argia.eus
INPRIMATU
Ezker Batua/Berdeak hauteskunde aurrean
2021eko uztailaren 28a
Iragarrita zegoen bezala otsailaren 22an EAEko Eusko Legebiltzarra desegiteko eta hauteskundeak deitzeko Lehendakariaren dekretua agertu zen. Aurreko egunean Lurzoruaren Lege proiektua, hirugarren aldiz, bozkatu zen Legebiltzarreko azkeneko osoko bilkuran eta, legegintzaldian zehar beste zenbaitetan bezala, Sozialista Abertzaleak taldeak PP eta PSOErekin bat egin zuenez gero, ez zen legea onartu. Lurzoruaren Legea, batzuen eta besteen hauteskunde interesak edota mendekua hartzeko gogoa direla eta, bertan behera gelditu da. Hau ez zen nolanahiko lege-proiektua, baizik eta espekulazioari aurre egiteko eta etxebizitza arazoa behin betiko konpontzeko giltzarria izan behar zuen legearena. Hala eta guztiz ere, PSOEk eta Batasunak eskuin politikoarekin eta lur-jabe eta espekulatzaileekin bat egin dute. Bere larruan gozo biziko al dira?

Orain bukatu den legegintzaldiaren ardatza, ordea, Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoa Eraberritzeko Proposamena izan da. Joan den abenduaren 30ean Legebiltzarrak onartu zuen proposamena. Gerora Diputatuen Kongresuak atzera bota zuen, negoziazioari uko eginez. Hurrengo batean izan beharko du, ez baitago beste biderik. Tamalez, IU ez zen PP eta PSOEtik bereizteko gauza izan. Javier Madrazok, gogor kritikatu zituen IU eta Gaspar Llamazares bere ausardia eta kemen politikorik ezagatik, eta euskal gizartearen bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidearen eta atxikimendu libreko Estatu Federal nazio anitzaren alde egin zuen. Gutxienez, Ezker Batuaren subiranotasuna eta independentzia argi gelditu dira oraingo honetan.

Datozen hauteskunde hauetara Batasunak ez du aurkezterik izango, segur aski. Legeak eta estatuko gobernuaren jarrera politikoak uzten dituzten zirrikituak txikiegiak dira. Batasunak errua hiruko gobernuko alderdiei egotzi die hauteskundeak aurreratzeagatik. Harrigarria bada ere PSOEk, Jesus Egigurenen ahoz, gauza beretsua adierazi du. Gai honetan ere, independentista ilegalizatuen eta konstituzionalista ilegalizatzaileen arteko sintonia bitxia agerian agertu da. Edonorentzako gauza nabarmena da, ordea, gobernuak eta PSOEk ez dutela Batasuna legeztatzeko inongo asmorik, eta baita ere Batasunak ez duela egin bere esku zegoen guztia. Orain erabaki beharko dute hauteskunde hauetan nola egon presente, zein preziotan eta zeinen kaltetan.

Ezker Batua/Berdeak-entzat datozen hauteskundeetako emaitzak oso garrantzitsuak izango dira arrazoi askorengatik: lehenengo eta behin, bakea eta normalizazio politikorako aukerak zehaztuko dituztelako eta zer-nolako gobernua edukiko dugun erabakiko dutelako. Ildo beretik Ezker Batuak, bere "Atxikimendu Libreko Federalismo"aren proposamena denon arteko, hau da, abertzale, konstituzionalista eta federalisten arteko bizikidetza anitzaren alde modu eraginkorrean lan egiten segitzeko bermetzat hartzen du eta horregatik uste dugu egin beharko den herri-kontsultan euskal gizarteak aukera izan beharko duela proposamen honetaz duen iritzia emateko.

Horretaz aparte, gutariko bakoitzaren bizimodua zuzenean eragiten duten arlo ezberdinetako politika publikoen aurrerakoitasuna ala atzerakoitasuna jokoan dago: enplegua, gizarte eskubideak, zerbitzu publikoak, etxebizitza, osasuna, gizon eta emakumearen arteko berdintasuna, inmigrazio politika, hezkuntza sistema, hizkuntza politika, ingurumena »euskal Y-a edo Pasaiako kanpo-portua bezalako garraio-azpiegiturak, errausketa…». Argi da Ezker Batuaren hauteskunde babesaren araberakoa izango dela ezkerrak gobernuan edukiko dituen pisua, indarra eta eragina.