Andoain: Atxulondoko errekan burdinola bila

Gure helbururako Adunako plaza abiagune egokia izan arren, Andoaingo kaleetatik abiatu gara Belkoainen atzealdean galdurik dauden Atxulondoko hondakinen bila (50 m). Txistokiko pasealekutik aurrera izen bereko zubitik zeharkatu dugu Oria ibaia, jarraian N-1 errepide azpitik igaro eta Bazkardo baserria igarota ezkerrera jotzeko. Hormigoizko bidean gora ezkerrean utzi dugu Sorabilla auzoa eta bertara daraman bidea. San Migel eta Goiko Etxeberri baserrietara iritsi baino metro batzuk lehenago, berriz, ezkerrera abiatzen den lasterbidetik jo dugu, pinudi eta zelai bana igarota, atzera hormigoizko bidera itzultzeko. Ezkerrera karobia dagoela dio zutoin adierazleak. Metro batzuk aurrerago, hormigoizko bidean gora bihurgunean topatutako zutoinak, Belkoainera igotzeko ezkerrera agindu digu eta hala egin guk, Erramueta baserrira lehenik eta Garateraino igotzen den hormigoizko bidea utziz.


Mareako lepotik Belkoainera

Pista maldatsuan gora Elordi izeneko parajera heldu gara, hartxintxarrezko pista zabalagoarekin bat egiteko (265 m). Bertatik gora, eskuinera joz, igoera samurrean eta ibilbide laburretako arrastoak bidelagun, Mareako lepora heldu gara (405 m). Bidegurutze honetan bost bide elkartzen direnez, zutoin adierazleek azaltzen dute bakoitzetik nora goazen. Atxulondora joateko aurrez aurre dugunetik jo beharra badugu ere, hau da, Ernio edo Zarate bezala adierazita dagoenetik, gu eskuinekotik gora abiatu gara, Belkoaineko tontorrera azkarrago igotzearren.

Bizkarrean gora berehala heldu gara tontorreko gurutze erraldoiaren albora (484 m). Hori bai, azken malda gogorxeagoa gainditu behar izan dugu. Bai gurutzea, ikurrina eta guzti, bai buzoia bertan egon arren, gandorra jarraituz ekialderago dago Belkoaineko gunerik garaiena (489 m), eta han paratuta dago hain zuzen erpin geodesikoa. Alabaina, zuhaiztia dela eta ikuspegia lehenengoan baino murritzagoa da. Izan ere, Oria ibaiaren erdi arroa, hau da, Buruntzatik Loatzo eta Uzturrerainokoa, primeran ikus daiteke talaia honetatik.


Zizurkilgo lurretan

Mareako lepora itzulita, hasieran mendebaldera abiatzen den bidetik jo dugu, iparraldera biratu eta Mareakogaina edo Txingorrigain (426 m) bezala ezagutzen den muinotik igaro eta malda beherari ekiteko. Pista batekin egin dugu topo eta berau jarraituz, Arizkurutzeta eta Zaratera daraman zidorra ezkerrean utzi, Gelitako gaina (397 m) gainditu eta malda beherari ekin ondoren Itzumitz baserri aurrera jaitsi gara (300 m). Zizurkilgo lurretan gaude, eta hala daude beherago dagoen Sarobetxueta baserriaren aurriak eta Atxulondoko burdinola ere. Bere garaian hustutako baserria da Itzumitz, egun eroria. Azken urteetan kaleko jendeak erosi eta kontu eginda mantentzen da, nahiz eta bertan bizi ez. Ataka parea gainditu behar izan dugu baserri aurrera iritsi ahal izateko eta beste bat eraikuntza berriaren eskuinetik beherantz abiatzen den bidetik jarraitzeko.


Atxulondo

Sagarrondoz betetako zelaietatik pinudira igaro gara eta pistan behera segi. Bihurgune zenbait eman eta ezkerrerako joera hartu duenean, eskuinerantz abiatzen den bide estuagotik jo dugu, beti ere beherantz. Ezkerreko bidetik joz gero, aurri dagoen Sarobetxueta baserrira eta ondoko kare-labera ere helduko ginateke. Gure bidean bada, ataka parera iritsi, pinuditik irten eta Abalozko sakaneko ikuspegi ederrak ikusi ahal izan ditugu. Ezkerrean, sakonean, Asta erreka dugula, bide zaharraren trazak dituenetik behera Atxulondoko hondakinekin egin dugu topo, nahiz eta hondakinak azken unera arte ikusi ez, landaretza joriko inguruan, ezkutaturik, inguru hezearekin bat eginik baitaude (160 metro).

Olagizonen etxea zena topatu dugu lehenik eta atzealdean, metro batzuk harantzago 18x12 metroko oinarria duen burdinola. Ingurua tentuz aztertu ondoren, Asta nahiz Atxulondo erreketan zeuden presa eta zenbait ubideren aztarnak antzeman ahal izan ditugu. Bi errekek bat egin ondorengo Abaloz errekan behera jarraitzen ere ahalegindu gara, baina gune batetik aurrera igaro ezina da bidea. Errekan behera Lasarteko Mitxelin lantegiak duen presa eta ur hartzera irits gaitezke eta aurrera jarraituz gero, N-1 errepide eta Oria ibaira, Abalozko zentral elektrikoaren parera.


Tarzanduta Garate baserrira

Argazki eta datu nahikoa jaso ondoren, zoko umel honetatik goranzko bidea hartu dugu. Etorritako bide beretik igo beharrean, ordea, ahal moduan, errekak gaurkoan ur emari handia duenez botak erantzi eta hanka hutsik, Atxulondo erreka gurutzatu eta Garate baserrira bidean abiatu gara. Ezkerrera doan pista zahar eta gutxi erabiliari kasu egin gabe, une batez arrasto hori batzuk jarraitu ditugu eta hauek, Itzumitz baserrian amaitzeko, berriro erreka gurutzatzera doazenean, goranzko bidea hartu eta pistaraino igo gara, zatarra eta putzuz betea. Garate baserri dotore berrituan amaitu dugu (350 m).


Telegrafo dorrea

Pagarte baserrira doan hormigoizko bidera irtenda, Andoainera jaisteari ekin diogu. Baina jaitsi aurretik Erdoizta baserrirako bidetik Telegrafoko gainera hurbildu gara, bertan aurkitzen den telegrafo aparatuarentzako dorrea zena bisitatu eta ikuspegi ederreko gaina ezagutu asmoz.


Itzulera

Andoainera jaisteko Erdoizta baserrira itzuli gara lehenik. Bertatik, horizontalean jarraitu dugu gertuko zelai batera irteteko. Handik behera bide zahar batekin egin dugu topo eta hark, erreka zoko bat gurutzatu ostean, lepo batera igo gaitu. Borda jatetxea zenaren gainetik, Andoaindik gora datorren bidearekin batu gaitu. Arrasto eta zenbait geziz adierazia dago, lekuz kanpo dagoen mendiko txalet zeharo itsusi baten parean. Bidean behera laster iritsi gara hasierako urratsak eman ditugun Bazkardo baserri aurrera eta Andoaingo kaleetara.

Atxulondo, 20 olagizoneko burdinola
Atxulondoko burdinola, burdin minerala urtu eta lantzeko ola edo lantokia, Abalozko sakanaren goi partean kokatuta zegoen, Asta eta Atxulondoko errekek bat egiten zuten gunean. Gipuzkoan sortu zen lehenengotako industria izateaz gain, burdinola honen garrantzia handia izan zen, "Real Ferreria" deitua izan baitzen eta garai oparoenean 25 bat olagizonek egin omen baitzuten bertan lan.

XV. mendea zen Gaztelako Enrique erregeak Zizurkilgo lurretan lehen burdinola eraikitzeko agindua eman zuenean. Dakigunez burdinolaren eskubideak bere lagun Garcia de Arevalo jaunari eman zizkion. Gerora, 1497ko dokumentu batean ageri denez, Juan de Abendaño deituriko batek hartu zituen burdinola honen eta inguruko beste batenaren eskubideak. 1573an Zizurkilgo alkateak Martin Perez de Luzuriagari eman zion Atxulondo errekan ubide eta presa berri bat eraikitzeko ardura. Ez dago idatzizko erreferentzia gehiagorik 1735. urtera arte, zenbait lan egiten da orduan antepara edo botana deitutako zatian Francisco de Izagirre jaunaren ardurapean. 1756an Zizurkilgo herriak errentan emango dio burdinola Gabriel de Ameztoiri, zeinak 1758an Zizurkilgo herria auzitan jarriko duen, presa egoera txarrean baitzegoen eta ur asko galtzen omen zuelako. Orduan agindu zuten zulatua zegoen presa berreraikitzea eta oinarrietaraino desegin eta karez estalitako horma berregitea.

1625ean Lope de Isastik jasotzen duenez, garai hartan Gipuzkoan gutxi gora behera 80 ziren burdinola nagusiak eta 38 txikiak, urteko 120.000 kintaleko produkzioarekin. Juan Garmendia Larrañagak De etnografía Vasca liburuan dioenez, 1752an 73 ziren Gipuzkoan zeuden burdinolak. Bi Zizurkilen zeuden eta hauetako bat Atxulondo dugu. Honela agertzen da agirian: "Zizurquil: Ay una llamada Asulondo labra seincientos quintales, su ferrón Agustin de Goicoechea".

Burdinola hauen ondoren etorriko zen industria txikiagoa, errementeriak, burdinazko tresnak landuko zituztenak: laborantzarako tresnak, laiak, puntak, ferrak, eta abar. XIX. mendean industria garapena medio, Bilboko Boluetan Euskal Herriko lehen labe garaia eraiki zenean, burdinolaren akabera iritsi zen.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude