argia.eus
INPRIMATU
Lehen argazkia
Joseba Barandiaran 2004ko abenduaren 12a

Bernardo Atxagak dioena egia bada eta, begiak ez baizik, burua bada ikusten duena, urtaro bakoitzean "Iritziaren Leiho" honetan argazki bat paratzea nahikoa izango dut. ARGIAkoek tartea ireki didate euren paperezko etxean eta, argazki kamara lagun, postalak bidaltzeari ekingo diot nik. Atzerrian bizi eta ARGIAko harpide nintzela, gure EH zertan zebilen jakiteko itsasargi moduko bat zen aldizkari hau. Hortik zehar dabilen euskaldunari, beraz, lantzean behin postala bidaltzeko profitatuko dut leihoa.

Derradan, hasi orduko, ekonomia gaiak saihesten saiatuko naizela. Berez ez da oso gai fotogenikoa ere, oharkabean, argazki askotan protagonismo nabarmena izan dezakeen arren. Lehen argazki postal honek larrazken kolore arreak ditu, ezinbestean. Udazkena sekula baino udaren azkenago izan dugu: lehorra joan da orokorrean, epela ia. Eskizofrenia puntu bat izango da, internet eta informazio teknologien garaiari lotua, baina eguraldiak gorabehera arraroak dituen aldiro, klima aldaketaz pentsatzeko joera nabarmena dut.

Geure gaian, politikan, ohi denez, neguan gaude. Ezker Abertzalea krisi latzak jota dago, urtetako gainbeheran eta, beste asko bezala -baina ezkerretik etorrita harrigarriagoa da-, autokritika ahalmen urria erakutsi du. Beste alderdiak berriz, artez edo moldez, apartheid politikoa martxan jarri edota onartu dute. Eta noski, ez gaude geure betean. PP agintean egon den zortzi urteek, anormalidadera oraindik ere gehiago ohitzeko baino ez dute balio izan.

ETAren laguntzaz, preso eta mehatxatuak desagertu egingo dira udaberrian. Politikaren udaberrian noski, ez tamalez 2005ekoan. Hori bai, hildakoz, biktimaz eta espetxe urteez puskatutako familiak gure Porroten Curriculum paregabea majo gizendu dute.

Euskal Hirian puri-purian baina, aldi berean, erdi isilpean egosten ari den beste errealitatea inmigrazioarena da. Gelditzekotan datoz, they are here to stay ingelesez esanda. Zalantzak ditut euskal gizartea eta, bereziki, euskaldungoa zenbateraino dagoen jatorri, erlijio eta arraza ezberdineko gizatalde handi horri ongietorria egiteko prestatua. Baina edozein leihotatik begira jarrita, noiznahi ikusiko ditugu EHko kaleetan. Hori bai, geure hiriburuetan, batez beste, etxebizitza bateko metro koadroa bi mila euroren bueltan dagoela jakinda, edonork izateko moduko leiho bakarra telebista ote den...

Etxe gehienetako leiho gehienetatik begiratuta, geroz eta errazago ikusten den bestea, errepideak dira. EAEko errepide sareak bai inbaditu duela gure herria, Supersur, autopista eta saihesbide berriak tarteko, errepide arteko herri batzuk baino ez dira jada euskal herri asko. Hori bai, Mutrikun eta Jaizkibelen portu erraldoiak egin eta AHT eraikita, orduan bai, orduan ongi, aberats eta eroso biziko gara. Amannek amantala jantzi eta etxekoandre izatera joko balu... ez geundeke okerrago.

Espainian behera berriz, sozialistak agintzen ari direla eta, eliza ez dabil oso lasai. Eliza baino, Gotzainak esan beharko genuke. Homosexualen arteko ezkontzak haserretu ditu, ez dakit homosexual asko dituztelako euren artean edo inorekin ezkontzeko asmotan dabiltzalako. Baina inoren eskubideez jarrera hain murriztailea izatea, kristau ikuspuntutik ere, nekez ulertzen dut, egia esan.

Hori bai, bataio zibilak eskatzen ari denik ere bada. Zain nago norbaitek jaunartze zibila noiz eskatuko. Pitokerien Nobel Saria sortzea proposatuko nuke orduan. Bitartean ez; Nafarroako Sanz Presidente Txit Agurgarri eta Gorenak errazegi irabaziko luke.

That's all, folks!, negu gorrian elkar ikusi arte.