Mondo dificile


2004ko abenduaren 26an

Paretak edotariko marrazkiz eta zirriborroz betetzea, edo hezurrak erabiliz iruditxoak egitea pertsonari bete-betean dagokiona da, jatea bezain »jan ondoren izanik ere». Harpe, leize eta kobazuloetako lekukotasunek argi erakusten dute. Ordea, gizartea antolatzeko bilakabide historikoaren azken emaitzak hain desitxuraturik utzi du espirituzko behar oinarrizko hori, non gaur da eguna jende gehiena ez baita gauza artearen beharra bere adierazpen antologikoekin lotzen duen harremana ezartzeko.

Berdin gertatzen da beste behar oinarrizko batzuekin, baina ez hainbeste; jende arrunta gauza ohi da detektatzeko Martin Berasategiren sukalde sofistikatua, azken finean, jateko dela, edo relax iragarkiek eskaintzen duten berezitasunen katalogoa sexu-grina asetzeko. Bada zerbait. Ordea, demagun, Oteizaren kubo metafisiko batzuen aurrean, eta egunotan Guggenheimeko erakusketan haririk gabeko telefonoetatik ematen dituzten azalpenak entzuten jarri »euskaraz, hori bai», eta Gombrowiczek »esaterako» salatu zuen itxurakeriak baizik ez ditu ikusleak salbatzen "hau zer da"ka galdezka ibiltzetik. Eta hala ere, ikusleek »ikusleetako batzuek bederen» beren etxeetako egongelan ongi edo gaizki geratuko ziren galdetuko diote euren buruari. Baina dagoeneko ez dute usaindu ere egiten hori ere badela artearen funtzioetako bat »hutsalena eta 'burgesena', nahi bada, baina beste funtzio bat, azken finean»; hainbesterainokoa izaki artea merkantzia eta ikuskizun bihurtzeak eragindako hondamendia. Baita erosle izan ahal izatetik ere bazterturik, oinezko arruntoi eliztar txintxo moduan jokatzea baizik ez zaigu geratzen, artearen meza nagusian parte hartu nahi badugu. Ez dago gaizki pentsatua, alajaina, meridiano honetan elizak eduki duen arrakasta kontuan harturik. Eta, hala ere, ustez, bulkada bera edo bertsua sentitu behar izan zuten Ekaineko marrazkilariek eta Oteizak berak, beren zerak zertzean. Gaur egun, ordea, bulkada horren nolakoa eta zergatikoa azaldu nahi izatea bera negozioaren eta ikuskizunaren aurkakoa da, eta hortaz, arriskugarria »oraindik ez dute jendea eramaten kartzelara horregatik; konformatzen dira ezjakin, hortera, afrusa, gustu txarreko edo basa zarela esanez deskalifikatzearekin; denbora kontua baizik ez da, baina». Ondorioa: merkantilismoa eta artea bateraezinak dira. Esadazue, orain, biak batera ezin eta, bietako zeinek ahal. Artistak omen diren horiek ere hobendunak dira, bai horixe. Oteiza bera lehena; bestela, ikus ezazue, aipatu erakusketako bideo batean, metaforaz, orri zuriaz eta poesiaz txorakeriak esaten.

Baina ongi pentsatzen jarrita, eta gauzei berezko tasunak kentzearen fenomenoa, desnaturalizazioa, alegia, orokorra dela ikusten da, edozein arlotan, edozein eremutan eragiten duela. Har dezagun, esaterako, aurten 75 urte egin dituen Txillardegiren kasua. Azken hogeita hamar urte hauetan Euskaltzaindian sartu direnen zerrenda ikusi, euren merituen zerrenda ikusi, eta batek ondorio bat baizik ezin dezake atera: Txillardegik egin duen bekatua, bekatu larrietan larriena, inondik ere, euskaraz jakitea, zekiela erakustea eta are euskara irakastea izan da. Horixe izan behar da, nonbait, norbaitek barkatzen ez diona. Barkatzen ez bide dioten bezala »baina hau beste egurreko ezpala da, jakina», borroka armatuaren edo marxismo-leninismoaren kritiko avant la lettre izatea, ezkerreko posizioetatik.

Gogorra izan behar da poesiari buruzko txorradak esaten bukatu behar izatea, edo zu jada bueltan zinen momentu zehatz hartan lagun pistoleroren bat izateko irrika edukiko zuen norbaiten txorradak, ordutik hogeita hamar urtera, entzun behar izatea.

Ez naiz inoren alde, ez kontra. Neure buruari buruz ari naiz, datorren negu amaigaberako psikologikoki prestatu nahiz. Carotonek arrazoi zuen: mondo dificile.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude