Atotxa omen da mozarabeen espartzua. Mundu hau ez den Donostian galdetu beharko dugu... Espainiako hegoaldean espartzua sortzeko erabiltzen den belar-tortokari deitzen zaio atotxa. Bi eratako espartzuak ezagutzen dira: espartzu latza, Stipa tenacissima, eta espartzu fina, Lygeum spartum.
Petrolioaren aro suntsitzailearen aurretik erabilera anitzak zituen espartzuak: edozein eratako ontzi, saski eta abar egiteko, sokak eta istinkariak, espartinentzako zolak, espartinen lokatzak biltzeko zerriak, papergintzan... Erromatarren kroniketan "hispania espartina" deritzoten hartan, penintsula barrenean, egiten zituzten apreta edo espartina sonatuak lekuko. Egun ornamentazio soilerako diren gauzak bakarrik egiten dira espartzuz, baina kultura haren adierazgarri espartzua gai bakartzat hartuz Murtzian, Valentzian, Mantxan, Aragoin eta Andaluzian sakabanatuta dauden zazpi "Museo del Esparto".
Geure historian ere garrantzi handia izan du espartzuak. Itsasontzietako eta hauetarako gaiak garraiatzeko logistika, garai batean espartzuz eta gerora kalamuz eta lihoz egindako soka, lista eta txikotarik ezin da aditu. Espartzua espartzatuz sortzen zen lokarri hauek egiteko gaia. Ontzigintzan, errioetako arotz sonatuen lan garrantzitsu eta finenetakoa ontziak istinkatzea zen eta da. Egun langintza horri eusten dioten gutxien zalantza horixe da: zein garaitan istinkatzen zen espartzatutako espartzuz? eta, zeinetan aldatu zen espartzutik kalamura eta lihora?