Peio Lizarazu: «Itsasoa garbia dagoela atzematen dut»

  • Lizarazu abizenak izen bakarra du anitzen buruan. Baina, bada beste Lizarazu bat, errugbi zelaietan hegaleko gazela bezala nabarmendu, eta gero olatu erraldoietako izurde txikia izatea hautatu zuena. Bai baina Bixente munduko txapeldun, edo Europako txapeldun izan zela esaten dizunari, esaiozu "bai baina" aurretik eranstea ahaztu gabe, Peio anaiak munduko olaturik handienetakoak, eta Europako handienak aurkitu dituela hain urrutira joan gabe, Hendaiako sortetxetik hurbil, Euskal Herrian. Bada norbait, beraz, izen horren atzean.

2004ko irailaren 12an
Anaia futbolaria, zu errugbilari ohia eta surflaria, geneetan nonbait "kirolaria" idatzia duzue.
Ez dakit geneetan zer jartzen duen, edo talenturik ba ote dugun, baina aita oso kirolaria genuen. Errugbian ari izan zen txikitatik, pilotan ere bai, urpekaritza egitea biziki maite du oraindik, eta Hendaiako lehen surflarietarik zen. Baditugu bere argazki eta bideoak Bidasoan surfean ari zela. Bideoa 1968koa da eta harri bitxi bat balitz bezala gordetzen dut jadanik ez baita existitzen Bidasoako olatua.
Dena den, garbi da kirolerako zaletasun hori aitarengandik jasoa dugula. Ni oroitzen naiz aitarekin igerilekura nola joaten nintzen txikitan, urpekaritza egitera ere eramaten gintuen, eta surfean ere berak abiarazi ninduen bere ohola zahar harekin.

Zuk ere kirol guzietarik probatu zenuen. Baina orduan ez omen zen ongi ikusia kirol asko egitea.
Bai, egia da. Ni mutil koxkorretan rugbya eta pilotarekin hasi nintzen. Surfean ere bai gero, tartean futbola ere probatu nuen, eta ez nintzen txarra baina hamalau urterekin Bordeleko Girondinsen zegoen anaia baten atzetik abiatzea ez zen erraza, eta azkenean rugbyan eta surfean segitu nuen. Garai hartan esaten zen hazkuntzarako kirol gehiegi egitea ez zela ona, eta gure gurasoak kritikatuak izan ziren askotan eramaten gintuztelako kirola egitera. Zorionez, gurasoek ez zieten kasu gehiegi egin kirol gutxiago egin genezan esaten zigutenei, eta sakrifizio handia egin zuten gu leku guzietara eramateko.

Adin batean aukerak egitea ez da erraza izaten. Surfean ona zentozen, baina zuk hura baztertu eta errugbia aukeratu zenuen. Zer dela eta?
Alde batetik mutikotan asko kostatzen zitzaidan surfa lehia bezala ikusten. Niretzat surfa itsasoarekiko erronka pertsonal bat da, eta lehia batean ikustea nire burua hogei minutuko serie batean beste hiruzpalau pertsonaren aurka borrokan gogorra egiten zitzaidan. Futbol zelaia edo pilotarako kantxa berdina da denentzat, baina surfean lehiatzeko eremua olatuak dira, eta munduan ez da bi olatu berdinik. Nahiz ona izan, ez zara zure dohainen arabera bakarrik sailkatuko. Beraz, surfean ari naizenean nahiago dut neure kautan ibili, eta itsasoarekin jolastu ingurukoekin pentsatu eta borrokatu baino. Horrela baztertzen joan nintzen surfa, eta paradoxikoki surfeko lehia hori onartu ezin nuen bitartean errugbian gero eta plazer handiagoa hartzen nuen oso lehiakorra zelako. Nire parekoarekin aurrez aurre jarri eta erronka fisiko horretan sartzea, plakaje handi bat egin eta gailentzea, barneko grina hori gustatzen zitzaidan. Beraz, hamalau urtetik aurrera surfean gutxiago bustitzen hasi nintzen, lehiaketetan behintzat, eta errugbian gero eta gehiago sartu nuen muturra. Gogoan dut Côte Basqueko selekzioan ere nola aritu nintzen. Talde bikaina genuen, Hendaiako lagunak hor ziren, orain elitekoak diren batzuk ere bai, Thomas Castaignede besteak beste, eta horrelako esperientziek asko laguntzen dizute erabakitzen.

Zu ere ez al zinen bada elitekoa izan?
Tira, Biarritzen baxoa atera eta gero Beglesera joan nintzen hemezortzi urterekin. Tartean inguruko selekzioetan jokatu nuen, eta Frantziako selekzioko stagetan ere egon nintzen inoiz. Begles orduan lehen mailako talde handi bat zen, eta nik lehen urtea juniorretan egin nuen. Bigarren urtean juniorrekin hasi arren, lehen taldean ere sartzen hasi nintzen, eta Colomiersen aurka debutatu ondotik Top 16an partida batzuk jokatu nituen. Gogoan daukat nola manoir txapelketan fase final bat jokatu genuen. Final laurdenetan titular izan nintzen, eta ordezko final erdian eta finalean. Zoritxarrez galdu egin genuen Stade Toulousain-en aurka. Ordurako talde handia zen hura.

Eta orduan beste erabaki harrigarri bat. Nola ulertzen da eliteko kirolari batek, hogei urterekin, bere kirola uztea?
Arrazoi desberdinak izan ziren tarteko. Beglesen pasatako bi urteetan komertzio ikasketak egin nituen, errugbian ere gorabehera batzuk izan genituen, eta egun batean Quiksilverretik deitu zidan norbaitek, zera esateko: "Peio, nahi al duzu Quiksilverren sponsoringaz arduratu?". Ni haurra nintzenean surferako Quiksilverrek sponsorizatu ninduen eta orain hesiaren beste aldera pasatzea proposatzen ari zitzaizkidan. Alegia, ni izango nintzen gazteak aukeratzeaz eta sponsorizatzeaz arduratuko nintzena. Harrigarria bada ere, aste betean dena aldatu zitzaidan. Egia esan ez zen erraza izan, Beglesen oso lagun handiak nituen, kontraturik ez genuen oraindik baina errugbia orduan ari zen pixkanaka kirol profesional bihurtzen, apartamentua ordaintzen ziguten, eskoletan sartzen ere laguntzen ziguten, baina egunetik biharamunera errugbia baztertu eta etxera itzuli nintzen lanera. Nahiz urte batez Baionako Avironen aritu nintzen, lan batean aritzea eta errugbian goi mailan segitzea ezin nitzakeen uztartu.

Surfean olatu handietan nabarmendu zara. Zerk erakartzen du norbera baino bi-hiru aldiz handiagoak diren olatuetara? Muga-mugako arriskuak? Sentsazio bereziek? Plazerra horretan al da?
Zaila da hitzez azaltzen. Ni txikitatik erakarri izan naute olatu handiek, agian gutxitan gertatzen den fenomenoa delako, bakana izate horrek ematen dio xarma. Kalitate handiko olatuak eta tamaina handikoak aurkitzea oso arraroa da, orduetan eta egunetan egoten gara zain, itsasoari begira horiek noiz etorriko. Baina beste aldetik erronka bat ere bada, arrisku bat hartzea, eta horrek erakartzen zaitu. Horrela badira olatu batzuk oroitzapenetan betiko iltzatuak gelditzen direnak, maitemintzen zaituztenak... Azken finean sentsazio berezia da itsasotik datorren eta itsasoan tanpez desagertuko den energia horretaz baliatzea. Gainera, inoiz ez da berdinik jaioko, olatu bakoitza bakarra baita. Harrapatu eta baliatzen baduzu, zorionekoa zu.

Bakana, maitemintzen zaituena... Olatuaz ari zarenean badirudi pertsona batez ari zarela hizketan.
Aski harrigarria da surflari guziak saiatzen direlako olatuei gizakiei dagozkien adjektiboak jartzen, pertsonifikatzen: "Olatu zitala" "polita olatua" "olatu gaiztoa"... Ederra da hori, baina aldi berean olatu batek azpian hartu zaituenean eta zurekin jolasean dabilenean alde guztietara itzularaziz, ohartzen zara naturaren indarra benetan bortitza dela. Konturatzen zara haren atzean ez dagoela sentimendurik, eta borroka egin behar duzu haren kontra.

Egoera horietan ez duzu inoiz beldurrik sentitu izan?
Beldurra, benetako beldurra, inoiz ez. Oroitzen naiz hamar urterekin Hendaiako hondartzan bi metroko, edo agian gehiagoko olatuetan inpresionaturik ibiltzen nintzela. Hala ere, benetako beldurra, non esaten duzun "nireak egin du...", inoiz ez dut sentitu. Eta beharrik, benetako beldurra pasatzen duzun egunetik aitzina bi aldiz pentsatzen hasten baitzara. Baina, badira momentuak halako hotzikara bat sentitzen duzunak, eta beharrik horri ere. Azken finean beldur gehiegi ez da ona, baina pixka bat bai, arrisku itsuak ez hartzen laguntzen dizulako. Oinarrian beldurra giza instinto natural bat da, eta zu babestera etortzen da arrisku handiko uneetan, beraz orain hartzen hasi garen olatu izugarri horietan ona da beldur pixka bat eduki dezagun guk ere ez ahazteko leku arriskutsu batean gaudela, bizitza urratu lezakeen leku batean. Ez baita hain tentela izan behar, bizitzak bizitzea merezi du.

Olatuek sekulako erakarmen indarra dute edo arra handiren batek egon behar du zure baitan, bizitza urratu lezaketela jakin eta hala ere joan egin behar...
Surfa adikzioa sortzen duen kirola da, berriro hasteko gogoa sortzen dizuten sentsazioak eta esperientziak dira. Eta bestalde, olatu handi horiei dagokienez, hain aspalditik zaude horien zain, hainbeste itxaron dituzu, iristen direnean ezin duzula beste nonbait egon, ezin dituzu huts egin.

Kontatu nola hasi zen Belharraren istorioa.
Ni txikia nintzenean hasi zen, edo ni baino lehenago. Belharra arrantza gune bat da, Itsasoko mapek beti kokatu izan dute oso gune arriskutsu bezala, sagailo handiko egunetan sekulako olatuak sortzen baitziren. Ziburu eta Donibane Lohizuneko arrantzaleek ezagutzen dute leku hori. Badira izugarrizko istorioak Belharran marinelei gertatuak, heriotzak tarteko.
Ni haurra nintzela eta gurasoekin autoan Hendaiatik Donibanera joaten ginenean kostako bidetik, egun batzutan itsaso erdian olatuak ikusten nituen eta ez nuen ulertzen. Niretzat olatuak itsas ertzeko kontua ziren, eta han urrutian apar txuri handi hura hausten ikustean "zer arraio da hori?" pentsatzen nuen. Pixkanaka, amets egiten hasi nintzen olatu haiei begira.
Beglesetik Euskal Herrira itzuli eta olatu handietan trebatzen hasi nintzenean egun batean olatu haiek hartu ahal izango nituela pentsatzen jarri nintzen. Max Larretxe izeneko lagun batekin moto akuatikoaren laguntza bidezko surfaren teknika landu nuen. Mototik ateratzen den soka batek abiadura hartzen laguntzen dizu, eta behin olatuan sartzean soka askatu eta zu moldatzen zara olatuarekin. Bitarte horretan, bi urtez Sokoan bizi izan nintzen eta nire gelatik, leiho batetik itsasoa eta Belharrako olatuak aurpegiz aurpegi ikusten nituen. Begira egoten nintzen, eta egun batzutan olatuak izugarriak ziren. Orduan pentsatu nuen zinez polita izango zela noizbait olatu haiek surfeko oholarekin hartzea.
Horrela, lehenik lagunei komentatzen hasi nintzen, hitz egiten. "Begira, uste dut Hendaia eta Donibane Lohizuneren artean badela leku bat zerbait egin genezakeena". Baina jendearentzat Hendaia olaturik gabeko hondartza da eta olatu handiez hitz egin eta Hendaia eta Donibane Lohizune aipatzea ez dira ongi uztartzen. Ez zuten serio hartzen. Urtebete baino gehiago joan zen horrela, eta 2001eko egun batean, ni Kanarietara nindoan lanera baina banekien egun hartan sagailo handia egongo zela, eta Belharrarentzat egun ona izango zela. Orduan Max Larretxeri eta Hossegoreko lagun bati deitu, eta esan nien: "Lagunak, uste dut gaur Belharran olatu festa handia izango dela, eta hobe zenukete ikustera etorriko bazinate". Betiko erantzuna: "Zure olatu horrekin zenbat kontu...". Baina astun samarra izan nintzen, eta etorri egin ziren. Itsas ertzetik kilometroetara beren begiekin ikusi zituztenean Belharrako olatuak nola lehertzen ziren txundituak gelditu ziren. Hor abiatu zen beraz nire ametsa betetze bidean aurrera.
Azkenean 2002ko azaroaren 10ean ausartu ginen. Ziburuko portuan uretan sartu ginenean bagenekizkien marinelei gertatuak, eta gu han gindoazen moto akuatikoa eta oholarekin leku beldurgarri hartara. Ziburu parean pasa eta begira jartzean itsaso erdian mendiak ikusten genituen. Hura zen Belharra. Gainera egun hartan haize asko zebilen eta ez dakit uste genuen baino handiagoak ez ote ziren olatuak, baina begi aurrean ikustean are handiagoa dirudi denak. Lehen saio hura ikusgarria izan zen. Olatuak hartu eta berriz itsas ertzera, lurrera itzuli ginenean amets batean bezala geunden. Esperientzia handiko surflariak izan arren, inoiz ez genuen begien aurrean halako olaturik ikusi. Bagenekien zerbait handia egin berri genuela.

Zenbat neurtzen zuten?
Zortzi metro-edo... Baina hori anekdota bat besterik ez da, ez zait gustatzen joko horretan sartzea. Hori Hawaiiko kulturaren barruan sartzen den zerbait da, metroak esan eta jendea harritu nahi izatea. Hango olatuak handiak dira benetan, bai, baina handiagoak egiten dituzte hizketan. Hawaiien olatuen neurriei dagokienez, edo metro eta erditik beherakoak dira, edo lau metrotik gorakoak. Ez dago tartekorik. Gureari dagokionez, nik esango nuke hiru-lau metrotik gorako olatu denak izugarriak direla, eta Belharrakoak hori baino dezentez handiagoak zirela.

Eta arriskuak zenbat neurtzen du?
Egia esan ez dakigu gehiegi, galdera ikurrak besterik ez ditugu. Baina Tahitiko Teahupooko olatu ezagunetatik, edo Hawaiiko Mavericks edo Waimeako olatuetatik ezberdina da. Horiek surf leku izugarri ezagunak dira, eta Belharra ez dago horien mailan, baina hurbiltzen hasten zaie. Teahupoo, Waimea eta horiek arriskutsuak dira olatu handiak daudelako, baina batik bat azpian arrokak dituztelako. Belharran ere arrokak daude hondoan, baina sakonera handia dago, beraz ur azpian harriekin topo egiteko arriskua ez da hainbestekoa. Hori dela eta Belharran bigarren saioa izan genuenean polemika handia sortu zen. Hawaiiko jendea erretxindurik zegoen Europan hain olatu handiak aurkitu genituelako, eta orduan egindakoa gutxiesten hasi ziren, "erraza da Belharrakoa, ez baitago arriskurik". Baina Peter Cole izeneko amerikar batek, Hawaiien olatu handietako leienda bat izateaz gain, zientifikoa eta fisikaria denak, azkar isildu zituen kexa haiek guztiak. Colek nik ez nekien zerbait azaldu zuen, sakonera handiko uretan lehertzen ziren olatuak besteak baino arriskutsuagoak zirela. Izan ere, sakonera handi horrek zirimola askoz ere gehiago sortzen du, eta zirimola gehiago egoteak esan nahi du ur azpian askoz denbora gehiagoan eduki zaitzakeela olatuak, minutu bat baino gehiago. Eta ur azpiko minutu bat, ez da norbere bainuan minutu batean burua ateratzeko zain egotea.

Zer da ba olatuak zapaltzean ur azpian gertatzen zaizuna?
Askotan egiten dut konparaketa animaliekin olatu azpiko zirimola azaltzeko. Zuk pentsa ezazu txoria zarela, baina ez duzula txoriek izaten duten orientatzeko eta espazioan kokatzeko dohainik. Lanbroan barrena zabiltza, mendian ezagutzen ez duzun leku batean, galduta. Beraz, hegan zoaz, galduta, ez duzu ezer ikusten, eta gainera ezin zara orientatu. Nahiko angustia izan behar du. Horri gehitzen badiozu alde guztietara astintzen zaituen indar bat duzula gainean, eta gainera ezin duzula arnasarik hartu, uste dut uler litekeela gutxi gorabehera olatu azpian zer sentitzen den. Baldintza horietan minutu bat baino gehiago egiteak gogorra behar du izan. Eta, zoritxarrez, serie baten hasieran tokatzen bazara, eta ez bazara garaiz errekuperatzen, haren atzetik beste olatu bat datorkizu, eta agian beste bat. Oso dramatikoa izan daiteke. Belharran arrisku hori badago, baina espero dut inoiz gertatuko ez diren gauzak izatea.

Hiru urte dira Prestigena gertatu zela. Zu itsasora askotan ateratzen zara, nola dago orain?
Nik itsasoa oso garbi dagoela atzematen dut. Aitortu behar dut Prestigen afera urrunetik bizi izan nuela Ingalaterran bainintzen urte hartan. Eta niretzat badu beste alderdi bat ere. Hain zuzen Prestige hautsi zuen itsasoaren indar hari esker iritsi zitzaizkigun Belharrara hainbeste denboran zain geunden olatuak. Kuriosoa da. Dena den, ni lehengo urteko irailean itzuli nintzen Ingalaterratik eta hondartzak garbi aurkitu ditut. Egia da beltzune batzuk ikusten direla zenbait harritan baina bainatu gaitezke, eta nahiz Prestigetik gasolina xurgatzen segitu behar den, niretzat istorio hura bukatua dago.

Zorionak eman beharko zaizkie hondartzak garbitzen aritu zirenei.
Ez dakit ba. Ikusten dudanean zenbat diru xahutu den hondartzak garbitzeko eta ikusten dudanean nola egina izan den lan hori, bihotzean min ematen dit. Arroketako beltza garbitzen presiozko mangerekin ibili dira, eta horiek petrolioaren beharra dute martxatzeko. Gainera zikina kentzeko erabili den ur hori guztia berriz itsasora joan da, eta orduan ea garbiketa horrek zertarako balio duen galdetzen diot nire buruari. Horrek izorratzen nau. Kasualitatez, justu Prestigerena gertatu zen une berean ingurumenaz liburu bat irakurtzen ari nintzen, Biorn Lomborg izeneko batek idatzia »"ingurumenarekiko eszeptikoa"» eta nahiko hauts harrotu duena. Bertan azaltzen zuen, eta Prestigena ikusi ondotik nik uste ez dabilela oker, Exxon-Valdes bezalako katastrofeetan edo Alaskako katastrofeetan bost urteren ondoren zer ikusten den. Bost urteren ondoren presiozko mangerekin garbitu ziren gune guziak garbi zeuden, baina itsasoko landaretza ez zen berriz hazi. Aldiz pertsonarik sartu ezin eta garbituak izan ez ziren leku guzietan, alde batetik denak garbiak ziren eta gainera landaretza berriz hazia zegoen. Ez dut esan nahi bere kabuz utzi behar zaionik denari, baina Prestigekin uste dut diru asko xahutu dela alferrik eta parte bat gordetzen ahal zela ingurumenarentzat eraginkorragoak diren gauzak egiteko. Izan ere planeta hau denentzat berdina da, eta gu gure aldetik hondartzak garbitzen saiatzen bagara, baina planetaren beste aldean askoz gauza ustelagoak gertatzen ari badira ez goaz inora. Gainera argi da ingurumena ez dela politikoen agendetan lehentasuna duen gaia. Beraz maite duenak, bakoitzak bere mailan egin beharko du ahalegina.

Bixente Lizarazu, anaia
»Nahiko goiz bereizi ginen, Bordelera joan zenean berak hamalau urte zituen eta nik zortzi, beraz ezin izan dugu anaia arteko harreman ohikoa izan. Hala ere, askotan topatzen gara, biek ere surfa asko maite dugu, eta askotan joaten gara surfera. Nik futbola aldiz, ez dut hainbeste segitzen. Munduko txapeldun izan zenekoa berezia izan zen etxean, eta ni ere han nintzen Parisen, baina nire anaia ez baldin bazen izan ez dakit finala ikusiko ote nuen».

Surfa kirola baino gehiago
«Irristatze kirolen inguruan moda handi bat zabalduta dago, Europa mailan, Ingalaterran zenbait saiakera izan ziren, baina hemen inguruan hasi zela esan daiteke, Biarritzen, Hossegoren... Hortik sortu ziren Quiksilver bezalako enpresak, eta lagun asko enplegatzen dituzten enpresak bihurtu dira orain. Ni bezalako gazteei etxean lan bat edukitzea eta aldi berean bidaiatzea ahalbideratzen digu, eta zortea dugu».

Nortasun agiria
Peio Lizarazu 1975ean jaio zen Hendaian. Gaztetan kirol gehienak probatua, errugbiaren bideari heldu zion lehenik. Begles taldean lehen mailan aritu zen hogei urterekin, baina Quiksilver jantzi enpresak lana eskaini zion, eta hari baiezkoa emanik surfaren mundura itzuli zen. Komertzioan egindako ikasketak baliaturik, Bordelen lehenik eta orain gutxi Ingalaterran sakonduak, Quiksilverren team-manager bezala ari izan zen urtetan, eta orain komertzial bezala dihardu. Surf ingurua ofizio eta surf mundua afizio, olatu handietan nabarmendu da, eta 2002ko azaroan munduko olaturik handienetakoak aurkitu eta gozatu zituen Hendaiatik Donibanerako itsasoan, Belharra izeneko itsas gunean.

Bertsoa

Doinua: Sastarretik hasita

Ametsak ezin inoiz
urrundu kostatik
olatuetan txori
izateagatik.
Azpian zirimolak
daudela badakik,
beraz ez jaitsi inoiz
olatuetatik.


ASTEKARIA
2004ko irailaren 12a
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude