argia.eus
INPRIMATU
Landareak: Libano gora behera
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a

Hango baso apurretan daude bai, inoizko gerrate gehien pairatu dituzten zuhaitzak. Zedroak. Kulturak, baldin eta izan behar badu, nahi eta nahiez erlijioari uztartua behar duela pentsatzen dutenek beharrezkoak dituzten gerrateak. Nekazari libanoarrek Arz al-Rab deitzen diote zedroari, "Jaunaren zedroa". Era guztietako jainko-jainkosen bizileku izan den basoak gaur egun ere badu apopiloa: etorkizunerako babesteko, bere adarrak sutarako ebakitzen dituen guztia madarikatzen duena.
Maronitek baseliza bat dute han: abuztuero meza ospatzen dute, zuhaitz sakratuen ohorez. Hauentzako bezala, erlijio suntsitzaileak baino lehenagokoentzat zuhaitz batzuk espiritua zuten: grekoen hamadriadak, errusiarren zuhaitzetako demonioak, egiptiarren sikomoroetako jainkotxo lotsatiak... Maronitentzako bezala Siriako Nosairi tribukoentzako zedroak jainkotasunez blai dira eta Feniziarren garaietatik etengabe bete dute baso sakratuak gurtzeko erritoa.
Sakratuak ez ziren basoak, ordea, gupidarik gabe eraitsiak izan dira. Feniziarrek Egiptora saldu zituzten duela bost mila urte eta Biblostik abiatuta itsasoz almadia gisara eraman zituzten haraino. Lehen faraoien hil kaperak, gorpuen baltsamoak eta papiroak kontserbatzeko gaia zen zedroa.
David erregearen tenplua, asiriarrenak, babiloniarrek Mardukeri eskainitakoa eta pertsiarren Persepolis hiria denak dira zedro. Gero erromatarrek ontziak egiteko epaia eman zieten basoei eta enbor ipurdien arteko harkaitzetan seinaleak zizelkatu. Bizantinoek elizak eraikitzeko, arabiarrek ontzigintzarako eta Justinianok Jerusalengo Birjineran basilikako teilatua egiteko, kostata baina basotxo bat topatu eta desegin zuen. Lehen Mundu Gerran turkiarrek burdinbideak eraikitzeko erabili zuten zura hau. Victoria erreginak, koloniaren aldeko itxura lanetan, galtzeko arrisku bizian ziren zedroen bueltan harresi bat eraikiarazi zuen.
Gaur egun bai arriskua. Munduko erlijio gerrazaleenen topagune bortitzenean baitaude Libanoko zedro hauek. Gerrak eta erlijioak akaba ditzagun... zedroen alde!