Geografia sekretuzkoak


2021eko uztailaren 27an
Luzaz uste izan dut mapendako dudan maitasuna hamabi urte inguruan sortu zitzaidala Hendaiako kolegio publikoan, Madame Contik historia eta geografiako kaierren apaintzeko egiten zizkigun gomendioen medio hain justu.
Prehistoriako lekuak, erromatar inperioaren zabaltasuna, barbaroen inbasioak, Niloko ahoak. Marraztu nituen mapetarik zerbait gelditua zitzaidan oroimenean. Arkatz-kolore ederrekin koloreztatzen nituen itsaso, ibai eta lehorrak. Kaierrak atxikiak izanez, berriz kausitu ditut itsasoen zeru-urdinak, kosta bazterretako uhinen ondulazioak, lurraldeen gorrantzak. Memorioak ez ninduen sobera traditu. Ordea, nehork ez jakinki, inkontzienteak sekretuki gure baitan marrazten dituen kontinenteen zinezko izenak.

Madame Contirendako hain aplikatuki marraztatzen nituen mapen gibelean bertze batzuk baziren altxatuak. Ustekabekoak. Faraoien denborako Tebas eta Abou Sinbeleko lekuen azpian, bertze leku batzuk. Ene bizi propioari lotuak.

Bi aitatxien historia ezabatuak. Bi mapetan. Mapetan ttipiena betidanik begien aitzinean ukana nuen eta aspalditik liburutegiko apal batean kokatua. Ez nuen ia ikusten ere hain zitzaidan etxekoa. Higatua, bitan doblatua izana, izkina batetik urratua. 1936an, gerla deklaratu zen bezain laster, Baztango aitatxik peñen azpian, zurubiz bakarrik lortu zitekeen harpe batean, gordea. Erreketeen eta Falangisten beldurrez. Gipuzkoa eta Zuberoa bluez, Araba eta «Laburdi» berdez, Bizkaia eta «Nabar'a» hori hitsez. Eskuinetik probintzien ikurrak.

Mapa horrek orientazio arazo batzuk sorrarazi zizkidakeen haurtzaroan, pentsatzen dut, eskolan nehoiz ez baitziguten horrelako maparik bazela ere aipatzen. Bigarrena ustekabetan berriz atzemana dut. Luzaz alferrik bila ibili ondoan. Amets eginarazten zidan anitz. Gazte zelarik Argentinara bizitzera joan zela Bizkaiko aitatxiren paperetarik datorkit. Ttipia nintzelarik Ameriketan nola urre bila ibiltzen zen kontatzen zidan eta ere nola zapaten sokak sugeen larruz egiten zituen. Mapa handi bat da, metro bat baino luzeagokoa, lauetan plegaturik ibilia. Orain plegu guztietarik tarratatua. Alde batetik Juan. E. Barra herri berriaren sorkuntza anuntziatzen da letra kapitaletan eta gorriz: Zona agrícola y ganadera, fértil y rica, estratégicamente situada entre Olavarria, Laprida, Pringles, Tres Arroyos y Juarez. 1912ko abenduaren 15ean salduko direla partzelak eta herriaren inguruan ganaderiarendako on izanen diren 2.891 hektarea. Bidaiarien trena lehen aldikotz abenduaren lehenean jarriko dela martxan. Kolonoak ez daitezen gal, mapa tipiago bat, borobila, Juan. E. Barra Argentinako eskualde zabalago batean erakusten duena. Funtsean, aski litzateke geltokiaren izena ezagutzea. Geltokiaren inguruan eraikiko baita herri berria. Buenos Airesetik Bahia Blancara doan trenbidea hartu behar da. Arrow geltokitik ipar sartaldean ateratzen den burdinbideari jarraiki gero bukaeraraino. Azken geltokiraino joan: han da Juan. E. Barra. Maparen gibelean, pioneroek sortuko duten herri berriaren plano kadastrala. Herria, alorrak, azienda lekuak. Herria: lauki kuadrikulatu bat, Juan. E. Barra geltoki ikaragarriak trebesatzen duena. Bertikalki sei karrika, zabaleran hamar. Gurutzegrama handi bat balitz bezala. Telegrafoetxea, eliza, bi eskolak -mutikoendako eta neskendako- udala eta komisaldegia. Inguruan, beste bi ibilbide herri osoari itzulia ematen diotenak. Urrunago oraino, aziendendako hazteko diren eremu gaitzak.

Aitatxien bi testamentuak.


Azkenak
Istiluak berpiztu dira Kanaky uharteetan, independentziaren aldeko zazpi buruzagi Frantziara preso bidali ostean

Asteazkenean, ekainaren 19an, atxilotu zituzten eta Frantziako espetxeetara bidali dituzte asteburuan. Maiatzean izandako istiluetan bortizkeria ekintzak antolatzea leporatzen diete.


Zaharraz Harro! jaiak
Beren atarietan etxebizitza turistikoak debekatu dituzten auzokideak omendu dituzte Gasteizko Alde Zaharrean

Etxebizitza turistikoen aurkako kalejira egin dute Zaharraz Harro! jaien barnean, Auzoan Bizi etxebizitza sareak antolatuta. Etxebizitzarekin “negozioa” egiten dituztenak salatu dituzte, bereziki Gustavo Antepara PPko zinegotzia, eta beren atarietan etxebizitza... [+]


281 gorroto delitu erregistratu ziren iaz EAEn, eta %64 izaera arrazista edo xenofoboagatik

Gorroto-gertakarien kopurua 2022. urtearekin alderatuta %35 txikiagoa izan zen, baina bigarren kopururik handiena da azken zortzi urteetan. Tipologiari dagokionez, lesioak (%32) eta mehatxuak (%24) nabarmendu ziren. Delituak jasan zituztenen erdia baino gehiago migratutako... [+]


2024-06-25 | ARGIA
Pirinioetako alkateek salatu dute “noraezean” dagoela despopulazioari aurre egiteko gobernuaren plana

Pirinioetako Mahaiak agerraldia egin zuen ostiralean, "konpromisoen lege bat" eskatzeko eta Nafarroako Gobernuari "neurri zehatzak" exijitzeko.


Eguneraketa berriak daude