza da, epaiketan kide izateagatik epaitu dituzte eta espetxean kolaborazioagatik daude. Espainiako justiziak dioenez, ezin da pertsona bat bi aldiz epaitu ustezko delitu berarengatik.

"Epaiketa irabazi dugu, baina epaia beste gauza bat da", esan du Igor Ortega kideak.
I. Meñika. Bai, bereizketa hori egiten dugu. Epaiketaren ondorioz, Euskal Herriko jendartean epaiketa politikoa dela argi dago, baita eskubide zibil eta politikoak urratu direla ere. Finean, gazte mugimenduen antolamendua moteltzea izan dute helburu, baina hori beharrean kontrakoa lortu dute. Gazteen antolamendua indartu da epaiketen ostean. Segi erakundea ezabatu nahi izan dute, baina antolatzeko unean Segik gazte askoren erreferente izaten segitzen du. Hurrengo belaunaldi gazteak borrokari lotzeko tresna eraginkorra bilakatu da Segi. Horregatik diogu epaiketa irabazi dugula. Alabaina, badakigu epaiketaren arrazoia politikoa dela, eta hori estaltzeko «zigor eredugarria" ezartzen saiatuko dira.

J. M. Ormazabal. Politikoki irabazi dugula diogu, beren helburua Segi erakundea epaitzea zelako. Ordea, Euskal Herriaren ikuspegitik behintzat, Auzitegi Nazionala da uneon epaitua, eta ez 43 gazteak.

Epaiak nola baldintza dezake gazteen geroa edo Segi erakundearena?
J. M. Ormazabal. 43 pertsonen bizitza baldintzatu dezake, baina epaiketak Segi erakundea erreferente dela areago azaleratu du. Ilegalizatuak izan arren, ez gara gizartetik at, errealitateak besterik erakusten du.

I. Meñika. Pertsonalki jasango dugu zigor hori, baina salbuespen egoera honen ondoren Estatuaren zilegitasuna kolokan ipini dugu. Euskal Herriko hainbat sektore auzitegi horren sinesgarritasuna kuestionatzen hasi da. Salbuespen egoera erabiltzen duen auzitegi horrek zein zilegitasun dauka? Euskal Herriko gizartearen zati oso inportante baten ideiak auzipetu dituzte, baina, finean, euren burua epaitu dute.

Maiatzaren 21ean Manifestazioa antolatu duzue Donostian.
J. M. Ormazabal. Manifestazioa ez dugu gazteen aurkako epaiketari begira antolatu soilik. Urtean 200 atxilotzen dituzte, gazteri osoak jasotzen du Estatuaren jazarpena. Manifestatzera deitzeaz gainera, gu eragile politikoen erantzun edo jarrerari begira gaude.

I. Meñika. Printzipioz, manifestazioa abiapuntu baten mugarria izatea nahi dugu. Estatuak azken urteotan ezarritako errepresioaren aurrean Euskal Herriko hainbat sektoreren jarrera eta pentsamoldea berretsi da. Makro-sumario honek euskaldunok martxan gaudela berresteko balio behar du. Euskal herritar moduan geure hautuak sendotu behar ditugu eta norabide horretan aurrerapausoak eman. Hau da, antolatzeko eskubidea garatu eta bermatu behar dugu, eta egiteko horretan harrotasun moduko bat agertu ere bai. Honez gero, Estatuari aski dela esatea ez da nahiko.

J. M. Ormazabal. Alegia, eragile politikoek herri mailan dagoen nahiaren arabera mugitu behar dute. Askotan, beren jarrera sendotzen dute, baina ez dira mugitzen.


Bien bitartean, nola gaindi daiteke zuen ilegalizazioaren egoera?
J. M. Ormazabal. Bi giltza daude. Estatuarena batetik, orain Gobernua PSOEren esku izanda, estrategia aldatu daiteke. Bestetik, beste giltza Euskal Herriak dauka: herri bezala bitarteko propioak garatu behar ditu Estatuaren debekuak eta legediak aldatzeko.

I. Meñika. Bi giltzak uztartuta daude. Estatuak ilegalizazioaren prozesua martxan jarri zuen eta gatazkarekiko zuen jarrera ageri. Baldintza demokratikorik gabeko egoera honetan ezin dugu pentsatu proiektu politiko guztien garapen demokratikoa gauza daitekeenik. Beraz, konponketa moduko bat topatu behar dugu halabeharrez. Estatuak gatazkaren muinera jo behar du, eta zeregin horretan euskal herritarren hitza eta erabakia errespetatu behar ditu. Zentzu horretan, Anoetako Proposamena eta Nazio Eztabaidagunearen ekimenen bidez ilegalizazioaren arazoa soluziobidean jar daiteke.

Zer ekar dezake zuen belaunaldiak legez kanpo geratu ondoren?
J. M. Ormazabal. Polizia operazio guztien eta epaiketa erraldoi honen ondorengo gure lehen nahia egoera aldatzea eta ginen moduan aritzea da. Ilegalizazio egoera gainditzea, alegia.

I. Meñika. Oso une klabean bizi gara Euskal Herrian. Guk baino lehenago beste belaunaldi batek, borrokaren bitartez, gatazkaren muina azaleratu zuen. Borroka dela-eta, gatazkaren parametroak oso gogorrak bihurtu dira, eta batzutan desitxuratuak izan dira. Baina egun, gatazkaren izaera definituagoa badago borroka horiei esker izan da. Orain kontua, bai gure belaunaldiak bai hurrengoak, egoerari erantzuten jakitea da. Hurrengo belaunaldiak ez luke ilegalizazio egoera jasan behar, lan egin behar dugu egoera guztiz antidemokratiko hau bizi ez dezan, ilegalizazio garaia gainditu behar dugu. Horretarako, autodeterminazio eskubidea eta lurraldetasunaren auzia gauzatzeko bide egokienak urratu behar ditugu eta horretan gu baino gazteagoak lagundu.

Nola ikusten duzue zuen eta herri honen geroa?
J. M. Ormazabal. Gazte mugimenduaren geroa marrazten hasia da. Horren adibide ditugu Kukutzan egindako Okupazioaren Aldeko Jardunaldiak, Markinan burutu ziren gazte mugimenduen estrategia topaketak. Segiren azken Batzar Nagusiko leloak horrela dio: "Amuarrainak begi bi, sei ezkailuk hamabi". Etorkizuna dinamikoa da. Kongresuko eztabaida nagusiaren ondoren, XXI. mendeko euskal gazte mugimenduaren ardatz nagusiak aisialdian eta kultur dinamizazioan kokatu ditugu. Tamalez, jai eredua sistemaren arabera garatzen eta indartzen ari da. Hala ere, okupazioaren aldeko mugimendua boom bat izan da Euskal Herrian. Iruñeko Euskal Jai-ren eraistea gogoan. Gure kezka, sistemaren azken oldarraldiak direla-eta, gazteak alienaziotik saihestea da.

I. Meñika. Gazteok kolektibo bat osatzen dugun heinean problematika propioak ditugu, berauek ezagutu eta bizi ditugu. Arazoei irtenbidea guk eman behar diegu, jakina. Arazoak ez ditugu berdin bizitzen guk eta adin nagusiagokoek. Etxebizitzaren arazoa denontzako da larria, baina areago guretzat. Gazte mugimenduaren aniztasuna eta kezkak oso zabalak dira, zoritxarrez, egoera antidemokratikoa eta errepresiboa dela-medio, hauek bigarren planoan geratzen dira, gatazka politikoaren lerro nagusiak nabarmentzen dira. Baina funtsean, etxebizitza, lana, euskara, hezkuntza, aisialdia edo drogo-menpekotasunaren arazoak gazteon problematika eta beharrizanak dira. Segi tresna besterik ez da.

Legez kanpo egonda ere.
J. M. Ormazabal. Joan den irailean, Durangon, gazte mugimendu independentista eta ezkertiarraren kongresuan ilegalizazioa gainditutzat jo genuen. Edozein herritan gazteria lanean ari da. Ilegalizazioak bere kostuak ekarri ditu, baina Segiren egituretan oraindik ere milaka gazte antolatzen dira.

I. Meñika. Segiren jarduera nagusia, gazteon problematika ardatz harturik, gazteontzako proiektu integrala eskaintzea eta garatzea da «Independentzia eta Sozialismoa» helburu, baina aipatu arazoak konpondu nahian. Noski, gatazka politikoa indarrean dagoen heinean, demokraziaren gabeziak arazo horiei irtenbideak aurkitzea oztopatzen du, baina eguneroko lana horiek gainditzea da, gure asmoak horretara zuzenduak dira batez ere.

Segiri leporatu zaion kale borrokaren erantzukizuna atzean geratu da, beraz.
I. Meñika. Hori gazte independentistei ezarri zaigun ikonoa da, etiketa moduko bat. Kale borroka hainbat gazteren espresioa da, ez Segirena. Euskal Herriko gazteria kale borroka baino askoz gehiago da, baina hedabide nagusiek ez dute hori islatu nahi. Epaiketa bitartean hainbat herritan etxeak okupatu dira, lan baldintzak eta errepideetako egoera salatzeko ekimenak egin dira. Ikasle Abertzaleek Zaplasteko Eguna antolatu dute. Ez ikustea edo ez ikusi nahi izateak ez du esan nahi besterik egiten ez denik. Aitzitik, gazteok eremu horietan dugu indar nagusia. Gazteriak egun ekintza hauek burutzen ditu nagusiki.

J. M. Ormazabal. Segi eta kale borrokaren arteko lotura gaindituta dago Euskal Herrian. Epaiketa izan den bitartean ageri denez, Espainiako hedabideek horretan jarraitu dute. Euskal herritarrek, ordea, biak bereizten dituzte.

Auzitegi Nazionalaz gazteen ikuspegia
«Epaiketaren ezaugarrietako bat antolaketa eza izan da. Goizeko 10:00etan deitzen gintuzten eta 11:30etan hasten zen epaiketa, epaileen gogoaren arabera. Hauek kafea hartzeko gogoa izanez gero, epaiketa ordu bat berandu has zitekeen. Benetako lanorduak hiru edo sei artean izan zitezkeen, eta guk 10 ordu ematen genituen bertan. Madrilgo Auzitegi Nazionalean egoteak marroi itxura dauka, konnotazio txarra. Guk ez genekien zer aurkituko genuen eta salbuespenezko tribunal bat aurkitu genuen, Euskal Herriko hainbat pentsamolde politiko epaitzeko -funtsik gabe- inpunitate osoa duena. Lehenik espetxeratu eta ondoren epaitzeko -jarraibide horretan- duten inpunitatea izugarria da, edozein modutan tratatu gaituzte, azpiegituren baldintza kaxkarrak tarteko. Euren helburu politikoak betetzen badituzte ez zaie axola gure gutxieneko eskubideak errespetatzen edo bermatzen diren. Horren lekuko Eusko Jaurlaritzaren begiraleen kasua da. Justizia saileko arduradun batek ea begiraleak zer egiten zuten han, -ea Burundin ote ginen?-, galdetu zuen. Hirugarren Munduko herrialde bateko justiziaren pare agertu dira, edo gurekin behintzat hango bitartekoekin aritu dira».

Nazioarteko elkartasuna, herriaren babesa eta abokatuen lana goraipatu dituzte
«Segiren ilegalizazioaren ondorioz gazte askoren antolakuntza eta borroka delitu bilakatu dira. Epaiketaren bidez gu protagonistak bilakatu gara, baina lorpena, benetan, antolatzen eta borrokan ari diren gazte guztiena da, Segin hala nola beste taldeetan ari direnen lorpena. Badirudi Segiko gazteok soilik jasan dugula jazarpena, baina gazteen konpromisoa da gehien bat epaitu eta jipoitu nahi dutena. Euskal gizartearen aldetiko elkartasuna horrela ulertzen dugu, finean, gizartearen afera baita, ez gazteona soilik, gazteok ez gara auzipetu hutsak, gizarteko partaideak gara. 3.000 atxikimendu jaso dugu, penintsulako gazte erakunde askorenak: kantabriarrak, asturiarrak, gaztelarrak, katalanak, baita Europa, Mexiko eta Kolonbiatik jaso ere. Halaber, abokatuek egindako defentsa juridikoa itzela izan da, irregulartasun juridiko guztiak agertu dituzte. Arantxa Zulueta, Iker Urbina, Aitor Ibero, Iñigo Iruin, eta Jone Goirizelaia abokatuen lana militante konprometituena izan da, luxua da guretzat. Guraso eta lagunen »jende anonimo horren» konpromisoa, elkartasuna eta babesa ere jaso ditugu, hemen eta Madrilen. 40 agerpenetan ez gara behin ere bakarrik izan».

Jose Manuel Castells, Zuzenbide Administratiboan katedraduna: «Instruktoreak gehiegizko konfiantza jarri du polizia txostenetan»
«Epaiketak edota 18/98 sumarioak hiru akats nagusi ditu. Lehenengoa, prozesua bera atzeratzea. Hainbat kasutan, lau urteko atzerapena zuzenbidearen ukapena da, eta prozesua bertan behera utzi beharko lukete; horrenbesteko denbora pasatzeak prozesua bera baliogabetzen du. Bigarrenik, epaiketaren izaera kolektiboa da. Zuzenbideak eta batez ere zuzenbide penalak, norbanakoarengana zuzendua izan behar du, subjektuari atxiki behar zaio. Epaiketa kolektibo hauek azkeneko ebazpena zalantzan jartzen dute, prozesuan balore subjektiboak galtzen dira-eta. Hirugarrenik, prozesu honek oso instrukzio txarra dauka poliziaren txostenetan oinarritzen delako. Frogak izan daitezke, dudarik gabe, baina ez dira frogak maiuskulaz. Polizia txostenak batzutan alderdikoiak izaten dira eta bestetan ez dute frogatzeko balio. Alabaina, epaile instruktorearen akatsa medio, prozedura osoaren oinarria poliziaren txostenean funtsatzen bada, honek pisu izugarria hartzen du tribunalaren erabakian. Tamalez, kasu honetan instruktoreak gehiegizko konfiantza jarri du poliziaren txostenetan. Prozesuak txosten hauen menpe daude eta benetako justizian frogak behar dira. Eta gainera aurrekariak badira, adibidez, Egin edota Euskaldunon Egunkariaren kasuak. Auzitegi Nazionalak tamalez antzinako TOP delakoa ordezkatu du».

Garbiñe Biurrun, epailea eta EHUko irakaslea: «Auzitegi Nazionala krisian dago»
«18/98 sumarioan ea zuzenbidearen oinarriak bete ote diren galdetu beharko genuke lehenbizi, hori bailitzateke prozesuaren lehenbiziko bermea. Zoritxarrez jende askok hori zalantzan jarri du, baita nik ere neurri handi batean, izan ere, horretarako arrazoiak baitira. Lehenbizi, tortura salaketak izan ziren eta horiek behar bezala ikertu beharko lirateke. Hasteko, horiek baldintzatzen dute epaituen defentsa duina. Non daude berme penalak, alegia? Auzitegi Nazionala krisian dago. Aldaketa oso nabarmenak izan dira instrukzioaren arloan, gero eta ikerketa orokorragoak egiten dira. Kolektibo oso handiak hartu eta epaiketa orokorrak egiten dira. Bigarrenik, muga garbirik gabeko ikerketak egiten dituzte, eta askotan ez da ikerketaren helburu argirik ikusten. Ikerketa oso zabalak badira, aztertzen diren kasuak eta gertaerak oso modu zabalean ikertzen dira. Epaiketa honen tipo penalak oso lotura ahulak ditu ikertu diren »eta gertatu omen diren» ekintza edo delituekin. Beraz, ikerketa modua zeharo aldatu da. Zentzu horretan terrorismoari buruzko tipo penalak gero eta ilunagoak eta zehazgabeak izaten dira. Hau guztia zuzenbide penalaren oinarriaren aurka doa erabat. Finean, edozein gertaera sartzen dute edozein tipo penalean. Auzitegi Nazionala terrorismoaren aurkako tresna bihurtu dute eta zuzenbidearen aurka jarri. Epaileek ez dugu tresna izan behar, independenteak eta alderdikeriarik gabeak baizik. Epaitegiek ez dute ezeren aurka izan behar, nahiz askotan helburu nobleak izan, justizia tresna da, eta »legearen arabera» prozesurako berme guztiak aplikatu behar ditu. Hori da Auzitegi Nazionalean huts egiten duena».


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude