Sufrimendu, maitasun eta hizkuntzak


2021eko uztailaren 16an

Galera larriren bat izan dutenen joera omen da maiz oinazeari eustea, ez uztea minari joaten: oinaze hori, min hori baita iraganarekin lotzen dituena, iraganetik bizirik gelditzen zaiena.

Sufrimenduarekin beste lotura arriskutsu batzuk ere egiten dira. Esaterako, pentsa daiteke gehien sufritzen duenak (a) arrazoi handiena duela, edo (b) meritu handiena duela, edo (c) barkamena merezi duela besterik gabe. Bada (c) mailara bakarrik iristen denik; beste zenbaitek (b) ere onartzen dute; azkenik (a) (b) (c) sail osoa ontzat ematen dutenak daude.

Sarriegi giza-taldeen kokaleku ideologikoen baldintzatzaile eraginkorrenak ez dira buruz analizatzen, bihotzez besarkatzen baizik. Horixe izaten da gainera kokaleku eta aukeren zutabe sendoenetako bat: askoz errazago abandonatzen baita buruz hautatua, bihotzez lotua baino.

Ez naiz indarkeriaren kontuetan sartuko. Hori baino are gutxiago aztertzen dugun hizkuntzarenetan baizik. Egia esan, ez dut gogo handirik ez bataz ez besteaz aritzeko, baina sinetsita nago badela garaia diskurtsoa aldatzeko, mugitzen hasteko. Horregatik eman diot nire buruari baimena -berriz ere- gaiari ekiteko. Aspertu denak utz diezaiola hementxe irakurtzeari.

Euskararen aldeko diskurtsoan gustura aldatuko nukeen ardatz bat sufrimenduarena da. Ez, ez nuke kenduko. Ez dut ukatu nahi lurralde zenbaitetan orain gertatzen dena, are gutxiago historian gertatu dena. Nire biografiaren osagai garrantzitsu diren guraso, irakasle eta militanteen kemena goretsi eta eskertu besterik ezin dut egin.

Baina nik, neronek, hau idazten duen honek, ez dut sufritu euskararengatik. Ez nik, ez beste askok, nire belaunaldian eta ondorengoetan. Alderantziz: ona izan da euskaradun izatea, curriculumean mesedegarri gertatu zait. Beste asko, ni baino zaharxeagoak, ni bezalakoak eta ni baino gazteagoak, egoera berean daude. Lana egin dut, euskaraz eta euskararen alde eta lana beti da neke, baina ez da martirien sufrimendua pairatzea. Horixe kenduko nuke nik gustura gure herri ekimenetan, jai aldarrikatzaileetan, hizkuntzaren zaintzako aldizkari ofizialetan eta ez -horren- ofizialetan: martirio-kutsua. Frankismoa gogoratzea ongi dago -batez ere ahaztea okerrago delako, izango delako-, baina bide batez ospa dezagun pasa dela. Zer herri tristea garen, badirudi afari bat antolatzeko hiletaren aitzakia behar dugula beti. Ez da batere erakargarria, salbatzaile morbosoentzat ez bada, eta badugu honezkero aski horrelakorik.

Sufrimenduaren ondoan, batzuetan pertsona berarengan, maitasunaren ardatza aurki daiteke. Horrenbeste maite dute hizkuntza bat non bestea gorrotatu egin behar duten. Edo horrenbeste maite dute hizkuntza bat, non bestean esandakoak min ematen dien belarrian -edo barrurago-. Maitasunez mozorrotutako mixeria horien ordez, nahiago aldizkari honetako orrialdeetan Iñaki Zubeldiak goraipatzen duen elebitasuna: "Zenbat hobeto biziko ginatekeen guztiok (...) denok elkarrena errespetatu eta maiteko bagenu". Beste baterako utzi behar dut hizkuntzak ez direla maitatzen, maitatzekotan hiztunak maitatzen direla. Beste aditz bat asmatu behar da. Bitartean, gauzatxo bat: ez dut uste maitasunerako bidean lagunduko duenik nahiko euskara ikasi ez duten irakasleei lanpostua kentzeak. Ez da inteligentea. Gezur askoren gainean egina da.

Gainera, gai horren inguruko eztabaidak eman ditu, ugari, sufrimenduaren handitze subjektiborako joerak eta maitasunen perbertsioek eragiten duten gaiztakeriaren adibideak. Askotan norberaren pribilejioak meritutzat saltzen dituenaren ahotan.

Sufrimenduaren ardatzari ñabardurak erantsi behar zaizkio, beste ardatz batzuekin parekatu behar da, agian diskurtsoaren atal eta momentu batzuetan eszenatokitik jaitsi egin behar da. Besterik gabe, egia, osoa ez bada, ez delako eta egiak egingo gaituelako hobe, eraginkorrago eta -Bibliak dioen bezala- libreago.


Azkenak
La Salle jakitun zen Patxi Ezkiagak adin txikikoei egindako sexu abusuez, eta ez zuten neurririk hartu

El Paísek 24 testigantza jaso ditu idazle eta elizgizon legorretarrak egindako sexu-abusuak berresten dituztenak. Erasoak 8-9 urtetik 17 urtera bitarteko adin txikikoei egin zizkien. 1990. hamarkadan erasoez jakitun ziren Ezkiagaren lankideak, baina zituzten ekintzak... [+]


Nola desaktibatu Googlek Chromen txertatu duen jarraipena

Urteak dira Firefoxek eta Safarik jarraipena egiteko erabiltzen diren hirugarrenen cookieak blokeatzen dituztela. Chromek ere gauza bera egingo du 2025ean, baina publizitatearen negozioan duten nagusitasuna handitzeko aprobetxatu nahi dute, jarraipena nabigatzailean bertan... [+]


Eguneraketa berriak daude