Bizkartzainaren kaiolan


2005eko martxoaren 27an
PSE-EEko Patxi Elola eta PPko Rafa Olaizola zinegotziak bisitatu ditugu Zarauzko Udaletxean. Nafarroan, berriz, Iruñeko Udaletxean, batetik Ainhoa Aznarez eta Mari Carmen Lopez PSNko zinegotziek hartu gaituzte -Lopez Olaztiko zinegotzia da-. Bestetik, Nafarroako Parlamentuan, UPNko Begoña Sanzberro parlamentariak eta Baztango Almandoz herriko zinegotziak. ETAk aspaldion inor hil ez izanak itxaropen apur bat eman die. Ez erabateko lasaitasuna, ordea.

Bizkartzainak daramatzaten pertsona hauek bazekiten babesa beharko zutela, ETAk PP eta PSOEko kargu publikoak bere jomugan zeudela iragarria baitzuen hautatuak izan orduko. Patxi Elola eta Rafa Olaizola alderdiaren gomendioz -eta neurri batean «behartuta»- dabiltza bizkartzainekin. Zarautzen aurrekari larriak izan dira, ETAk PPko Jose Ignazio Iruretagoiena zinegotzia hil zuen eta Gorka Landaburu kazetaria larriki zauritu, besteak beste: «Lore-zain autonomoa naiz. 1998ko su-eten garaian, lokala, furgoneta eta tresneri osoa erre zizkidaten. Su-etena bertan behera geratu zenean, nire burua odolduta agertzen zuen pintada egin zidaten herrian», adierazi digu Elolak. Olaizolak, berriz, horrela dio: «Nik ez nuen ETAren su-etenak jarraipenik izango zuenik espero. Hala ere, ez nuen bizkartzainik nahi, bi alditan utzi egin nituen. Diziplina urratu nuen eta alderditik ezin izango nuela karguan segitu esan zidaten». Nafarroan, aldiz, PSNko zinegotziak ez daude bizkartzainak eramatera behartuta. Ainhoa Aznarez eta Mari Carmen Lopezen kasuetan, beren hautua izan da. Alabaina, azken honek dioenez, «Sakana lurralde komantxea da» eta eramatea gomendatu diote.

Makuluekin ibiltzea bezala

Bizkartzainak eramateak bi aldeak ditu: zama eta babesa. Onerako da, baina ez omen dago ohitzerik. Pribatutasuna guztiz mugatua dute. Ainhoak honela laburbiltzen du: «Kaiolatua bizi naiz». Honatx Begoña Sanzberroren azalpena: «Eskolta ez daramanak ez du kontu egiten ahal hau zer den. Ni makuluak egunero eramaten dituenaz konturatzen ez naizen bezala. Gure askatasuna erabat zapuztuta dago. Beldur mota bat daramagu gure baitan».

Lan egun arrunt bat islatu digute bost zinegotzi hauek. «Ez dugu egun normalik». Pertsonentzako ordutegia zama bada, are gehiago beren kasuan. Elolak zinegotzi eta lore-zain lanak tartekatzen ditu: «Zarautz eta bere inguruan mugitzen naiz. Irteerak eta sarrerak zaintzen ditugu bereziki». Olaizolak ordutegia eta ibilbidea antolatzen ditu irten aurretik. Sanzberro anderea Almandozko baserrian, Baztango Udaletxean eta Nafarroako Parlamentuan ari da: «6:30ak aldean jaikitzen naiz. Aunitz gauza egiten dut, batzutan aldaketa anitz egin behar dut, baina saiatzen naiz denak betetzen. Senarra suhiltzailea dut eta bere lanaren arabera aldatzen da nirea».

Sendia, lagunak, elkartasuna...

Familia, inguru hurbila eta elkartasuna izan ditugu hizpide: «Hurbilekoek esaten didatenez, bi obario behar dira zerrenda batean aurkezteko. Hara, sozialista izateagatik, hezkuntza duina defendatzeagatik, emakumeak lanerako bidea eduki dezan lan egiteagatik, eta Nafarroa euskaldun izan dadin lanean ari naiz. Beraz, mehatxatua izatea gogorra da» diosku Ainhoa Aznarezek. Bere familiak gaizki hartu du horrela bizitzea. Haien bizitza da, ordea: «Txikitatik errebeldea izan naiz, injustizia sozialen aurkakoa. Ez dira harritu, beraz».

Mari Carmen Lopez Valladolidekoa da. Orain hogei urte etorri zen Euskal Herrira. Bere senarra (Carlos) ere zinegotzia da Olaztin: «Nire koinata HBko alkate ohia da. Senarraren gurasoek ez dute bizkartzainak eramatearena ulertzen. Hemengoek errealitatea ezagutzen dute, baina ez dute ulertzen erabakia. Valladolideko familiak, berriz, badaki borrokalaria naizela, baina haiek bai ez dutela deus ulertzen, ez dute hemengo errealitatea zipitzik ezagutzen. Valladolideko familia ez da inoiz ez inola etortzen».

Patxi Elola herritarren aldetik nahiko babestua sentitzen da. Zarautz herri irekia dela dio: «Tira, herritarrek beren ideologia politikoa daukate. Dakidanarengatik, gurean beste herrietan baino elkartasun handiagoa dago». Olaizola Zarauzko Kirol Elkarteko lehendakaria izan zen bost urtez. Oso ezaguna da horregatik: «Elkarteko bizpahiruk baino ez didate hitza ukatu. Edozein ideologiakoak izanda ere, oro har, jendea ez da urrundu. Batzuek kalean -besteen aurrean- nirekin geratzeko beldurra dutela nabari dut. 'Rafa Olaizolarekin hizketan geratzen banaiz zer iritziko dute besteek?' pentsatuko dute».

Ibarretxe Plana medio elkartasuna hoztu da

Udaletxeko beste alderdietako kideen elkartasuna bestelakoa da Elola eta Olaizolaren ustez: «Orain arte elkartasuna sentitu dugu. Azken urte luzean ez horrenbeste. Ibarretxe Plana abiatu zenetik harremanak aldatu dira. Ez dugu esan nahi haien errua denik, testuingurua aldatu da, politikoki tentsioa igo da. ETAren une gogorretan elkartasuna beroagoa sentitzen genuen, hildakoak direnean badakizu... Eguneroko politikak elkartasuna urruntzen du».

ETAk urte luzean inor hil ez izanak tentsioa gutxitu ote duenentz aipatu diogu Sanzberrori: «Tentsioa badago, batzutan gehiago eta bestetan gutxiago. Badakizu arrisku mota badagoela, baina behin ere ez dakizu zenbatekoa. Ez dakizu zu aukeratu behar zaituzten edo beste bat, edo zu aukeratu izan ondoren gai izango diren zerbait egiteko. Inkognita da. Tentsioa mantentzen da, egun batzutan burua beste gauza askorekin arduratuta daukazu, eta ahanzten duzu pixka bat». Elkartasunaz ere aritu zaigu UPNko parlamentaria: «Batzutan jendearen berotasuna eta bestetan hoztasuna sentitzen ditut. Nik ez dut ulertzen jendeak bizi duen normaltasuna. Demokrazian gaudela suposatzen da eta zenbaitek bizkartzainekin joatea normaltasunez hartzen dutela ikusteak mina ematen du. Eta min gehiena ematen duena da, ideia batzuk defendatzeagatik -eta ideia guztiak defendagarriak dira- horrela bizi behar izatea». Baztango Almandoz herritarren artean denetarik egongo da bere ustez: «Batzuen iritziz, zerbaitengatik eramango ditugu bizkartzainak, beste batzuek baleka-baleka eraman ditzatela pentsatuko dute, eta baten batek kemen franko dugula pentsatuko du». Familiak jasaten duen egoera eramaten da mingarriena. Senideak ohitzen omen dira, baina hasieran oso gaizki hartzen dute. Batetik helduak daude, ulertzen ahal dutenak, eta bestetik umeak. Umeak gainera, haien artean gaiztoak izan ohi dira. Min egiteko gauzak esaten dizkiote elkarri. Begoña Sanzberrok 18, 15, 11 eta 8 urteko seme-alabak ditu. Hauek galderak egiten dituzte, baina bera politika etxetik kanpo uzten saiatzen da: «Nire seme-alabak besteekin egotea nahi dut, besteak edozein ideologiakoak izanda ere. Etxean denekin bizitzen erakusten diegu, errespetuz. Eta hori, ume nahiz helduen artean beharrezkoa ikusten dut».

Ainhoa Aznarezek honela azaldu digu beste alderdietako kideekiko harremana: «Aralar alderdiarekin gizarte mailako gai asko lantzen dugu, hainbat mozio batera aurkeztu dugu. Nazio arazoa ez dugu hainbeste partekatzen, nahiz orain Estatuko Kontseiluak Erkidego Nazionalaren aukera egingarria dela ikusten duenez, dena da posible, ezta?».

Beste biktimen eskubideak

«Biktimak ez dira manipulatu behar, ez alde batekoak ez bestekoak. Nik ez dut nire burua biktimatzat hartzen. Giza-eskubideen aldekoa naiz. Beren seme-alabak bisitatzera doazen familiak ezagutzen ditut, Andaluziaraino joaten dira ordu batez ikusteko. Umiliagarria eta giza eskubideen kontrakoa iruditzen zait. Gaia konpondu beharko litzateke lehenbailehen» dio Aznarezek. Mari Carmen Lopez ados dago presoen hurbiltzearekin. «Baina ez pentsa, Valladolidetik etorria naiz eta handik begiratuta hori ez da ulertzen. Ainhoarekin hitz eginez gehiago kontzientziatu naiz, zeren hasieran ‘hor konpon’ pentsatzen nuen. Nik biktimatzat daukat nire burua. Terrorismoaren biktima ez da bakarrik hanka galdu duena edo ETAk hildakoaren alarguna, guraso edo seme-alaba. Ni biktima naiz, Olaztin gure eskubideak galdu ditugulako herritar gisa. Senarra eta biok alderdi politiko bateko kideak izateagatik askatasuna galdu dugu. Gazte talde erradikalek karrika hartua dute, ezker abertzaleko taldeek gure kontra egiten dute gogor».

Elolak horrela dio: «Legearen irakurketa desberdinak daude. Presoak hurbilago egoteko adina kartzela baleude, agian, bai. Baina ETAk indartuta jarraitzen du baita ere presoen jarrera tinkoa delako. Presoak dira delitu bat egin dutelako. Preso bat ez da gauza etereoa. Egia da, familiek ez dituzte ondorioak jasan beharrik. Baina ez da erraza gaia ebaztea». Olaizolak horrela ikusten du afera: «Presoek ez dute gure egoera gaitzesten, presoen mundua ETAren segida da. Nik biktimak desberdinduko nituzke: haiek hil egin dute eta horregatik daude preso. Sakabanaketa ez da ondo, baina euren azterketa bera eginez, sakabanaketa gatazkaren ondorio da, haiek horrela sinplifikatzen dute gure egoera, ezta?». Torturaren biktimei buruz horrela mintzatu zaizkigu hurrenez hurren. Elolak: «Tortura gaitzesten dugu, nola ez. Giza eskubideen alde gaude guztiok. Amnistia Internacionalek tortura dagoela dio. Beraz, errudunak sala ditzatela eta epaileek zigortu». Olaizolak: «Mina egiten dit inor torturatua izan dela entzuteak, ez dut salatzeko dudarik. Baina kontuz erabilpenarekin, tortura kasu bat izan delako, gu gara errudun?». Lopez eta Aznarezek honela diote: «Ez dugu ukatzen, ez baieztatzen tortura dagoenik. Baina inguru abertzaleetan batzutan torturaren gaiaz baliatzen dira. Biktimismoz jokatzen dute. Biktima horien izatea guri leporatzen digute». Sanzberro torturaren kontra dago printzipio batengatik: «Zuk lortu nahi duzunak ez du justifikatzen bitartekoa. Printzipio hori erabilita ETAren edo Pinochet-en kontra zaude. Bitarteko horiek justifikatzen dituenak munduko barbaridade guztiak justifikatzen ditu. Helburuek ez dituzte bitartekoak justifikatzen eta guk horiek sufritzen ditugu. Printzipioa urratzen bada akabo. Horren aurka egin behar dugu, bestela animalia hutsak bihurtuko gara».

Herritarren eskubide ororen bermea

Batasuna alderdiaren ilegalizazioa dela-eta, herritar guztion eskubideak ez daudela bermatuak azaldu diegu: «Batetik arrazoia ematen ahal diezu, beren eskubideak zapalduta daude-eta. Baina eskubide urratze hori egoera baten ondorio da. Batasunak ez du ETAren biolentziaren aurrean jarrerarik hartzen. Orduan, beren eskubideak moztuta daude eta gureak ere bai. Badaude beldurrarengatik bozkatzen ez duten herritarrak, baita Euskal Herritik alde egin dutenak ere. Balantzan jarrita, haien eskubideak eta gureak urratuta daude. Batasunak badauka bere eskubideak berreskuratzea besteen eskubideak bermatuz gero». Elola tinko ageri da gai honetan: «Eskubideak denok ditugu, baina eskubideak urratzen dituztenek beren eskubideak galtzen dituzte. ETAren konplizeek ez daukate hauteskundeetan aurkezteko eskubiderik. Oso lotura estua dute, eta ez, ez dutelako ETAren biolentzia gaitzesten, baizik eta nola halako lotura dutelako. Ni sufritzen ari naizena, Zarauzko Batasunak eta bere ingurukoek aldarrikatua eta prestatua izan da. ETAk Zarautzen hildakoak horren ondorio izan dira. Jakina, nik ezin dut hori auzitegi batean frogatu, baina moralki begi-bistakoa da».

