Net Hurbil: Samoa uharteetako «mamala» magikoa eta biopiratak


2005eko martxoaren 27an
Samoa artxipelagoa Hego Pazifikoan dago eta 200.000 biztanle ditu. Gure antipodetan dago, egunaren data aldatzen den nazioarteko lerroaren ondoan. Savai'i du uharterik handiena. Hemen dago Falealupo hiriburua. Bertako gobernuak duela gutxi Samoarentzako patentatu zuen Homalanthus nutans izena duen mamala zuhaitzaren azalaren genoma, AEBetako unibertsitate batekin elkarlanean. Samoan bertan honek eragin duen eztabaida bezain interesgarria da gai honen historia, gure planetako ondasunek datozen urteetan izango duten kudeaketa esplikatzen diguna. Michael Field kazetariak kontatu berri du New Zealand Listener egunkarian.

Irla eder honetara 1973an iritsi zen Paul Alan Cox misiolari mormoia. Biologia ikasten ari zen eta laster hasi zen arretaz entzuten bertako sendabelarren kontuak. Garai hartan Potlatch enpresa amerikarrak ustiatzen zituen Samoako oihan tropikalak, zura esportatzeko. Gauza da ordura arte medikuntza alde batera utzita zeukan misiolariak 1984an ama galdu zuela, bularreko minbiziagatik. "Orduan zin egin nuen -deklaratu du geroztik- ama hil zuen gaitzaren kontra nire indar guztiez ahaleginduko nintzela".

Biologian doktoregoa bukatu, emaztea eta seme-alabak Samoara eraman eta oihaneko landareen senda ahalmenak ikertzen hasi zen Cox. Fofo izena dute Samoako emakume petrikilo edo enplasteroek. Horiek bisitatuz, bost botika berrirentzako oinarrizko molekulak aurkitu zituen, gaur AEBetako laboratorioetan ebaluazio prozesuan direnak. Tartean New Zealand Listenereko kazetariak garrantzia berezia eman die prostatina izeneko molekulari eta mamala izeneko zuhaitzaren azalarekin gibelekoa sendatzeko egiten den edabeari.

Norenak dira sendabelarrak?

Oihanean daude erremedio horien sekretuak gordeta, eta aldiz oihaneko zura da Samoako herritarrek inbertsio berrietarako dirua eskuratzeko daukaten bide bakarra. 1989an ikastetxea eraikitzeko basoko zura eraistea erabakia zuten, baina Coxek beste konponbide bat eskaini zien herriko matai edo buruzagiei: berak ekarriko zuen kanpotik behar zen dirua, berrogeita hamar urtetan oihana ez zela ukituko kontratuz onartuz gero.

Honela dio itunak: "Guk, Falealupoko buruzagi eta hizlariok, betirako ematen diegu Paul Alan Cox eta bere sozioei gure oihanera sartzeko eskubidea ikerketa zientifikoak egin ditzaten, erremedio berriak bilatzeko ahaleginean, oihana ez hondatzeko baldintzarekin. (...) Koki-ren (Paul Coxen ezizena) esfortzuekin lortzen bada Falealupoko landareetatik botikak sortzea, berak herriari emango dio irabazien %33".

Coxen sozioak Seacology izeneko erakunde batean daude bilduak, eta orain arte Falealupon 485.000 dolar inbertitu dituzte. Basoko zuhaitzen gainetik pasatzen den ibilbide ikusgarri bat eraiki dute adibidez, hainbat turista erakarri dituena.
Bestalde, Nazio Batuen Erakundeak bioaniztasunari buruz 1992an sinatu zuen itunean oinarrituta, 2004an beste hitzarmen bat sinatu dute Samoako gobernuak eta Kaliforniako Berkeley unibertsitateak: bertan ezarri da Samoak duela jabegoa mamalak duen genomaren gain.

Mamala zuhaitza Ozeano Bareko uharte gehiagotan ere bada eta zenbait barietate ditu. Samoako gobernuak itun berri honekin espero du laster mamala horretatik botikaren bat egitea lortzen badute (hiesaren eta minbiziaren kontra balio duela ziur daude), salduko den botika bakoitzaren royalti zati bat uhartearentzako izango dela. Joe Keil Merkataritza ministroa pozik dago inguruko uharteei aurrea hartu dielako, eta zera uste du: "Ikerketa eskubideak guk bakarrik baldin baditugu, hemen Samoan, gu izango gara mamala produzitu eta bilduko dutenak eta farmako industriak gurekin egin beharko du tratua".

Ez dira denak horrekin hain ados. Falealupoko ekologista batekin, Clark Peteru-rekin, mintzatu da kazetaria eta hark zera esan dio: "Itun hori ez da dirudien bezain idilikoa. Gure mesederako dela diote, baina oso paternalista da. Patentearen jabe omen gara orain Samoako herritarrak, baina inork ez digu galdetu ezer. Ziur dagoen bakarra da prostatina patentatuta daukatela duela zazpi urtetik hona AEBetako hiru erakundek, tartean Cox enplegatzen duen unibertsitateak. Begira, niretzako gure burujabetza defenditu ez, eraso egin dute".

Aldekoak ordea gehiago ditu doktoreak Samoan. Gaugau Tavana irakaslea bertako lorategi botanikoan ari da eta esan dio kazetariari: "Coxek maite du Samoako herria eta bere etorkizunarekin konprometituta dago. Samoako subiranotasuna defendatu du, hala erakusten dute bai itunak eta bai orain arte egin dituen ekintzek". Herri jakintza eta jabego intelektuala egoki defendatzen ditu doktoreak, irakasle honen iritziz.

Coxek berak harro dio Samoakoa izango dela nazio subiranotasuna barruan genoma bat hartuko duen lehen herri indigena. "Samoaren subiranotasuna prostatinaren sekuentzia genetikora zabaltzea bioaniztasunari buruzko Nazio Batuen itunaren barruan egin da, prostatinak hiesaren kontra dituen ahalmenen ikerketa Samoako sendalari zaharren ezagutzetan oinarrituta egin delako. (...) Egia da inguruko uharteetan ere badela Homalanthus edo mamala, baina inork ez du Samoak adina lagundu ikerketan eta Samoan baino ez da lortu landare bat sendatzeko ahalmen zehatz batekin lotzea".

Heroia da Paul Cox ala biopirata? Prentsak ere erantzun ezberdinak eman ditu. Time astekariak "medikuntzaren heroi" izendatu zuen Cox 1997an. Londresko The Guardian egunkariak aldiz biopirata ikusi du gizonarengan. "Ameriketako Nation Cancer Institutek dagoeneko bildu eta analizatu ditu 30 herrialdetako 50.000 landareren genomak eta AEBetako armadak patentatu ditu hainbat gaitz tropikalen kontrako erremedioak, tartean Samoako mamalarena, ahaztu gabe gerra biologikorako balioko luketen beste mikroorganismo asko. (...) Presaka edozer patentatzeko joerak herrialde txiro askoren ekonomiei oztopoak ezarriko dizkie. (...) Halako batean prostatina sintetikoa fabrikatzea lortuko dute, mamala zuhaitza desagertuko da, mundua ahaztuko da Samoaz eta bertako enplasteroak ez oihan eta ez sendabelar geratuko dira, patentearekin unibertsitateek aberasten segiko duten bitartean". Antzeko iritzia azaldu du Samoa Observer aldizkariak.

Zer diote sendalari zaharrek? Coxek berak aitortua du horietako batekin, Pela izeneko fofo edo emakume enplasteroarekin 1984an izandako elkarrizketa. Biologoak esplikatu omen zion landareen gain egiten ari zen ikerketak arrakasta baldin bazuen Samoa osoak dirua irabaziko zuela. "Dirua ez zait interesatzen-»erantzun omen zion Pelak- Jainkoak oparitzat eman dizkigu landareak. Nik ez dut sekula sos bat hartu inor sendatzeagatik". Gaixo Pela! Multinazionalek aspaldi erabaki zuten lan militantea modaz kanpo utzi beharra dagoela...

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude