Argitalpenak


2005eko martxoaren 27an
Ezin dut egia esan
Jokin Oregi
Artezblai
63 orrialde
9 euro

Serantes V. sariaren akzesita

Jokin Oregiren Ezin dut egia esan antzezlanak lortu zuen iaz Santurtziko Udaleko Serantes Kultur Aretoak antolatzen duen antzerki sariaren akzesita. Txiki-txikitandik lagunak diren bi emakume eta haien senarrak ditu antzelan honek protagonista. Bikote bateko emaztea eta besteko senarra, maitale izan ziren gizonak bere emaztea izango zena ezagutu aurretik. Bestalde, horien bien bikotekideen artean maitasun harremana sortu da. Dena dela, senar-emazte bien bizimoduak ohiko moduan jarraituko du gerora ere, harik eta Inesek Koldo uztea erabakitzen duen arte eta bikoteetako bat betirako banatzen den arte. Orduan emakume hori beste senar-emaztearen etxera joango da, eta istripu bat izango du.


Egan
Batzuen artean
Euskalerriaren adiskideen elkarteko «boletin»-aren euskarazko gehigarria
307 orrialde
18 euro

Monzon, Agirre, Lekuona, Janamari Malharin... gogoan

Ehun urte bete dira Telesforo Monzon jaio zenetik, eta Eganen azkeneko zenbakian haren izaera eta lanak ekarri nahi izan dituzte akordura: Koldo Izagirrek Monzonen zortzi poema argitaragabe aurkeztu ditu; Xabier Mendiguren Elizegik bergararraren erretratua egin du, bere hitz lauzko idazlanetan barrena; eta Piarres Xarritonek Iparraldeko euskalzaleen animatzaile gisa azaldu du Telesforo Monzon. Lan horiez gain, bertan aurki daitezke ere XVI. mendean Lazarragak idatzitako artzain nobela, Julen Lekuona kantautoreak utzi zizkigun piezak, Janamari Malharin irakasleari Itsasun egin zitzaion omenaldia edota Pilartxo Etxeberriak Txillardegiren hizkuntzalaritza ibilbideaz egindako azterketa.

Euskal Herriko Historiaurrea
Xabier Peñalver, María José Noain
Ibaizabal
144 orrialde 14,20 euro

Historiaurrekoen garabidea

Ibaizabal argitaletxeak aditua ez den irakurlearentzat sortutako Euskal Gaiak bildumaren barnean plazaratu du Xabier Peñalver eta María José Noainen artean osatutako Euskal Herriko Historiaurrea. Liburu honetan, gu bizi garen lurraldeak ezagutu zituen lehen giza taldeen ohituren eta garabidearen berri ematen da, adibide eta argazki esanguratsuz lagundurik. Paleolitoa, Mesolitoa, Neolitoa, Kobre Aroa, Brontze Aroa eta Burdin Aroa izenarekin ezagutzen diren garaiak iraun zuten ehunka mila urtetan zehar Euskal Herrian zebiltzan gizakiek zer-nolako bilakaera izan zuten aztertzen da bertan, urratsez urrats azalduz nola lortu zuten sua menderatzea, animaliak ehizatzea eta etxekotzea, buztina eta metalak lantzea eta, oro har, aurrera egitea.

Karmel
Batzuen artean
Euskal Herriko Karmeldarrak
127 orrialde
Urteko harpidetza:
12 euro

Karmel aldizkariaren berriena

Euskara ona izateko, hutsik gabea, ulerterraza eta aberatsa izan behar duela azpimarratzen du Gotzon Garatek Karmel aldizkariaren azken zenbakian plazaratu duen Euskaraz ongi idaztea zer den lanean. Aitzitik, Jose Inazio Basterretxeak euskarazko kazetaritzaren lehen kongresua hartu du hizpide, ahaztu gabe 1976a euskal prentsaren urtea izendatu zutela hiru euskal aldizkarik »alegia, Anaitasuna, Goiz Argi eta Zeruko Argia». Xabier Kaltzakortak, berriz, 1813an gertatutako Bitoriako Batailari buruzko kopla batzuk dakartza kontura. Eta Luis Baraiazarrak Batista Spanoli dohatsua. Bestalde, gizarte sailean Karmel aldizkarian bertan hainbeste lan argitaratua den Andres Maria Urrutia Badiola euskaltzainburu berriaren bizitza eta bibliografia azaldu dituzte.

Koroi eder bat. Bertso-bilduma
Pedro Migel Urruzuno
Auspoa, Gipuzkoako Foru Aldundia
302 orrialde

Pedro Migel Urruzunoren bertsoak

Bere ipuinengatik da ezagun Pedro Migel Urruzuno (1844-1923), haatik ez bertso-jartzaile bezala egin zuen lan oparoagatik, eta hain zuzen, horixe da Antonio Zavala haren bertsoen bilketa egin eta liburu hau argitaratzera animatu duen arrazoia. Jesusen Bihotzari, Maria txit garbiari, 1881eko Arantzazuko erromeriari, Aita Sebastian Mendibururi, Josefatxoren ametsari, Kilimongo itur-errekari, Jesus jaio berriari, Hiru Erregeen adorazioari, Aldareko sakramentu guztiz santuari, Ama Doloretakoari, Aita San Joseren gozoei, neska-mutil-zaharrei, Itziarko Ama Birjinari, Aita Agustin Kardaberazi, artzaiei, Justa Jesus aingerutxoari eta beste askori jarri zizkion Urruzunok bertsoak.

Jon eta Noj
Goretti Vadillo
Elkar
45 orrialde
6,65 euro

Ametsak bezain egiazkoa den Jonen laguntxo berria

Jokin Mitxelenak marraztu duen kontakizun honen izenburu zehatza Jon eta Noj. Galaxia eta Mundua da, eta Goretti Vadillok haurrentzat idatzi duen aurreneko lana dugu. Izan ere, bere seme Jon jaio zenean, ogia besapean ekarri beharrean, hauxe bezalako umeentzako istorioak ekarri zituen. Lo egiteko orduan, argia itzalitakoan, arbel bihurtzen da Jonen gela, beltz-beltza. Eta Jonek arbelehorretan gauzak marrazten ditu. Marrazki horietako batean agertu zaio hain zuzen Noj, beste galaxia bateko mutila.

Faustoren itzala
Fito Rodriguez
Utriusque Vasconiae
121 orrialde 14 euro

Elhuyar anaien gaineko errealitatearen fikzioa

Elhuyar anaia ospetsuei La Bascongadan, Euskal Herriko Adiskideen Errege Elkartearen itzalean sortutako Bergarako Errege Mintegian, XVIII. mendean, bizitzea egokitu zitzaien gorabeheretan oinarrituta dago Fito Rodriguezen azken idazlana. Bascongada, antza denez, Espainiako Koroaren aginduz helburu militar sekretuekin lan egin zuen erakundea baino ez ei zen, eta Joan Jose Elhuyar sekretu horien zerbitzuan lan egin zuen zientzialaria. Gauzak horrela, elkarren artean etengabe txirikordatzen diren bi hari ditu Faustoren itzala nobelak. Lehenengoak, Joan Jose Elhuyarrek Fausto anaiari Kolonbiatik bidaltzen dizkion gutunek osatzen dute. Haietan, Elhuyartarren sekretua eta garaiko giroa aurkituko ditu irakurleak: Ilustrazioa, erromantizismoaren hastapenak, Inkisizioa, masoneria... Bigarren haria, berriz, gure egunetan Ipar Europatik Euskal Herrira etorritako gazte baten istorioak osatzen du. Gazte horri, Upsalako unibertsitatean noizbait aurkitutako Elhuyarren gutunak bidaltzen dizkio bere aitak. Eta dokumentu horiek direla-eta bizi behar izaten dituenen berri ematen du berak grabatutako bideoen bitartez.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude