Telmo zaharra, Farias bat erretzen


2004ko abenduaren 26an

Telmo zaharra.

Donostiako San Telmo Museoa mihian dabilkigu egunotan, izan ere gutxitan ikusi baita hainbesteko desastrerik gurean. Donostia den Paris txiki honen Alde Zaharraren hasieran kokatua, etxetzar dotore bezain maitea da San Telmo Museoa. Hiriburukoentzat hauxe izango da, seguru asko, museorik museoena. Ni bezalako probintziano batentzat ere, San Telmo izan da beti museoaren arketipoa umetatik. Enblematikoa esaten omen zaio horrelako leku bati. Nolanahi den, hogei urte edo gehiago daroa San Telmok noraezean.

Gaur bertan San Telmon bisitan sartzen bazara, desolazioak harrapatuko zaitu azaletik hasi eta hezurretaraino, bakar-bakarrik ibiliko baitzara hango harri ederren artean eta sarrerako bizpahiru zaindariak baizik ez dituzu ikusiko bisitaldian. Nolabait, bake santu familiarteko bat haustera iritsi zarela irudituko zaizu orduan, behar ez zenuen tokira etorria zarela eta pena emango dizu artatu zaituztenen solasaldia etetearen erantzule bakar zeu izateak.

Ondo pentsatuta, umiliagarria da museoak daukan aurrekontuaren %70a pertsonalaren soldatetan joaten dela jakitea, inork ez baitizu han erakutsiko biderik ez eta ere emango argirik. Non arraio ezkutatzen dira halako leku bati dagozkion zerbitzuak? Ibiliko zara harat-honat, leku zoragarri eta paregabean, kulunkatuko zaituzte Sert pintore zaharraren oihaltzarrek, eta irtengo zara zer ikusi duzun edo zer ikus daitekeen jakin ere egin gabe, hainbestekoa baita deskalabroa.

Museoaren jabetza, Donostiako Udalarena eta Madrilgo Ministerio de Culturarena ei da. Eta hor hasten dira arazoak, edo, nahiago bada, hor segitzen.

Duela hiru urte edo, Odon Elorza jauna buru zela, akordio batera iritsi zen Udala, Aldundia eta Jaurlaritzarekin: San Telmo aparkaturik geratuko zen beste proiektu estrategiko bati bidea zabaltzeko, Tabacalera, alegia, huraxe izango baita modernitatea eta etorkizuna behingoz Gipuzkoako hiriburuan eta Euskal Herrian ezarriko dituena.

Hala ba, San Telmoren jabetza eta kudeaketa Udalaren esku den honetan, Elorza jaunak patata politiko pozoituaren antzera darabil: udalak nahi duena egin behar da San Telmon, eta Diputazioko gaizkileak dira lagundu nahi ez dutenak. Ez da zozoa Elorza jauna, donostiarrentzat denik eta alkate onena dela erakusteko orduan eta, bide batez, to ostikoa jeltzaleei. Artista da Elorza hiriarentzat proiektu erraldoiak proposatzeko tenorean: egundoko handitzea eman nahi dio San Telmori, oraingo 5.700 metro karratuak 8.300 bihurtuz. Azaleraren %43a, ia erdia bikoiztuz, alegia. 16,7 milioi euroko aurrekontua. Zertarako, ordea?

Seguru asko berdin dio horrek, kontuak ez baitirudi museistikoa. Gehiago dago hemen propagandatik eta itxuratik, edukitik baino. Azken finean, nor arraio joaten da hemen serioski museoetara?

Etorri da, baina, Diputazioaren erantzuna. Xehetasunetan sartu gabe esateko, duela hiru urteko akordioa gogorarazi diote Elorzari eta euren asmoa adierazi: Gipuzkoako museo-sarean sartu eta San Telmo euren esku uztea eskatzen dute, proiekturako dirurik nahi baldin bada.

Txakurra eta katua bezala dabiltzan honetan, Gipuzkoako Batzar Nagusi salomonikoek, batzorde batean konpon daitezela agindu diete bi aldeei. Jajai.

Eta esango duzu, irakurle, okerrago ibiltzerik ez dagoela. Ba, bai, okerrago ere ibil daiteke, ezen eta zorigaiztokoa bada erakundeak elkarren artean ostikoka ikustea, gauzak ez dira poxin bat ere konpontzen ados jartzen direnean ere.

Farias bat erretzen

Euskaraz oraindik izenik ez duen Tabacalera horretarako proiektua, lainotsua baino, ilunpekoa dela esan daiteke. Inork ez daki egiazki zer gertatuko den eta orain, urtebetean nazioarteko aditu baten soldata ordaindu eta gero, jakintsu talde bati eman diote proiektua definitzeko ahalmena. Soilik dakigu, artea, teknologia eta etorkizuneko ikusentzunezkoentzat izanen dela etxetzarra. Estrategikoa, beraz, Euskadigintzan. Eta bertan egongo direla Filmategia eta Ordoñez-Falcón argazki fundazioa. Ederki. Oso ederki.

Donostia, Gipuzkoa eta Euskal Herria etorkizunerako uhinetan txanpatzeko asmo hori, aparta da, benetan, baina txori txiki batek gaizki esan ez badit, bi erakusketa daude oraintxe bertan proposatuta Tabacalerak bere ateak serioski zabaldu baino lehen muntatzeko. Bata da Gipuzkoako emakume langilearen historiari buruzkoa eta bestea Gaur artegintza taldeari eskainitakoa. Biak ala biak, beste edozein lekutan egiteko modukoak eta Tabacalerari, hasi aurretik, zaharkituaren itxura emateko modukoak. Eskizofrenikoa dirudi, gauza berritzaileak eta etorkizunekoak egin nahi eta kudeatzaileek hain irudimen kaskarra eta halako ausardia gabezia ikaragarria erakustea. Ikertzekoa litzateke zergatik antzeko arduradunak suertatzen zaizkion beti gure kulturgintza zoritxarrekoari. Seguru asko, kudeatzen dutenek, kultura etekin ekonomiko eta elektorala izan daitekeenean bakarrik maitatzen dakitelako.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude