argia.eus
INPRIMATU
"Beste" Errioxan ere bai
2004ko irailaren 26a
Euskalduntzea Euskal Herriko mugez haraino joan dela esanez ez dizuegu aparteko albisterik ematen. Ezagun da munduan zehar barreiatuta dauden euskal etxeetan, adibidez, euskara eskolak hartzen dituztela batzuek arbasoen hizkuntza berreskuratzeko. Guztiz gauza ulergarria da hori. Ulergarria izan daiteke, halaber, atzerriko zenbait unibertsitatek euskara eskaintzea ikasgaien artean. Baina askoz bitxiagoa da, zalantzarik gabe, non eta Logroñon euskaltegia egotea. Hala da, ordea. Orain dela bospasei urtetik Arabar Errioxan dabiltzan IKAko irakasleek astean pare bat aldiz eskolak ematen dituzte bertan.
"Laminiturri elkarteak eskatu zigun eskolak emateko", azaldu du Ander Bezares irakasleak. Dioskunez, logroñotar talde batek eratutakoa da Laminiturri. "Euskara dute aldarrikapenetako bat, euren ondarea ere badela diote eta. Hain zuzen ere, bertako toponimo batetik hartu dute elkartearen izena". Hala, euskara eskolak ematea bururatu zitzaien behinola, eta horretan dabiltza, Arabatik esportatutako IKAko irakasleak barne. Ikasle gehienak Laminiturriren ingurukoak badira ere, jakinminak bestelakorik erakarri du, "hizkuntza berezi bat ikasteko grinak jota-edo", Bezaresen iritziz. "Pentsa, Escuela Nacional delako horretako irakasleak ere badabiltza tartean". Guztira, hiru taldetan banatutako 20 logroñotar ari dira euskara ikasten ekimen bitxiari esker. Ez dago gaizki, 100.000 biztanle inguru daukan hiri espainiar batean.