Amiantoagatik milaka langile ari dira hiltzen

Sidenor euskal enpresak 240.000 euroko indemnizazioa eman beharko dio 2001ean minbiziak hil zuen langilearen alargunari. Senarrak hamabi urte egin zituen gutxienez Basauriko faktorian, fundizioko lanean, amiantoarekin. Amiantoa, berez, ez da produkziorako baliatzen 1999az geroztik, baina ebazpen horrek milaka pertsonaren arazoa azaleratu du, zeren datozen urteetan heriotza eragingo dien produktuaren kaltea epaitu baitu. Amiantoak eragindako gaixotasuna eritasun laboral gisa aitortu gabe dagoenez, orain arteko kasu bakanetan, hala nola oraingo Sidenorrekoan, bide judizialetik lortu da indemnizazioren bat, amiantoa arnasteak erasandako langileen familientzat.

Orain dela bi urte, egoeraz jabetuta, Bartzelonako Portuan amiantoarekin lanean aritzeagatik hil ziren edo minbizia hartu zuten langileen 30 familia baino gehiagok bide judizialari heldu zioten. Zer kalte egokitu zitzaien jakinda, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala eta Itsasoko Gizarte Institutua erakundeek eritasun laboral gisa aitortzea nahi zuten. Langile horiek guztiak Portuko Langileen Antolaketa ûOrganización de Trabajadores Portuarios, OTPû izeneko lantokiko enplegatuak ziren hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan, eta ia mende erdi geroago hasi dira argitara ateratzen kasuak. Orain, biriketako minbiziak edo pleurak hondatu dituen hainbat euskal langilek, dagoeneko hil direnek nahiz eritasun horrekin bizi direnek ûberek edo beren familiartekoekû, eska dezakete eritasun horregatik kalte-ordaina. Horretarako, balio handiko abala da Sidenor euskal enpresan aitortu berri duten kasua.

Sidenorren kontrako epaia

Arlo sozialeko Bilboko 8. epaitegiak joan den urrian kondenatu zuen Sidenor enpresa T.A.G. langilearen alargunari 240.000 euroko kalte-ordaina ordaintzera. Langilea 2001eko azaroaren 20an hil zen, mesotelioma gaizto baten ondorioz. Hamabi urtez behintzat (1969-1981) aritua zen amiantoarekin lanean, Basauriko faktoriako fundizioko lanetan. Epai judizialaren arabera, mesotelioma galgarria sortu zitzaion langileari gerora, hots, amiantoa arnasteak sortzen duen minbizia. Epaileak, medikuntzako dokumentazio egiaztatuan oin hartuta, argudiatzen du ezen "denbora luze eta jarraituan amiantoa inhalatu izana dela langilearen mesoteliomaren kausa bakarra", eta zehazten dutenez, denbora-bitarte hori aski da langilea eritzeko.

Ebazpen judizialak azpimarratu du, bestalde, enpresak ez zuela hartu airea ateratzeko eta garbitzeko neurri babesgarririk, eta era berean, ez zela egin aireko amianto-partikulen neurketarik, ezta langilearen osasun-azterketarik ere. Ondorioz, epaileak "negligentzia" ikusi du enpresaren jokabidean, eta horregatik erabaki du hura kondenatzea eta langilearen alargunak jarritako indemnizazio-eskea ontzat ematea.

Milioi anitzeko auziak Amerikako Estatu Batuetan

Estatu Batuetako 250 enpresa handik aurre egin behar izan die amiantoak erasandako langileen familiartekoen 8.000 demandei. Demanden zenbatekoa 200.000 milioi euro ingurukoa da eta beraz, Ipar Amerikako konpainiek kopuru horri erantzun beharko diote hurrengo hogei urteetan. Enpresa demandatu gehienek, oraingoz, ez dute indemnizazioak estaltzeko adina dotazio egin, eta izan ditzakete arazo ekonomiko finantzario larriak. Estatu Batuetan, amiantotik eratorritako abestosiaren eta pleurako eta biriketako minbiziaren auziak, ia beti, justiziako auzitegietan erabakitzen dira.

Material hilgarria

Espainiako Osasun Ministerioak Europako Batasuneko 1999ko direktiba baten transposizioa aplikatu du. Horrela, 2002. urtera heldu behar izan da Espainiako Estatuan, amiantoa, benetan substantzia toxikoa, erabat debekatzeko. Europako Batasuneko estatuen artean, Espainia izan da azkena amiantoaren erabilera debekatzen. Beraz, zementua, ehun ignifugoak eta beste produktu batzuk fabrikatzen zituztenek material erresistente horren ordezko zuntzak aurkitu behar izan dituzte.

Amiantoaren erabileraren debekua debeku, 50.000 langile hilko dira hurrengo hogeita hamar urteetan Espainiako Estatuan, material horrekin lan egin izanagatik. Sindikatuek behintzat kalkulu hori egin dute. Iturri bereko datuekin jarraituz, Europan 500.000 langile zenduko dira. Izan ere, amiantoak pilatutakoan erasotzen du eta gerora azaltzen dira ondorioak. Neurri txikiko zuntzak, adituek frakzio arnastekoak deitzen dutenak, biriketara heltzen dira eta albeoloetan metatzen. Horretatik, fibromak sortzen dira gerora. Abestosiak, bestalde, partikulak luzaroan arnastu dituzten pertsonak hartzen ditu errazen.

Arras substantzia toxikoa da amiantoa, eta hainbat eratako prozesu produktiboetan arnasten da. Esate baterako, fundizioetan, zementu-fabriketan, ehungintzakoetan eta beste hainbatetan. Amiantoak progresiboki erasaten dio pertsonari. Eritasunari abestosia edo biriketako fibrosia esaten zaio. Amiantoak eragindako biriketako fibrosia Ingalaterran aurkitu zen lehen aldiz. 1906. urtea zen. 1973. urtean, Ipar Amerikako industriak 80.000 tona amianto baliatzen zituen produkzioan. Handik 10 urtera, 27 milioi lagun baino gehiago zeuden eritasun horren atzaparretan erortzeko arriskuan.

Eusebio Pabola, amiantoak kutsatutako Montero Kaefer-eko langile ohia: "Epaileak onartu du asbestosia daukadala, baina kalte-ordaina ukatu zidan. Hilda ez nagoelako izango da"
Eusebio Pabola bilbotarra 1971n hasi zen lanean Montero KF enpresan, Bilbon, eta 1999an utzi zion lanari hezurretako arazoak zituelako. Hurrengo urtean asbestosi pleurala diagnostikatu zioten, amiantoa arnastu zuela, alegia. Iaz 71 urteko bati dagozkion birikak zeuzkala esan zion medikuak. Hamar urte gutxiago zituen. Enpresan CCOOeko ordezkaria izan zen 20 urtez. Orain ez dago afiliatua. Fede gutxi du medikuengan, sindikatuengan eta enpresengan.

Zer lan mota egiten zenituen lantegian?
Isolatze kontuak egiten genituen enpresa horretan, hodietan, itsasontzietan, zentral termikoetan... Poliesterra, berniza, amiantoa... erabiltzen genituen. Lau produktu toxiko erabil genitzakeen batera, inolako segurtasun neurririk gabe.

Zuek bazenekiten amiantoa kaltegarria zela?
Ez, inork ez zigun esan minbizia sortzen zuenik. Kamioitan etortzen zen amiantoa. Bertatik zakuak jaistera joaten ginen. Gero, laneko buzoa jantzita ogitartekoa jaten genuen eta ondoren arropa etxera eramaten genuen garbitzeko. Amiantoa gure eguneroko ogia zen orduan. Orain ez da hala.

1999an baliaezintasuna eman zizuten. Nolako sintomak zenituen?
Hezurretako arazo asko nituen. Neuzkan arazoen zerrenda luzea da: bronkitisa, mota askotako artrosiak, bizkarrezurreko eta sorbaldako arazoak...

Arazo horiek ez zuten zerikusirik amiantoarekin?
Ezetz uste nuen orduan. Baina, bai, amiantoak eragin zizkidan hezurretako gaitzak.

1999an amiantoak kutsatuta zeundenik ez zenekien?
Ez. Noizean behin oinazeak izaten nituen, baina ez nekien zergatik. Biriketako plakak ateratakoan esaten zidan medikuak oso beltza ikusten zela, baina ez zidaten besterik esaten. 2000. urtean beste azterketa batean neumologoak zerbait arraroa ikusi zuen eta segituan beste mediku batengana bidali ninduen. Hark esan zidan asbestosi pleurala neukala.

Lantegian urtero egiten zenuen azterketa eta 2000. urtera arte (jada lana utzita) ez zizuten harrapatu gaitza . Hain zaila al da antzematea?
Zaila ez da izango. Biriketako plaka atera eta zerbait arraroa baldin badago espezialistarengana bidaltzen zaituzte. Nik uste laneko medikuek ez zutela baieztatu nahi asbestosia nuenik. Lantegiko azterketetan ahal zuten guztia ezkutatzen zuten. 30etik gora hildako langileen zerrenda daukat etxean jasota.

Kalte-ordaina eskatu zenuen orduan.
Medikuak esan zidan birika haiekin ia ezinezkoa nuela arnasa hartzea. Epaileak onartu du asbestosia daukadala, baina kalte-ordaina ukatu zidan. Zergatik? Hilda ez nagoelako izango da. Alargunek jasotzen dituzte kalte-ordainak, baina bizi garenean, sufritzen ari garenean ematea litzateke onena ezta? Ze bidegabea den justizia batzuetan!

Orain zer moduz zabiltza osasunez?
Morfina hartzen dut mina arintzeko eta 14 pastilla. Paseatzera ateratzen naiz, baina nekatu egiten naiz. Psikiatrarekin ere ibili nintzen nire buruaz beste egitekotan izan nintzelako. Emazteari eskerrak emateko moduan naiz nire umore txarra eraman-erraza ez delako.

Amiantoak kutsatutako langileen arteko elkartasun gutxi nabari du eta sindikatuak motel ari direla lanean uste du. Hona Pabolaren telefonoa eta e-posta gaitz bera duzuen langileok berarekin harremanetan jartzeko: 696042894 eta epabolahotmail.com

Amiantoak kutsatzen jarraitzen du
Amiantoa fabrikatzea, erabiltzea eta komertzializatzea debekatuta dago, baina horrek ez du esan nahi langileak eta baita herritar soilak ere amiantoak kutsatzetik babestuta daudenik. Amiantoa toki askotan dago: eraikinetan, instalazioetan, aparatuetan... Amiantoa duten materialek kolpeak, urratuak, hezetasuna jasaten badituzte adibidez, gerta liteke amiantoak zuntzak askatzea. Zuntz horiek arnastea da txarra. Mila tokitan dago amiantoa, hona adibide batzuk: ur biltegiak, teilatu-hodiak, lore-askak, plaka uhindunak estalduretan, plaka lauak eraikinetako fatxadetan, ibilgailu arin eta astunetako balazta eta enbragetan, igogailuetan...
Langileek amianto zuntzak arnasteko arriskua dute egoera hauetan:
- Eraikinak eraisterakoan.
- Amiantoa kentzeko eraikin, egitura, aparatu eta instalazioetan lan egiten dutenean.
- Itsasontziak desegiterakoan.
- Amiantoa duten eraikin eta instalazioetan mantenu eta konponketa lanak egiterakoan amianto zuntzak askatzeko arriskua dagoenean.
Eraikin edo dena delakoan amiantoa aurkituz gero erabaki egin behar da berau kendu egingo den ala bertan utzi. Kentzea erabakitzen bada, kutsatzeko arriskurik ez izateko, neurri bereziak hartu behar dira eta langile espezializatuek egin behar dute lan hori, ez edozein langilek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Amiantoa
Tubos Reunidos enpresako sindikatuek salatu dute amiantoa agertu dela labe batean eta zenbait egunez lana ez zela gelditu

Enpresa batzordeak salatu du otsailaren 26tik martxoaren 3ra bitartean amiantoa agertu zela labe kalibratzailean egindako obretan eta egun horietan lanak ez zirela eten. Enpresak azaldu du ohartu bezain pronto hartu zituela neurriak.


2024-01-14 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
"Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da"

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


"CAFeko zuzendaritzak produkzioa jarri zuen langilearen osasunaren gainetik"

Beasaingo tren lantokiko hiru nabe amiantoz kutsatuta zeudela jakin eta berrogei egunetara agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarrean langileen eta erakundeen ordezkariek. Enpresa Batzordeko kideek salatu dute zuzendaritzak informazio "erabat eskasa" eman diela. Eusko... [+]


CAF lantegiko hiru nabetan lana eten egin dute amianto kutsaduragatik

Laugarren dibisioko zortzigarren nabean egin diren desmuntaia lanen ondoren gertatu da amianto kutsatzea eta legez onartuta dagoena baino altuagoa izan da neurketaren emaitza. Langileei hartutako sei laginetatik lauk positibo eman dute.


Zer da hauts zuri hori? Badator amiantoaren laugarren olatua…

Europar Batasuneko erakundeek adostuta, amiantoaren inguruko zuzentaraua aldatu eta minbizia sortzen duen mineralarekiko gehienezko esposizio-maila murriztu dute ekainean. Horretarako, funtsezkoa izan da Nantesen Tripode izeneko eraikinean frantziar administrazioko langileek... [+]


Eguneraketa berriak daude