Orain 12-15 urte ekin zion artxiboak miatzeari Joxan Elosegik. Errepublikarren aldizkarietan esateko zuena bertsoz ematen zuen irundar ezagunaren produkzioa biltzen hasi zen. Familiarengana jo zuen material gehiagoren bila, baina bere bertso kaierak erbestean, Arruetako etxean galdu omen ziren. Bat-bateko bertso bakarra biltzea lortu du, Joxe Mari Telletxeak bere aurrekoei ikasitakoa. Bat-bateko bertsorik gorde ez denez, jende batek dudan jarri du Lopetegiren bertsolari izatea bera. Elosegik azpimarratzen duenez, ordea, «hori gezurra da. Kantatu egiten zuen, mitinetan. Berak bere burua ikusten zuen bertsolari eta bertsoak ahalik eta ederren eman nahia sumatzen zaio. Kontziente zen tabernan jardunda bakarrik alferrik dela, bazuen oso mezu argi bat». Ez dirudi garai hartako beste bertsolari ezagunekin kantatu zuenik. Tabernan eta soziedadean kaleko jendearekin, erdi bertsolariekin, egingo zuen bertsotan. Lopetegik ziurtatzen duenez, «Isildu badute ere, oso bertsolari ospetsua zen».
Bertsolari politikoa
Bakarka edo Andonegi mitinlari errepublikarrarekin aritzen zen bertsotan mitinetan. Bertsolari politikoa zen, zentzu modernoan, militante zentzuan. Ideia baten zerbitzuan jarri zuen bere sormena. Zergatik eman bertsoz mezuak? Elosegik azaltzen duenez, «nik uste Lopetegirengan berak egindako aukera dagoela. Agian izango zuen gaitasuna diskurtsoa hitzez egiteko, baina ez zuen nahi izan eta bere burua bertsolari ikusten zuen. Bertsolaria errespetuz hartzen zuen publikoak, eta aldi berean, entzuleak bertso bat jasotzean ‘gure hizkuntzan ari da, eta gure mailan jarri da’ sentitzen zuen. Apaizaren sermoiaren kontraposizioa da. Bertsoa hurbiltzeko, adierazteko modu zuzenena da eta gainera entzuleak nortasuna onartzen dio bertso emaileari, autoritatea, larderia. Eragina sekulakoa da».
Herritarrak identifikatzeko gaitasun hau dela eta, Elosegik ohartarazten du: «Askotan sumatzen da Lopetegi ez ote zuten erabili errepublikanoek berek ‘kaxerito’ moduan, nahiz bera baserritarra ez izan, nolabait esatearren, bertsolariaren funtzio diglosikoan: ‘Zu erdaraz ez dakien jende horrekin molda zaitez, esan beharrekoak esan, eta gero geuk egingo dugu gurea’». Hala ere, Elosegik azpimarratzen du: «Irunen behintzat, euskalzaleago agertu zen ezkerra eskuina baino. Prentsan ere sumatzen da begirune handiagoa euskarari errepublikanoen aldetik, eskuinaren aldetik baino. Eta eskuindarren barruan daude lehen nazionalistak».
Mitoak hausten dituen pertsona
Joxe Mari Lopetegik historia eta euskaltasuna birplanteatzeko bide ematen duela argi du Elosegik: «Fetitxe hutsa da lehen nazionalistek, bizkaitar sabinianoek zabaldu zutena: gure jatorria da baserria, gure euskararen tradizioa hortik dator... Hori gezurra da. Fetitxe horretaz baliatu da ideologia espainola ere. Gure jatorria baserria bada, horrela da XIX. mendean jende gehiena zelako nekazaria. Baina hori horrela da hemen eta Alemanian. Euskaldunaren jatorria ez da baserria, eta euskara ez da tradizioa. Bertsolaria, eta hizkuntza garbia baserritik etorri zaigula gezurra da. Eta Lopetegik hautsi egiten du eskema hori». Modernotasuna gaztelerarekin lotzea ekarri du horrek, Elosegik nabarmentzen duenez: «Gure benetako drama euskal hiria da. XIX. mendeko gure hiri txiki horiek euskaldunak ziren, Gipuzkoan, behintzat, guztiak. Gure modernotasunaren sorburua hortxe zegoen, eta moztu egin digute». Ideologiaz ere, ezker abertzalearentzat kontuan hartu beharreko erreferentzia da, Elosegiren hitzetan: «Nik nire aurreko politiko ideologikoen artean Lopetegi sartuko nuke. Historia abertzalean, Santa Kruz apaiza asko aipatzen da, eta karlistetatik zetozela lehen abertzaleak... Hori dena gezurra da. Gure arbaso politikoak ez daude hor. Beste zerbait ere gertatu zen. Kontuan hartu behar dugu gure aurretik gertatu den guztia, eta bizi izan ziren guztiak nolakoak ziren».