Euskal Herrian elkarbizitza berreskuratuko ote dugun galdetu diegu azkenik solaskideei. Honatx Ainhoa Aznarezen hitzak: «Galdera zaila eta esperantzagarria da. Egoera normalizatuagoan biziko ginateke hartara. Kontua alderdi politikoak esertzea eta egoerari irtenbide kontsentsuatua aurkitzea da. Horretarako denbora behar da. Baina, gutxienez, arazoari partez parte heltzen has gintezke». Lopezek ostera horrela dio: «Nik esperantza ez dut galtzen, baina zail ikusten dut. Zauria ixtea zaila da, pertsonalki, gutxi-asko, barkatzen ahal diogu elkarri, baina nola konpontzen dituzu presoen zigorrak edota biktimen egoerak? Eseri behar da, eta beharrezkoa bada, deabruarekin hitz egin ere bai. Baina ezin da negoziatu armak eskutan dituen erakunde terrorista batekin. Batasunak jarrera bat hartu behar du».

Begoña Sanzberroren hitzak azkenik: «Ez zait iruditzen egoera gainditzea erraza ez zaila. Ez nago politikako goi estamentuetan, beraz ezin erran. Politika ez da nire bizitzaren ardatz nagusia. Politikaren gainean beste gauza batzuk daude niretzat. Politikan ez dago zuririk ez beltzik, ez egia sakonik, ikuspuntu desberdinak daude gauza bera egiteko. Errate baterako, zuk mahai hau handiegia dela diozu, nik, aldiz, txikiegia. Objektiboki berbera da, baina ikuspuntu desberdinak ditugu. Ez zuk ez nik egia osoa dugula onartzen badugu, ez dugu berdin pentsatuko, baina elkarrekin bizitzera irits gaitezke». n

Patxi Elolaren damua
«Frankismoaren bukaera bizi izan nuen. Garai haietan, Xanki (1973an hildakoa) Txiki edota Tapi ezagutu nituen. Iparraldean bizi nintzen. Batallón Vasco Españolaren erasoak jasan nituen. Txikiren familia -Extremaduratik etorri berria- gure etxebizitzan bizi izan zen. Gure inguruan hezi eta hazi zen Txiki. Geroago, trantsizio garaian beste bide bat hartu nuen, ustez zuzena. Baina, horregatik, oraindik ere 'Gora Euskadi Askatuta' esaten dut. Bi garai, bi egoera, bi esperientzia: ETA, EIA, EE, Alderdi Sozialista... Orduan askatasuna urratzen ziguten eta haren alde borrokatu nuen. Askatasunaren aldekoa naiz, orduan pentsatzen nuena pentsatzen dut egun. Baina damu naiz, inoiz heriotza bat izan denean beste aldera begiratu izanaz. Esperientziak esaten dizu biziak duela lehentasuna, eta hori gabe, gainerakoak ez duela balio. Denborarekin konturatzen zara, batzuk ez dira oraindik horretaz konturatu. Pertsona errespetatu behar da lehenbizi, ideia batekoa edo bestekoa izan. Giza eskubideak errespetatuta, errazagoa izango zaigu gauza askotan ados jartzea».

Carmen Lopezen malura
«17 urteko semea daukat. Abertzalea eta erradikala da: 'Mundu inperialista muntatu duzue' esan ohi dit. Ezker abertzalearen inguruan mugitzen da. Bere borrokatxoak eta lantxoak egiten ditu. Oso egoera konplikatua bizi dugu berarekin. Hau familia askotan gertatzen da -Altsasuko Julia Cid PSNko zinegotziak, kasu, semea preso dauka-. Nik semeari hauxe esaten diot: 'Ondo da errebindikatzen duzuna, baina borrokatu zentzuz eta artez, ez oihuka eta kale borrokan edo antzekoetan'. Ezker abertzalearen ideologia eta jarduera kalean mamitu ditu. Gaztetxeak? Ondo. Okupa izatea, ondo. Gazteek alternatibak behar dituzte, ados. Baina ez gaitezen inozoak izan, lokal horiek denok dakigu zertarako erabiltzen diren. Lan 'zikina' gazteek egiten dute, ez gaitezen itsuak izan. Semea bera da inoiz edo behin 'PSN faxista' pankarta idatzi izan duena, bere idatz moldea ezagutzen baitut. Hori bizitzea zinez gogorra da. Alabak 13 urte ditu, eta berak eraman du alderdi txarrena. Altsasuko eskola pribatu batean ikasten ari da, eta gurasoak garena izateagatik destaina jasotzen du».

Ainhoa Aznarezen bizitasuna
«Konbikzioek eta konpromisoak ekarri naute Udaletxera. Udaletxera oinez etorri nahi nuke. Batzutan horren egoera hertsia bizi duzu eta ihes egin nahiko zenuke. ‘Bihar ez naiz etxetik aterako’ esaten diozu zure buruari. Gure zereginari eutsi egin behar diogu,ordea, bozka eman digutenekiko zorretan gaude. Batzuek ez dute ulertzen Nafarroan Elizondo, Olazti, Iruñea edo Melidako nafarrak gaudela. Batzuk Aragoira begira bizi dira, ni berriz »aita Erriberakoa eta ama Antzuolakoa ditut» Gipuzkoara. Baina denok nafarrak gara, elkar ulertu, toleratu eta errespetatu behar dugu. Zoritxarrez jende askok ez du hori ulertzen, eta hori barneratu behar dugu gatazka gainditzeko. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa edota Iparraldea ezagutu behar ditugu, baita oso anitza dela onartu ere. Ezagutu dezagun elkar, hori da gatazka gainditzeko gakoa. EA eta Aralarreko kideak harritu egiten dira nire egoerarekin. Oso biolentoa egiten zaie ni bizkartzainekin ikustea. Udaletxean ez naiz batere baztertuta sentitzen, aitzitik».

Begoña Sanzberroren harridura
«Abertzaleak ez dakit zertaz harritzen diren. Guk gure aukera politikoa dugu eta haiek berea. Baztango UPNko aunitz jende euskaldunak gara. Guk ez dugu beste estatu bat osatu nahi, baina barne-barnetik euskaldun sentitzen gara, ez dugu arazorik ikusten Espainian eta Europan egoteko. Ez dakit zergatik harritzen diren horrenbeste. Jakitea gustatuko litzaidake. Baztanen nik bezala pentsatzen duen jende multzo bat publikoki pentsatzen duena azaltzera ausartzen ez zela ohartu nintzen, horrek mugiarazi ninduen politikara. Batzuek badute eskubidea independentzia aldarrikatzeko. Hagitz ongi. Ni ez naiz ados. Bi ikuspuntu dira, biak onargarriak. Baina abertzaleek nahi dutena aldarrikatzen ahal dute karrikan, eta guk ez. Ez dugu zertan mahai azpian ezkutuka bizi beharrik, eta nire eskubideak errespetatzea nahi dut. Seme-alaben aurrean hori defendatu behar nuen, eta ez soilik ikuspuntu politikotik begiratuta, baizik eta bizitzaren baloreetatik ere bai. Errepresio mota asko dago: hil zaitzakete fisikoki, baina psikologikoki ere bai. Eta guk familian hori sentitu dugu».

Rafa Olaizolaren bekatua
«Batzuek mehatxatu eta ETAk hil egiten duen bitartean ezin da politikarik egin. Nola nahi duzu Batasuna legezkoa izatea, oraindik ere politikan ekintza militarrek lekua dutela pentsatzen badu? Batasunarentzat biolentzia, egoera politikoaren ondorio da, beraz, ezin dugu berau joko demokratikoan onartu. ETA gizartetik kanpo geratzen bada, ideologia guztiek aukera bera izango dute. Demokraziak bere tresnak behar ditu bere burua defenditzeko eta gu herritarrek hautatutako ordezkariak gara. Herritar guztiek beren ideologiako ordezkariak izan ditzaten ziurtatzeko aurkeztu nintzen Udaletxean. Nazionalistek Zarautzen PPko izatea gauza anormala balitz bezala ikusten dute, bekatua balitz bezala, biolentziak herriko errealitatea desitxuratu du guztiz. Normaltasunean, PPk, PSE-EEk edota EBk, EAJ, EA edota HB bezain normala izan behar lukete. Guk 2.500 bozka dauzkagu Zarautzen, beste batzuek boto gutxiagoekin lortu dute hautesle-zerrenda betetzea, guk oso zaila izan dugu. Izan ere, guk bizkartzainak behar ditugu. Hau al da Batasunaren demokrazia?»


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude