Bero-beroan


2005eko apirilaren 10an

Zalantzak airean, egoera aldaketa

Bistan da hauteskunde kanpaina hau ez dela 2001ekoa bezain gogorra eta lehiatua. Horrek EAJ-EAri egin diezaioke kalte eta koalizio abertzalea tentsio egoera bizitzearen aldeko lanean ari da tinko. Tentsio ez horren handiaz gain, EHAKen agerpena izan daiteke bereziki EAJ-EAren emaitzak gehien uki ditzakeen eragilea, azkenean, logikoena dirudien moduan, Batasunak botoa alderdi ezagutu berriarentzat eskatzen badu. Hori baldin eta Espainiako Gobernuak EHAK legez kanpo jartzeko saiakerari ekiten ez badio. PSOEren inguruko zenbait adituren ustez, aldiz, Zapateroren Gobernuak ez du batere argi ikusten Auzitegi Konstituzionalak inpugnaziorik onartzea, batez ere ikusita Aukera Guztiak kanpo uzteko Konstituzionalean izan omen zen eztabaida luzea, ahobateko adostasunak halakorik islatzen ez badu ere. Gatazkaren irakurketatik, halaber, keinu gisa ere uler liteke EHAKen aurka ez jotzeak -azkenean hala balitz-, pentsatzekoa baita Espainiak nahiko balu, topatuko lukeela debekurako zirrikiturik.


ETA elkarrizketaren eta Zapateroren bila

PSOEren Gobernuarekin kontaktu eta elkarrizketa bila ari dela jakinarazi du ETAk Berriari eskainitako elkarrizketa luzean. Anoetako proposamenarekin bat egiten duela dio eta, beraz, proposamenaren haritik, elkarrizketaren helburua enfrentamendu armatuaren ondorioak konpontzea litzateke. Anoetako proposamenaren arabera, gatazkaren sustraietan dauden gai politikoak eragile politiko eta sozialen arteko mahai batek bideratu beharko lituzke. Elkarrizketa apirilaren 2an argitaratu zen eta El Pais-eko Luis R. Aizpeolea kazetari ezagunaren esanetan, Zapatero presidenteari begira argitaratu zen data horretan, Espainiako Gobernuburuak 4an Donostian parte hartu behar baitzuen PSE-EEren kanpainaren lehen mitinean; kazetariaren ustez, ETAk Aberri Egunerako ohikoa duen mezua, beraz, aste pare bat atzerarazi zuen Zapaterorengana gertuagotik zuzentzeko. Azkenean, dena den, Aita Sainduaren heriotza medio Zapatero ez zen Donostian izan eta PSE-EEk bere kanpaina bertan behera utzi zuen dolu agerpen gisa.


PP Espainiako banderak erretiratzen Euskaldunan

Joan den larunbatean, hilak 2, PPk Bilboko Euskalduna Jauregian emandako mitinean, antolatzaileek, mitinera eramaten zituzten Espainiako banderak erretiratzen zizkieten PPzaleei. Sarreran iragazi ez zituzten bandera batzuk astintzen hastean, berehala zihoazten antolatzaileek eta erretiratu. Mariano Rajoi zen hizlari eta ez bide zuen egoki ikusi Espainiako banderaz gainezka agertzea.


Gabi Mouesca gertutik jarraitzen du Frantziako Gobernuak

Frantziako Gobernuak Gabi Mouesca euskal herritarra gertutik jarraitzen duela erakusten du martxoan izandako gertakari batek. Mouesca Presondegietako Nazioarteko Behatokiko (OIP) lehendakaria da eta Gurutze Gorriko presondegietako ataleko arduraduna. Iparretarrak erakundearekin zerikusia zuten auziak medio, 17 urte iragan zituen Frantziako espetxeetan eta gaur egun ere ezin da Parisko erregiotik atera. Bordelen epaile ikasten ari den talde baten aurrean hitzaldi bat emateko baimena eskatu zien agintariei eta ukatu egin zioten. Mouescak ordezkari bat bidali zuen, eta hitzaldi egunean eta tokian polizia han izan zen egiaztatzeko Mouesca ez zela bertan izan. NoubelObs.com-en elkarrizketa foroan internautek egindako galderei erantzuten agertzen da pasadizoa. Elkarrizketan batez ere OIP eta presondegietako gai interesgarriak jorratzen dira (http://www.nouvelobs.com/forum/archives/forum_267.htm).


Dimisioak NUPeko euskara batzordean

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Hizkuntza Plangintzarako Batzordeko Patxi Salaberrik eta Koldo Asironek dimisioa aurkeztu berri dute. Patxi Salaberri etsitua agertu da Berria egunkariak egindako elkarrizketan. Euskara gaietan errektore ondokoa zenaren ustez, «errektoreak beti eskuak garbitzen ditu. Ez du sekula erabakirik hartu euskararen inguruko gaietan». Erabakiak hartzeko presioak ere aipatu ditu Salaberrik, baina berak dio: «Presioa izan badu ere, gauza gehiago egin zitzakeen; ez ditu egin nahi izan ez duelako». Euskarazko irakasgaiak emateko plangintza egiten bada irakasle berriak behar direla dio Salaberrik, «eta horiek, seguruenik, elebidunak, euskaltzaleak liratekeela eta beharbada abertzaleak. Oreka galduko litzateke, eta oreka hori ez dute galdu nahi».


Eusko Jaurlaritzak 3,3 milio euro jarriko ditu euskaltegientzat

Euskaltegi pribatuek otsailean larri zirela adierazi zuten. Ikasturte honetan zein diru-laguntza jasoko zuten ez omen zekiten eta aurreikusitako diru-laguntza, aurreko urtekoa baino %25 gutxiago omen zen. Orain, Eusko Jaurlaritzaren eskutik euskaltegi eta zentro pribatu homologatu batzuek aurreikusitakoa baino 3,3 milioi euro gehiago jasoko dute. Guztira, beraz, 13,7 milioi euro. Ikasleek laguntza zuzenak ere jasoko dituzte eta horretarako 620.000 euro egongo dira.


Sebastian artzapezpikuaren ordezkoa euskalduna izatea nahi dute

Fernando Sebastian Nafarroako artzapezpikuak 75 urte bete zituen joan den azaroan eta bidalia zion Aita Santu hilberriari kargua uzteko gutuna. Nafarroako 75 apaiz eta laikok osatutako talde batek Aita Santua zenari gutuna bidali zion esanez ordezkoak euskalduna behar duela izan eta euskararekiko konpromisoa erakutsi beharko lukeela. Bestalde, «elizbarruti bakarra osatu ahal izateko» Euskal Herriko gainerako elizbarrutiekin negoziazioak berreskuratzea eskatu du taldeak.


EHUko Farmazia Fakultateari saria euskararen aldeko lanagatik

Feuseren farmaburua izeneko saria sortu berria du Farmazilari Euskaldunen Elkarteak (FEUSE) eta lehenengo sari hori Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateari eman dio.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude