argia.eus
INPRIMATU
Erromeriak berpizteko jaiak
2004ko uztailaren 11

Erromeria Egunak

Erromeria Eguna 1999an egin zen lehenengoz Errenterian, Ereintza dantza taldeak eta Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatuta. Fandango eta arin-arin ikastaroak egiten dira egun horren aurretik, dantzak ikasi nahi dituen edonorentzat. Hasierako helburua bikoitza zen: kaleko jendeari dantzan erakustea eta herri-dantzen inguruan erromeria giroko jai handi bat antolatzea. Erromeria Eguna urtero egiten da Errenterian, aurten uztailaren 17an izango da. Bergaran ere Erromeria Eguna egiten dute. Aurten, ekainaren 12an Bergara Dantzara antolatu zuen Abarka Dantza Taldeak Xamatzen laguntzaz. Kalejirak, dantza-ikuskizunak, bazkari herrikoia eta arratsaldean dantzaldia izan ziren Bergaran. Ez zen jende asko bildu, baina plazaratu zirenek gogotik egin zuten dantza. Abarka dantza taldeko Juan Mari Basartek esan digu bergararrak beste eskualdeetan baino hotzagoak direla plaza girorako, baina bertaratu zenak ikusiko zuen herriko jende askok, ama-alaba batzuek tartean, bereziki alaitu zuela Bergarako enparantza nagusia.

Jalgi Hadi Dantzara
2002an, Euskal Dantzarien Biltzarrak erromeria nazionala antolatu zuen Bergaran, Bergarako Moises Azpiazu taldearekin batera, Jalgi Hadi Dantzara izenburuarekin. Euskal dantza tradizionalak berreskuratzea izan da ekitaldiaren helburua. Bigarren Jalgi Hadi Dantzara saioa Berrizen izan da, ekainaren 26an, Iremiñe dantza taldeak antolatuta. Hurrengoa, berriz, Amurrion egingo dute. Aurtengoan Xabier Amuriza izan da aurkezle eta ohorezko laguntzaile. Dantzari eta musikarien artean, berriz, Tapia eta Leturia, Jon Gaminde, Izer eta Larrañaga izan dira. Dantza ikuskizunak, herri bazkaria eta arratsaldean erromeria izan ziren, besteak beste.

Bilbo Dantzan
Bilboko hainbat auzotan ere orain dela asko hasi zuten erromeriak berreskuratzeko lana. 2001ean, Bizkai Folklore Elkarteak Bilbo Dantzan ekimenaren barnean bildu zituen lehendik martxan zeuden hainbat ekitaldi. Areatzan, Deustun eta Arriagan ere erromeriak egiten dituzte tarteka.

Zerain Dantza Zain
Zeraingo Herriak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak elkarlanean urte osoko erromeria ziklo bat jarri dute martxan: Zerain Dantza Zain. Urte osoko proposamena da eta bederatzi erromeria antolatu dira herriko festa berreskuratu asmoz. Trikitixa eta dantzak sustatu dira horretarako. Dantza irakaslearen figura ere hartu dute jendea dantzara animatzeko. Otsailaren 1ean hasi eta hainbat saio izan dira orduz gero. Oso harrera ona izan dute eta hurrengoak, irailaren 19an, urriaren 24an, azaroaren 14an eta abenduaren 19an antolatuko dituzte, Zeraingo elizaren atarian.